'Sea Watch 3'-k Salvini desafiatu du, eta Italiako portu batera joan da

Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituen ontzia porturatu ezinda egon da hilaren 12az geroztik, uretatik 53 pertsona atera ondoren. Barne ministroak neurriak hartzeko mehatxua egin du
<em>Sea Watch 3</em> ontzia Italiako Lampedusa uhartera hurbiltzen, atzo. Mediterraneoan erreskatatu zituen 42 pertsona zeramatzan.
Sea Watch 3 ontzia Italiako Lampedusa uhartera hurbiltzen, atzo. Mediterraneoan erreskatatu zituen 42 pertsona zeramatzan. ELIO DESIDERIO / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko ekainak 27
Ekintza zuzena. Bide hori hartu du Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeak Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzeari ezarritako debekuen eta eragozpenen aurka. Sea Watch 3 ontziak Italiako Gobernuaren debekuari entzungor egin, eta, bi astez itsasoan noraezean egon ondoren, Lampedusa uhartera joatea erabaki zuen atzo, itsasotik erreskatatu zituen 42 migratzaileen egoerari irtenbide bat emateko. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak bultzatuta, dekretu bat indarrean sartu da hilabete honetan, debekua urratzen dutenak zigortzeko. Carola Rackete Sea Watch 3-ko kapitainak, ordea, horri aurre egitea erabaki du. Atzoko egunak ondorioak izanen ditu erreskateen gatazkan.

Lampedusa uharteko uretan sartu zenetik, Sea Watch 3 Italiako kostazainek zainduta hurbildu zen lurrera, eta iluntzean zen porturatzekoa. La Repubblica egunkariaren arabera, portuan carabinieri-ak eta poliziak zeuden ontziaren zain. Salvini hagitz haserre zegoen. «Italiako herritar gisa, neure buruari galdetuko nioke ea norbait atxilotu behar ote den, postu bat edo hesi bat bota izan balute bezala baita», adierazi zuen sare sozialetan. EB Europako Batasunari ohartarazi zion «Italiarekin interes falta eta utzikeria erakusten jarraitzen badu», Italian porturatzen diren migratzaileak identifikatzeari utziko diotela, «nahi duten tokira» joan daitezen. Eta bereziki Herbehereekin agertu zen haserre; izan ere, Sea Watch 3-k herrialde horren bandera duenez, Salvinik uste du hari dagokiola itsasoan erreskatatzen dituenez arduratzea.

Ontziak 53 pertsona erreskatatu zituen hilaren 12an; Libiatik itsasoratu ziren. Handik hiru egunera, Italiako kostazainek ikuskatze bat egin zuten ontzian, eta hamar migratzaile eramatea erabaki zuten, osasunez gaizki zeudelako —joan den larunbatean bertze bat gehiago eramatea erabaki zuten—. Italiak, ordea, uko egin zion ontzia hartzeari, eta, herenegun, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman zion Erromari; hau da, itsasoko legearen arabera, uretan laguntza emateko betebeharra dagoela, baina ez porturatzen uztekoa. Sea Watch, ordea, ez dago ados interpretazio horrekin, eta ekintza bururatuen bidea hartu du.

Urtebete ontziei jazartzen

Duela urtebete, Salvinik Italian porturatzea debekatu zion Mediterranee GKEaren Aquarius ontziari, eta noraezean utzi zuen, 600 pertsona baino gehiagorekin. Erreskate ontziei deklaratu dien gerraren hasieran izan zen, eta, mehatxuen eraginez, ia hutsera murriztu da migratzaileak laguntzera ateratzen diren ontzien kopurua.