Munduan 50 milioi desplazatu daude, inoizko kopururik handiena

Gatazken ondorioz euren etxeak utzi behar izan dituzte lekualdatuen gehienak: 45,7 milioi. Erakundeak beldur dira atzeraldi bat egonda iheslarientzako laguntzak nabarmen murriztuko direla

Desplazatu talde bat atseden hartzen, Labuanen, Indonesian. ZULKIFLI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Duela bi urteko egoerarekin alderatuta, hamar milioi desplazatu gehiago izan ziren iaz. IDMC Barne Desplazatuak Behatzeko Zentroaren arabera, 50,2 milioi barne desplazatu zeuden iazko urte amaieran mundu osoan. Horietatik ia gehienak, 45,7 milioi, gatazketatik ihesi joan ziren etxetik, eta gainontzeko 5,1 milioiak, natur hondamendien ondorioz. «Inoizko kopuru handiena da», ohartarazi zuen atzo Alexandra Bilak erakundeko zuzendariak.

Gatazken ondorioz desplazatu direnak 61 herrialdetan banatzen dira, gehienbat Saharaz hegoaldekoetan, non indarkeriak gora egin duen azken hilabeteetan. Somaliako eta Hego Sudango gerrek, adibidez, ihes egitera behartu dituzte ehunka milioi herritar.

Asia eta Ozeano Barearen inguruetan, aldiz, natur hondamendiek eragin dute desplazatu gehien. Indiaren, Filipinen, Bangladeshen eta Txinaren kasuan, esaterako, hondamendiek lau milioi desplazatu eragin dituzte azken urtean, nahiz eta horietako gehienak gobernuen aginduz lekualdatu. Afrikan ere badute eraginik natur hondamendiek: martxoan, Mozambike jo zuen Idai zikloiak, eta milaka lagun utzi zituen etxerik gabe; iazko urte bukaeran haietako asko behin-behineko kanpalekuetan zeuden oraindik ere.

Adinari dagokionez, txostenaren arabera, 5 urtetik beherako 6,6 milioi haur bizi dira behin-behineko desplazatuen kanpalekuetan. Beste 11,7 milioi 5 eta 14 urte artekoak lirateke. Kanpalekuetan bizitzeak, gainera, oinarrizko heziketa jasotzeko oztopoak dakartza. Adinekoen kasuan ere arazo gehigarriak eta larriak ekar ditzake desplazatuta egoteak, ez baitute baliabide ekonomikorik behin lanerako gai ez direnean, eta maiz ezta osasun arretarik ere.

Krisialdiaren ondorioak

Iazko urrian NBE Nazio Batuen Erakundeak barne desplazatuentzako batzorde berezi bat osatu zuen, eta aurtengo otsailean egin zuen hark lehen bilera. Egoeraren azterketa egitea eta NBEko idazkari nagusiari aholku sorta bat ematea zen haien lehen helburuetako bat, hortik desplazatuentzako irtenbide eta baliabideak antolatzeko.

Koronabirusaren krisiak, ordea, krisi ekonomikoa ekarri du berekin, eta horrek laguntza ekonomikoak gutxitzea eragin dezake. Egoerarekin kezkatuta agertu zen Bilak: «Atzeraldi batean sartzen bagara, herrialde diru-emaileek gutxiago emango dute. Egoera gogorra izango da».

Izan ere, 18.460 milioi euroko kostua dute desplazatuok nazioartearentzat. Adibide batzuk jartzearren, Siriako gerrak eragindako desplazatuekin lotutako gastua 39.700 milioi eurokoa izan da zortzi urteotan; Irakekoena, berriz, 18.460 milioi eurokoa izan da, 2009az geroztik. Kontuan izanik gatazkatik ihesi joan arren gatazkan dagoen herrialdean geratzen direla iheslariok, horien oinarrizko beharrak asetzea eta segurtasuna bermatzea ahalegin handia izan ohi da herrialdearentzat.

«Barne desplazatuak egoera oso ahulean dagoen jendea izan ohi dira; gainezka eginda dauden behin-behineko kanpalekuetan bizi dira, eta osasun arreta lortzeko aukera gutxi edo batere ez dute. Bizi dugun krisiak are ahulago egingo du euren egoera, lehen baino baliabide gutxiagorekin utziko baititu», nabarmendu zuen IDMCko buruak. Bilakek azaldu zuenez, desplazatuekin lan egiten duten hainbat erakundek dagoeneko salatu dute gobernuek oztopoak jarri dizkietela giza laguntza banatzeko.

«Argi dago ezin dugula desplazatuen auzia gobernuz kanpoko laguntzen esku utzi. Haien beharrak asetzeko beharrezko aurrekontua giza laguntzarako NBEko erakunde gehienena baino nabarmen handiagoa da», ohartarazi zuen Bilakek. Haren esanetan, estrategia zehatzak behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.