Bolsonarori «erailketa masiboa» egoztea proposatu du Senatuak

Ikerketa batzorde batek, behin-behineko txostenean, ondorioztatu du Brasilgo presidentea gizateriaren kontrako krimenen erantzule dela, pandemiaren aurrean «arduragabe» jokatzeagatik

Manifestari talde bat Bolsonarok koronabirusaren pandemiaren aurrean egin duen kudeaketarengatik protestan, urriaren 8an, Brasilian. JOÉDSON ALVES / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Brasilgo Senatuko ikerketa talde batek gizateriaren kontrako krimenak egotzi nahi dizkio Jair Bolsonaro herrialdeko presidenteari, COVID-19aren pandemiaren aurrean hartu zituen erabakiak milaka herritarren osasunaren kontrakoak izan zirela iritzita. Bolsonarok koronabirusa herrialdean hedatzen utzi zuen, biztanleriak taldeko immunitatea lortu eta ekonomia ahalik eta azkarren suspertze aldera. Baieztapen hori egin zuen batzordeak atzo aurkeztu zuen mila orritik gorako txostenean. Idatzia zirriborro bat da oraindik, eta batzordeak datorren asteartean bozkatuko du hura onartu ala ez. Senatariek haren edukia molda dezakete behin betikoa onartu baino lehen. Hala ere, albisteak Brasilgo agertoki politikoa aztoratu du dagoeneko.

Batzordearen arabera, Brasilgo presidenteak «kontzienteki» erabaki zuen koronabirusaren kontrako txertoen erosketa atzeratzea, eta inolako beharrik gabe kondenatu zituen milaka herritar heriotza goiztiarrera. «Egoeraren matematika argia zen: gero eta kutsatze gehiago, orduan eta heriotza gehiago. Txertorik gabe heriotza tasa izugarria espero zitekeen, eta horrelaxe gertatu zen».

Bolsonarori 11 delitu leporatzen dizkiote zirriborroan, eta lau ministro eta beste 61 lagun ere erantzuletzat jo dituzte. Presidenteari egozten dizkioten delituen artean dira gizateriaren kontrako krimenak, diru publikoaren erabilera okerra, prebarikazioa eta osasun publikoaren kontra jardutea; azken hori COVID-19aren kontra eraginkortasunik ez duten sendagaiak erabiltzea sustatzeagatik. Presidenteak malariaren kontrako hidroxiklorokina sendagaiaren aldeko apustu «tematia» egin zuen, txostenean diotenez, nahiz eta horretarako oinarri zientifikorik ez izan.

Agerikoa da presidenteak zientziaren ondorioen kontra zabaldutako diskurtsoak eragin zuzena izan zezakeela herritarren portaeran, baina txostenean larritasun handiagoa aitortu diote Bolsonarok muzin egin izanari COVID-19aren kontrako txertoak erosteko aukerei. «Txerto ugari eskuragarri egon arren, horiek ez erostea erabaki zuen gobernu federalak. Txertoen eraginkortasuna eta segurtasuna frogatu zuten azterketa zientifikoen kontrako erabakia izan zen, eta txertoak bizitzak salbatuko zituztela egunero errepikatu zuten epidemiologoen aurkakoa».

Koronabirusaren pandemia 2020ko otsailean hasi zen hedatzen Brasilen, eta joan den ekainean lortu zuten haren eragina mugatzen hastea. Batzordeak adierazi du Bolsonaroren gobernuak aurtengo urtarrilera arte eutsi ziola txertoak ez erosteko erabakiari. Atzerapen horrek «txerto horiek erabil zitzaketen milaka brasildarren heriotza» eragin zuela ondorioztatu du ikerketa taldeak.

Bolsonarori kudeaketa arduragabea egozten diote zirriborroan, txertoak ez erosteko erabakia «funtsik gabeko uste» batean oinarritzeagatik: «kutsatze naturalaren bidez talde immunitatea» lortuko zela eta «koronabirusarentzako tratamendu goiztiarrak bazirela».

60 lagunek beren lekukotza eman dute ikerketa batzordearen aurrean. Besteak beste, presidentearen gertuko hainbat agintarik; zenbait, Osasun ministro izandakoak. Horien adierazpenek ez diote batere lagundu Bolsonaroren irudiari. Esaterako, Luiz Henrique Mandetta Osasun ministroak ziurtatu zuen presidentea jakitun zegoela beren kudeaketak «heriotzak» eragin zitzakeela «eskala izugarrian».

Bolsonarok behin eta berriz ukatu ditu leporatzen zaizkion delituak, eta salatu izan du bere kontrako ikerketa bere agintea eragozteko konplot bat dela. Presidentearen kritikoek, ordea, uste dute koronabirusaren arriskua gutxietsi zuela, osasun adituen argibideei entzungor egin ziela eta neurri eraginkorrak hartzeari uko egin ziola. Bolsonaroren kudeaketak eragindako haserreak Senatuan ikerketa batzorde bat abian jartzera bultzatu zuen, joan den apirilean.

Senatuak txostena onartuko balu, fiskaltzaren esku utziko luke, eta haren ardurapean geldituko litzateke leporatzen zaizkion karguak epaitegietara bideratzeko erabakia. Zirriborroa onartu ala ez, zaila izango da salaketak Bolsonaroren kontrako kargugabetze prozesu bat abiaraztea. Presidentea agintaldiaren hirugarren urtean dago, eta datorren urteko urrian egingo dira presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak.

Dena den, baliteke halako karguen zamak eragin politiko esanguratsua izatea boz horietan, Bolsonaroren kalterako, hainbat analistaren ustez. Txostenak oposizioaren diskurtsoa indartzea espero dute. Inkestek Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohia jotzen dute faboritotzat, nahiz eta oraindik ez duen hautagaitza aurkeztu —2022ko martxoan edo apirilean iragarriko du aurkeztuko den ala ez—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.