Koronabirusa

Europar Kontseiluak agintariei eskatu die txertaketa bizkortzeko

Frantziako Gobernuak ateak itxi dizkie Erresuma Batuko bidaiariei. Italiak PCR negatiboa eskatuko die atzerritarrei. Londresek beste 88.376 kasu jakinarazi ditu

Osasun langile bat COVID-19aren aurkako dosi bat prestatzen, Frankfurten, Alemanian. CONSTANTIN ZINN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Europan, herritarren herenak txertatzeke daude oraindik, eta ospitaleratuak gero eta gehiago dira. Horiek hala, COVID-19aren aurkako neurriak hizpide izan zituzten atzo Europar Kontseiluaren goi bileran. Zehazki, txertaketa bultzatzeko neurriak eskatu zizkieten EB Europako Batasuneko estatuburuei, baita estatuen arteko elkarlana bultzatzeko asmoa berretsi ere. Bilerak, baina, huts egin zuen batasun irudia emateko orduan, Portugalek eta Italiak aurrez iragarri baitzituzten Europako bidaiarientzako neurri murriztaileak.

Italiak iragarri zuen bidaiariek euren herrialdetik irten aurretik egin beharko dutela koronabirus proba, eta txertatu gabekoek bost eguneko berrogeialdia bete beharko dutela. Neurriok astelehenean sartuko dira indarrean, eta EBko herritar guztiei eragingo diete —orain arte, nahikoa zen txertaketa ziurtagiria aurkeztea—. EBtik kanpokoek berrogeialdia egin beharko dute nahitaez.

Erresuma Batuko bidaiariek ere ezingo dute bidaiatu bihartik Ipar Euskal Herrira, eta itxita aurkituko dituzte Frantziarako sarrera guztiak. Hala iragarri zuen Parisek, bi estatuen arteko bidaiak eten egingo direla, lanarekin lotutakoak ez badira. Araua ez dute bete beharko frantziar herritarrek eta haien bikotekideek. Erresuma Batuak orain arteko kutsatze kopururik handienaren berri eman zuen egunean iragarri zuen neurria Emmanuel Macron presidentearen gobernuak —Londresek 88.376 kasu jakinarazi zituen atzo; duela bi aste baino %67 gehiago—.

Bestalde, Europar Kontseiluak onartu zituen neurri bakanetako bat izan zen COVID ziurtagiriak bederatzi hilabetean iraungitzeko proposamena —ziurtagiria berriz indarrean sartuko litzateke erabiltzaileak hirugarren dosia hartzean—, eta hori ere «aurrerago» berretsiko dutela esanda. Bestalde, kritika egin zieten beren kabuz bidaiak mugatzea erabaki zuten herrialdeei.

Italiako lehen ministro Mario Draghik kideen azalpen eskeei erantzun zien, eta defendatu egin zituen Erromak hartutako neurriak. Gobernuburuaren esanetan, gaur-gaurkoz Italian ez dago horren zabaldua omikron aldaera, eta egoerari bere hartan eusteko asmoz hartu dituzte aurretiazko neurriak. Draghik, ateak itxita egindako agerraldian, gogorarazi zien Italian 135.000 hildako eragin dituela pandemiak, eta egoera ekonomikoa ere ez dela batere ona —barne produktu gordinak %9 egin zuen behera iaz—.

Kritikak kritika, estatuburuek ez zuten aukera galdu beren burua txalotzeko, eta nabarmendu zuten EB dela txertoen «emaile eta esportatzaile nagusia». Izan ere, Europar Kontseiluaren arabera, «banaketa arazoak» daude, eta horregatik ez dira iristen nahikoa txerto hegoaldeko herrialdeetara. Hori oinarri hartuta, erakundeak «ahalegin handiagoa» eskatu zien estatuburuei, hartutako konpromisoak bete ditzaten.

Herritarren %56,5ek hartu dute COVID-19aren aurkako dosiren bat mundu osoan; baina soilik %7,5ek hegoaldeko estatuetan. Horietan, eta batez ere Afrikako estatuetan, gobernu eta estatuburuak kexu dira estatu aberatsek ez dizkietelako bidaltzen hitzemandako txertoak. Munduko Bankuak berak datu argigarri bat emana du aste honetan: egungo egoera aldatu ezean, Burundik 3.214an edukiko ditu txertatuta herritarren %70.

Kontuz ibiltzeko deia

Hans Henri Klungek, OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europarako ordezkariak, eskatu zuen badaezpadako neurriei eusteko. Osasun egoera zer-nolakoa den aintzat hartuta, kezkatuta agertu zen Klunge, eta txertatzeko eskatu zien herritarrei.

OMEk aholkatu zuen lagunekin edo senideekin bildu aurretik test bat egiteko, eta, ahal dela, talde txikitan biltzeko, baita distantziak errespetatzeko, jende pilaketetan ez ibiltzeko eta maskara erabiltzeko ere. «Asko aurreratu dugu iaztik. Badakigu nola egon seguru, eta nola zaindu gure ingurukoak. Hori ez da aldatu omikronekin. Aldaera hori baino lehen ere, larrialdi egoeran zegoen Europa», nabarmendu zuen Klungek. Erakundeak neurri gehigarriak eskatu dizkie azken egunetan gobernuei, eta ohartarazi txertoa bakarrik ez dela nahikoa pandemia moteltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.