HDP alderdi kurduko 40 alkate kargugabetu ditu Turkiak azken urtean

Astea hasi zenetik HDPko zortzi alkate kendu dituzte kargutik, eta Ankarak aukeratutako batzordeekin ordezkatu. Alderdiak jazarpen politikoa salatu du

Turkiako Polizia HDPko militante bat atxilotzen, iazko maiatzean, Ankaran. TOLGA BOLOGLU / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Datorren asteburuan urtebete beteko da Turkian udal hauteskundeak egin zituztenetik, eta tarte horretan Recep Tayyip Erdoganen gobernuak 40 alkate kurdu kargugabetu ditu, «terrorismoarekin lotuta» egotea egotzia. Azken zortziak astelehenean kendu zituzten kargutik, inongo prozesu judizialik gabe. HDP Kurdistango Herriaren Alderdi Demokratikoak egin du salaketa: «Mundua birusari aurre egiteko bideen bila dabilen bitartean, Turkiako Gobernua pandemia baliatzen ari da instituzio demokratiko kurduak desegiteko», salatu du alderdiak, komunikatu batean.

Ez da lehen aldia Turkiak hautetsi kurduak kargugabetzen dituena. Iazko bozen aurretik ere beste hainbat kendu zituzten kargutik, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin zerikusia izatea egotzita. Baina martxoaren 31ko bozetan berreskuratu egin zituzten kendutako jarlekuak. Ordu hartan bezala, orain ere Ankarak aukeratutako batzordeek hartu dute udal gobernua zuzentzeko ardura. «Aurreko kasuetan bezala, oraingoan ere ez dago alkateak kargugabetzea ahalbidetzen duen epairik».

Batman, Diyarbakir, Biflis, Siirt eta Igder eskualdetako herrietako alkateak dira kargugabetu dituztenak. Haietako bi atxilotuta eraman ditu Poliziak. Azken hiru urteetan, HDP alderdiko 5.000 hautetsi eta militante atxilotu ditu Turkiak. Jazarpenak okerrera egin du iazko urrian Siriaren menpeko Kurdistan okupatzeko erasoaldia hasi zuenetik.

Ikerketapean

Duela hiru urteko apirilean erreferendumean onartu zuten Turkiako Konstituzioa aldatu eta parlamentariei immunitatea kentzea. Geroztik, Turkiak gogortu egin ditu hautetsi kurduen aurkako operazioak. Otsailaren amaieran, esaterako, Turkiako Fiskaltzak ikerketa zabaldu zuen HDP alderdiaren aurka. Salaketaren arabera, alderdiaren azken kongresuan PKK-ko buru Abdullah Ocalanen bideo bat jarri zuten ikusgai, eta, hori dela eta, «terrorismoa sustatzea» egozten diote alderdiari.

Nazioarteko giza eskubideen erakundeek behin baino gehiagotan salatu dute alderdi kurduen aurkako jazarpena. HRW Human Rights Watch erakundeak, esaterako, oposizio politikoa «ezabatu» nahi izatea egotzi dio Erdogani. «Hautetsiak milizianoak balira bezala atxilotu eta espetxeratzeak argi uzten du zein den operazio horien helburua», ohartarazi du HRWeko Hugh Williamsonek, erakundeak Europan eta Asia erdian duen bozeramaileak. «Kasu horiek ez dute zerikusirik terrorismoaren aurkako inongo operaziorekin, 1,8 milioi hautesleren eskubideak urratzearekin baizik».

Bestalde, hainbat komunikabideren arabera, Turkiak emakume kurduentzako espetxe bat zabaldu berri du Afrinen, Siriaren menpeko Kurdistanen. Olibondo adarra izeneko operazioan jabetu zen Turkia eskualde horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.