Protestak AEBetan

Manifestariak «kontrolpean hartzeko» agindu die Trumpek gobernadoreei

Washingtongo eta New Yorkeko alkateek etxeratze aginduak dekretatu dituzte. Guardia Nazionalak manifestari bat hil du tiroz Louisvillen, Kentuckyn

Manifestariak Poliziaren aurrean, St. Paulen, Minnesotan. CRAIG LASSIG / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Alferrik izan dira istiluak ez izateko argudioa erabilita AEBetako hainbat hiritan ezarritako etxeratze aginduak. Zazpigarren egunez jarraian George Floyden heriotza salatzeko protestak herrialde osora zabaldu dira. Hainbat estatutan Guardia Nazionalaren laguntza eskatu dute, arpilatzeak eragozteko, eta ehunka izan dira atxilotuak. Estatuetako gobernadoreekin egindako bideo deian, Donald Trump presidenteak ohartarazi die «ahul» itxura emango dutela manifestariak «kontrolpean hartu» ezean. «Denbora galtzen ariko zarete kontrolpean hartzen ez badituzue. Zuen guztien gainetik igaroko dira, eta txoriburu gisa geratuko zarete», esan die estatuburuak, eta gaineratu: «Atxilotu egin behar dituzue, eta epaitu, eta joan daitezela espetxera urte batzuetarako».

Estatuburuak gobernadoreekin eginiko bilera kazetaririk gabe egin badu ere, bertako grabazioak eskuratu ahal izan dituzte AEBetako hainbat komunikabidek. Horietan Trumpek dio manifestariak «zaborra» direla, eta Minneapolisko alkatea «barregarri» utzi dutela.

Kritika eta gaitzespen erauntsia eragin dute estatuburuaren adierazpenek, eta Etxe Zuriko prentsa arduradun Kayleigh McEnanyk agerraldia egin behar izan du azalpenak emateko. Haren esanetan, «testuingurutik atera» dituzte Trumpek esandakoak. «Presidenteak esan nahi zuena zen kaleak Guardia Nazionalaren eta Poliziaren kontrolpean egon behar direla, bakea bermatze aldera».

McEnanyren azalpenak, ordea, ez dira nahikoa izan haserrea baretzeko. Etxeratze aginduak hedatzen ari dira herrialde osoan, protestak geldiarazteko neurri gisara. Atzo, Washington hiriburuko eta New Yorkeko alkateek dekretatu zituzten. Iluntzean ziren indarrean sartzekoak.

Istiluak eta autopsia

Floyden heriotza salatzeko lehen protestak piztu ziren hirian, manifestazio gehiago izan dira. Haietako batean, kamioi gidari zuri batek manifestarien aurka jo du. Jendetzak ibilgailua saihestu eta geldiaraztea lortu du, eta baita gidaria atzeman ere. Poliziak eraman du hura atxilo, eta ez da zauriturik izan. Ondorio larriagoak izan dituzte Louisvillen piztutako istiluek. Lekukoen arabera, Guardia Nazionalak eta Poliziak protestan ari zirenen aurka jo dutenean, norbaitek tiro egin die, eta haiek berdin erantzun dute. Gizon bat hil da tiroketan.

Joan den astean protestak hasi zirenetik 66.000 militar zabaldu dituzte herrialde osoan. Azken egunetan, unitate bereziak gehitu zaizkie horiei. Floyd atzeman eta hilzorian utzi zuten tokian haren omenezko ekitaldia egin zuten atzo, eta bertan izan zen Floyden anaia ere: «Nire anaiak ez zukeen nahiko bere izenean harrapatzeak egiterik. Horrek ez du bera berriz hona ekarriko. Nire familia baketsua da. Ez dugu nahi gure izenean ezer suntsitzerik». Haren familiak agindutako autopsiaren emaitza jakin zen atzo, eta, horren arabera, poliziek eragindako itolarriak hil zuen 46 urteko gizonezkoa. Egin zioten lehen autopsia ofizialean ondorioztatu zuten ez zegoela hori baieztatzeko frogarik.

Floyden heriotza gogoan izan du Barack Obama presidente ohiak ere, eta nabarmendu du modu baketsuan igaro direla manifestazio gehienak: «Harro egoteko modukoak izan dira protestak, nahiz eta gutxi batzuek istiluak eragin. Azken horiek aukera baliatu besterik ez dute egiten, jende errugabea arriskuan jarriz».

Joan den astelehenean hil zen Floyd, erietxean. Aurrez, baina, Minneapolisko Poliziak geldiarazi zuen, ordainagiri bat faltsutzea leporatuta. Eskuburdinak jarrita eta lurrean etzanda zegoela, Derek Chauvin Minneapolisko poliziak zortzi minutu eta 46 segundoz izan zuen belauna Floyden lepo gainean; bi minutu eta 53 segundoz, gainera, atxilotuak konortea galdu ondoren. Ostiralean aurkeztu zuen txostena fiskaltzak, Chauvini hilketa leporatu zioten egunean.

Floyden atxiloketan parte hartu zuten beste hiru poliziak auzipetzea aztertzen ari da orain fiskaltza. Keith Allison Minnesotako fiskal nagusiak azaldu duenez, atxiloketaren uneko bideo eta irudiak aztertzen ari dira, eta horren ondoren hartuko dute erabakia. Bitartean, Chauvin bera espetxe berezi batera eraman dute haren aurkako erasoak saihesteko. Bestalde, Minneapolisko alkateak asteazkenera arte luzatu du etxeratze agindua, eta iragarri gaur egingo diotela azken agurra Floydi. FBIk, berriz, ikerketa bat zabaldu du hirian piztutako «indarkeria politikoari buruz», eta adierazi «istiluak sortzeko deiak» egin dituztela hainbatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.