Askatasun aldarri ozena

HDPren Demokraziaren Aldeko Martxa gaur amaituko da, Ankaran. Alderdi kurdua legez kanporatzeko eskatu du Mugimendu Nazionalaren Alderdiak

Ehunka lagun bildu zituen HDPk Istanbulen egin zuen ekitaldian. AITOR TXABARRI.
Istanbul
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Demokraziaren Aldeko Martxa egin du aste honetan HDP Kurdistango Herriaren Alderdi Demokratikoak. Helburua, argia: Turkiaren politikak salatzea. Izan ere, azken urteetan HDPko kide ugari espetxeratu dituzte, «terrorismoaren aurkako legea» baliatuta; tartean Selahattin Demirtas, iazko bozetan alderdiko zerrendaburu izan zena. Martxa antolatu izanaren arrazoi nagusia, baina, beste bat da. Hiru hilabeteotan HDPkoak ziren bost alkate kargugabetu eta espetxeratu ditu Ankarak, eta haien ordez Recep Tayyip Erdogan presidentearen gertukoak diren funtzionarioak ezarri. Mugimenduak alderdiaren eta jarraitzaileen protestak piztu ditu.

[YouTube]https://youtu.be/WGJgQU7jhkc[/YouTube]

Martxa astelehenean hasi zuten, Edirnen eta Hakkarin, eta gaur amaituko da, Ankaran. Bidean hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Atzo, esaterako, Istanbulen egin zuten geldialdia. Bide osoan zehar Polizia jarraika izan dutela salatu dute antolatzaileek. Astelehenean bertan, Edirnera zihoazen HDPko hamar jarraitzaile atxilotu zituzten Turkiako segurtasun indarrek.

«Gobernuak trabak jarri arren, aurrera egingo dugu. Ez gaituzte isilduko», aldarrikatu zuen Ahmetek. HDPko kapela zuen jantzita, eta alderdiak Istanbulen egin zuen ekitaldira bildutako ehunka kurduetako bat zen.

Oztopoak

Hasierako asmoa zen Edirne eta Hakkaritik abiatu eta Diyarbakirren, Istanbulen eta Adanan geldialdiak eta ekitaldi politikoak egitea. Baina egunak aurrera egin ahala, Erdoganen gobernuak gero eta oztopo gehiago jarri dizkio alderdi kurduari, eta, hori dela eta, aldaketak egin behar izan dituzte. Hakkarin, Diyarbakirren eta Vanen egin ahal izan dituzte agerraldiak eta mitinak, eta ehunka lagun bildu dituzte horietan.

«Egia da uste genuen baino jende gutxiago etorri dela, baina kurduak beldur dira. Ekitaldi hauetan ikusten bazaituzte, arazo larriak izan ditzakezu Poliziarekin. Ondorioz, askok nahiago izan dute etxean geratu, atxilotuko zituzten beldur zirelako», azaldu du Mazlumek. Diyarbakirren bizi da bera, eta, Poliziaren zaintzapean daudela jakin arren, HDPren ekitaldira joatea erabaki du.

Hala ere, HDPko kideak harro daude, ekitaldiak oihartzun handia izaten ari direlako, ez bakarrik Kurdistanen eta Turkian, baita nazioartean ere. Alderdiko kideek eurek argi utzi dute jazarri arren ez dituztela geldituko. «Ez gaituzte isilduko», idatzi dute hainbatek euren sare sozialetako kontuetan.

«Alde batera utzi dituzue herritarrak; bortxaketen eta indarkeriaren aurka borrokatu beharrean, beste alde batera begiratzen duzue. Jarrera hori amaitzea du helburu HDPk», aldarrikatu du Idir Ugurluk, Herriaren Alderdi Demokratikoko bozeramaileak, Istanbulen egindako ekitaldian.

Indarkeriaren aurkako neurririk ez hartzea egozten dio alderdi kurduak Turkiako Gobernuari, eta hori izan da martxa honetako beste aldarrikapen nagusietako bat. Horrez gain, gizarte arloko beste hainbat aldarri ere izan dituzte ahotan: LGTBI komunitateren aurkako erasoak, emakumeen eskubideak eta abar. «Gobernuak dio indarkeriaren aurka dagoela, gaitzetsi egiten duela; baina gero ez du ezer egiten gazteak, LGTBI mugimenduko kideak eta emakumeen eskubideak babesteko. Gizarte baketsu bat eratzea helburu duten pertsonen aurka egiten du», salatu du Ugurluk.

Adierazpen askatasuna

Adierazpen askatasunarena da gizarte mugimenduek eta oposizioko alderdi politikoek salatzen duten hutsune nagusia. Oso aukera gutxi dituzte gobernuaren kontra dauden kolektiboek kalera atera eta beren aldarrikapenak plazaratzeko. Hori dela eta, aldaketa bat behar dela ohartarazi du HDPk. «Aldaketak egin behar dira indarkeria eta jazarpena amaituko badira», nabarmendu du Ugurluk.

Adierazpen askatasunik ezaren adibide argia da HDPren martxak sortutako eztabaida. Gobernuak eta haren gertukoek ahaleginak eta bi egin dituzte martxa bertan behera uzteko. Esaterako, Tekirdag, Istanbulekin muga egiten duen probintzia, itxi egin dute martxa Ankararaino heldu ez dadin. Edirnen, bertan behera utzi behar izan zuten hasierako ekitaldia, Erdoganen gobernuak jarritako trabengatik.

Alderdi kurdua gehien kezkatzen duena da, ordea, MHP Mugimendu Nazionalaren Alderdiak, Erdoganen AKP Justizia eta Garapenaren aliatuak, euren legez kanporatzea eskatu duela. Oraingoz ez dirudi halakorik gertatuko denik, baina ez litzateke lehen aldia halako eskari batek aurrera egiten duena. «Gobernu hau gobernu faxista bat da, ezberdin pentsatzen duen edozeinen kontra egiten duena. Ez dakit zer gertatuko den HDP alderdiarekin, baina ez diegu utziko nahi dutena egiten; oraingoan aurre egingo diegu», adierazi du Onurrek, Istanbulgo ekitaldira joan den HDPko jarraitzaileak.

HDPko bozeramaileek argi utzi dute ez direla besoak gurutzatuta geratuko. Gainera, alderdiaren babesak gora egin du Erdoganen gertukoen jarrera gogortuz geroztik. Alderdi ezkertiarraren jarraitzaileek ere argi dute. «HDP herriaren alderdia da, eta ez gaituzte isilduko: kalera aterako gara», dio Selahattinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.