Bost urteko espetxera zigortu dute Fillon Frantziako lehen ministro ohia, iruzurragatik

Bost urteko zigorretik, bi urteko espetxealdia du bete beharrekoa. Epaileek ebatzi dute Fillonek milioi bat euro desbideratu zuela lanpostu faltsu baten bidez

François Fillon Frantziako lehen ministro ohia eta Penelope Fillon haren emaztea, atzo, Parisko Auzitegi Korrekzionaletik irteten. IAN LANGSDON / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
François Fillon Frantziako lehen ministro ohiak diru publikoa bidegabe erabili zuela ebatzi zuen, atzo, Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Epaileek frogatutzat jo dituzte leporatzen zitzaizkion ustelkeria delituak, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri diote. Bost urte horietatik, bi bete beharko ditu. Nikolas Sarkozyren presidentetzan gobernuburu izan zenak emazteari diru publikotik milioi bat euro bideratu zizkiola dio epaiak, eta lanpostu faltsu bat sortu zuela diru publikoarekin «aberasteko».

Kartzela zigorraz gain, 375.000 euroko isuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri diote Filloni. 2030era arte ezin izango du inolako kargu publikorik izan, beraz.

Penelope Fillon emaztea kopuru bereko isunarekin zigortu du auzitegiak, eta hiru urteko espetxealdia ezarri dio, baina hura betetzeko derrigortasunik gabe.

Epaileek erruduntzat jo dute Marc Joulaud ere. Fillonek 2002an Asanblea Nazionaleko diputatu izateari utzi zionean eta Gizarte Gaietarako ministro izendatu zutenean, haren tokia hartu zuen Joulaudek parlamentuan. Bost urteko inhabilitazioa eta hiru urteko espetxea ezarri diote zigor gisa, baina ez du kartzelara joan beharko.

Epaileek ebatzi dutenez, Fillonek era iruzurtian kontratatu zuen bere emaztea 1998an, Asanblea Nazionaleko diputatu zenean, beretzat aholkulari lanak egin zitzan, ez baitzen jardun horretan aritu. «Ordaina proportziorik gabea da egindako lanarekin alderatuta», jaso du epaiak. «Fillon andrea erabilerarik izan ez zuen lanpostu baterako kontratatua izan zen».

Joulaudiri epaileek egotzi diote Fillonek sortutako lanpostu faltsuari segida ematea, 2013. urtera arte.

Errugabea dela ziurtatu dute epaiketa osoan lehen ministro ohiak eta haren emazteak, baina Penelope Fillonek ezin izan du egindako lanaren frogarik aurkeztu. Epaileen aurrean argudiatu du askotariko lanak egiten zituela: posta kudeatu, agenda antolatu eta diskurtsoetarako informazioa bildu, besteak beste. Aldiz, 2016an egunkari bati eman zion elkarrizketan adierazi zuen inoiz ez zela aritu bere senarraren bizitza politikoarekin lotura zuten lanetan. Horrez gain, epaileei adierazi die ez dituela ongi gogoratzen parlamentari laguntzaile gisa izan dituen kontratuak.

Lehen ministro ohiaren defentsak iragarri zuen helegitea aurkeztuko diola epaiari. «Epaiketa berri bat egingo da», ziurtatu zuen Antonin Levy abokatuak. Haren esanetan, «beharrezkoa» da prozesua berriz hastea, ikerketa egiteko orduan izan diren «baldintza ilunak» eta «harrigarriak» kontuan hartuta.

Macronen mesederako

Parisko Auzitegi Korrekzionalak atzo aztertu zuen auziak presidentetzarako atea ireki zion parez pare Emmanuel Macron egungo estatuburuari. 2017ko urtarrilean, presidentetzarako hauteskundeetarako lau hilabeteren faltan, Le Carnard Enchaine astekariak ustelkeriarekin lotu zuen Fillon. Argitaratu zuen lehen ministro ohiak bere emaztea eta bi seme kontratatu zituela diru publikoarekin aholkulari lanetarako, nahiz eta ez zuten egiaz halako lanik egin —politikariaren semeak ez dira epaituak izan—.Gobernuburu ohiari egotzi zion, halaber, literatura aldizkari bateko zuzendariari presio egitea bere emaztea kontrata zezan aholkularitza lanetarako.

Informazio horiek argitara atera baino lehen, presidente kargua eskuratzeko hautagai faboritoa zen Fillon inkesta guztietan, eta, «akatsak» onartu bazituen ere, hautagaitzari eustea erabaki zuen. Salaketak kalte handia egin zion, ordea, haren irudiari. Nabarmen egin zuen behera herritarren artean zuen babesak, eta lehiatik kanpo gelditu zen bozen lehen itzulian. Bigarrenean, Macron nagusitu zitzaion eskuin muturreko hautagai Marine Le Peni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.