Bizi guztiko zigorrak ere jaso ditu Hong Kongeko segurtasun legeak

Txinako hiri autonomoan gaur sartu da indarrean Segurtasun Nazionalerako Legea. Sedizioari, altxamenduari, terrorismoari eta atzerriko estatuekin batera egindako konspirazioei jazarriko zaizkie

Polizia Hong Kongeko Segurtasun Nazionalerako Legearen kontrako protesta bat desegiten, joan den igandean. JEROME FAVRE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Txinako Gobernuak Hong Kongeko protestei aurre egiteko baliabide boteretsu bat dauka eskura gaurtik. Txinako Herri Batzar Nazionalak —herrialdeko parlamentuak— Hong Kongerako Segurtasun Nazionalerako Legea onartu zuen atzo, eta Txinan gauerdia zenean sartu zen indarrean, Hong Kongeko buletin ofizialean argitaratu ostean. Legeak «sezesio, altxamendu eta terrorismo» delituak zigortzea du helburu, baita atzerriko esku hartzearekin prestatutako «konspirazioak» ere. Azken puntu horrek bereziki kezkatu du Pekin. Hain justu, behin baino gehiagotan, atzerriko herrialdeen azpijokoen tresna izatea leporatu die Hong Kongeko protestak sustatu dituzten taldeei. Lege berria eskuan, bizi guztiko espetxearekin zigortu ahalko ditu delitu horiek.

Horrez gain, legeak jasotzen duenez, Hong Kongeko bozetan parte hartzea debekatuko zaio segurtasun delitu bat egiteagatik zigortua den orori; legea urratzen duten talde edo enpresei isunak jartzeko edo haien jarduera debekatzeko aukera izango dute agintariek, eta Poliziak susmagarri oro zelatatzeko eta haren telefono jarduera ikertzeko aukera izango du.

Legeak kritika ugari eragin ditu Mendebaldeko herrialdeen artean. Pekinek Hong Kongen autonomian esku hartu duela salatu dute AEBek, EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak.AEBek hiriari aitortzen zioten estatus berezia indargabetu zuten herenegun. Legea argi kritikatu dute Japoniak eta Taiwanek ere.

Hong Kongen bertan, «demokraziaren aldeko» mugimenduko taldeek salatu dute neurri horrek eskubideak murrizten dituela. «Munduak orain arte ezagutu duen Hong Kongen amaiera» ekarriko duela esan zuen Joshua Wong ekintzaile eta atzo arte Demosisto taldeko aurpegi ezagunenetako bat zenak. Beste ordezkari batzuek bezala, Wongek taldea uztea erabaki zuen atzo, Herri Batzar Nazionalak legea onartu zuela jakin zenean. «[Norberaren] Bizitzaren eta segurtasunaren gaineko kezka jada ez dira txantxetako kontua», adierazi zuen. Handik gutxira, desegitea erabaki zuen Demosisto taldeak eta oihartzun txikiagoa duten gobernuaren kontrako beste eragile batzuek —Hong Kongeko Fronte Nazionalak eta Studentlocalism taldeek, esaterako—.

Legearen onarpenak eragina izan du enpresetan ere. «Demokraziaren aldeko» mugimendua babesten duen Zirkulu Ekonomiko Horia taldetik irtetea erabaki dute zenbait enpresak.

Pekinek behin baino gehiagotan ziurtatu du legeak ez duela mugatuko Hong Kongeko eskubide eta askatasun sistema; soilik «aztoratzaile» gutxi batzuei eragingo diela.

Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak «ekintza terroristen mehatxuei» aurre egiteko beharra nabarmendu zuen atzo, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluan egin zuen agerraldian. Txinak «segurtasun nazionala babesteko eskubidea» duela adierazi zuen, eta hura errespetatzera deitu zuen nazioarteko komunitatea.

Autonomia mugatua

Hong Kongeko agintari politikoak legeak aurreikusten dituen mugak aipatu zituen NBEren bilkuran.Ez du atzera eraginik izango «ekintza kriminal jarraituen» kasuan izan ezik, eta Hong Kongek epaituko ditu legeak aurreikusten dituen delituak, «egoera jakin eta ezohikoetan izan ezik».

Lamen esanetan, legeak hiriaren autonomia errespetatzen du. Nolanahi, legeak Pekinen menpe jarriko du Hong Kongek eratuko duen Segurtasun Nazionalerako Batzordea. Erakunde horrek sail bereziak sortuko ditu hiriko justizia sisteman eta Polizian, segurtasun nazionalaren kontrako delituak pertsegitu eta epaitzeko.

Txinako Gobernuaren kontrako eta parlamentuak onartu berri duen legea salatzeko protestak izango dira gaur Hong Kongen, hiri autonomoak kolonia britainiarra izateari utzi ziola 23 urte betetzen dituen egunean. «Demokraziaren aldeko» mugimenduko ekintzaile eta talde politikoek manifestaziora deitu dute gaurko, nahiz eta koronabirusari aurre egiteko neurriengatik mobilizazioa debekatuta dagoen.

Iaz, gobernuaren kontrako protesta giro betean iritsi zen urteurrena, eta manifestazio jendetsuak eta istiluak izan ziren Hong Kongen. Ez dago argi agintariek gaurko mobilizazioa segurtasunaren kontrako delitutzat jo ahalko duten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.