Zipre astindu du pasaporte salerosketaren inguruko ustelkeriak

'Al Jazeera'-k dokumental batean azaleratu du atzerriko delitugileek zer bide darabilten diru truke lortzeko zipretar herritartasuna. Parlamentuko presidenteak eta diputatu batek dimisioa eman dute
Manifestari bat, Zipreko presidente Nikos Anastasiades-en aurpegia irudikatzen duen maskara jantzita, asteazkenean, parlamentuaren pareko protestan.
Manifestari bat, Zipreko presidente Nikos Anastasiades-en aurpegia irudikatzen duen maskara jantzita, asteazkenean, parlamentuaren pareko protestan. KATIA KHRISTODULU / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2020ko urriak 16

Ustelkeria auzi batek lurrikara politikoa eragin du Zipren. Al Jazeera hedabideak egindako dokumental batek azaleratu du ustezko iruzurra. Informazio horien arabera, zenbait goi kargudunek Zipreko pasaporteak saldu dizkiete atzerriko hainbat delitugileri, EB Europako Batasunak hainbatetan kritikatu duen sistema baten bitartez: herritartasuna herrialderako inbertsioen truke emateko programa.

Al Jazeera-k The Cyprus Papers Undercover [Zipreko paper ezkutuak] dokumentala argitaratu eta egun gutxira, kargua utzi dute Demetris Sylluris parlamentuko presidenteak eta Khristakis Giovani diputatuak, argitaratutako informazioen presioak behartuta. Dokumentalaren grabazioetan ageri denez, bi goi kargudunak prest zeuden beren esku zegoen guztia egiteko diru zuriketagatik zigortua izan zen atzerritar bati Zipreko pasaportea lortzearren. Baldintza bakarra jarri zioten: gutxieneko inbertsio bat egitea. «Ez da erraza, baina hitzeman dezaket ahal dugun guztia egingo dugula, eta badugu eskarmentua», adierazi zion Giovanik Al Jazeera-ko ezkutuko kazetari bati.

Kazetariak inbertsiogile txinatar baten ordezkari gisa aurkeztu zuen bere burua bi politikarien aurrean. Hasieratik utzi zien argi inbertsiogilea dirua zuritzeagatik zigortu zutela Txinan. Beraz, Zipreko legediari jarraituz, ezin izango litzateke izan herritartasuna eskuratzeko programaren onuradun. Hala ere, legea ez zela eragozpen izango adierazi zion Syllurisek kazetariari. «Nire edo beste inoren izena aipatu gabe, esan diezaiokezu Zipreren babes osoa izango duela, edozein eremutan: politikoan, ekonomikoan, sozialean... edozeinetan».

Dokumentala astelehenean argitaratu zuen Al Jazeera-k. Hurrengo egunean, Ziprek indargabetu egin zuen polemikaren iturburu den programa, eta ikerketa bat martxan jarriko zuela iragarri zuen Fiskaltza Nagusiak. Asteartean bertan, dimisioa aurkeztu zuen Giovanik. Syllurisek, berriz, atzo utzi zuen kargua, asteazkenean, parlamentuaren parean izan ziren protestek eta presio politikoek behartuta. Dokumentalean ustelkeria auziarekin lotuta ageri direnek errugabeak direla ziurtatu dute, eta gaineratu Al Jazeera-ko kazetariari informazioa ateratzeko ahaleginean ari zirela, ondoren diru zuriketagatik salatzeko.

Dokumentalean jasotakoa ez da salbuespena, Al Jazeera-ren esanetan. Joan den abuztuan, Zipreko Paperak izeneko dokumentuak argitaratu zituen —1.400 inguru—, uharteak azken urteetan hainbat delitugileri pasaporteak saldu dizkiola frogatzeko. Erosleen artean dira Interpolek bilatzen zituen zenbait.

Zipreko pasaportea eskatu nahi duten delitugileek, zigortuak izan direlako oztopoak baldin badituzte, badute uharteko herritartasuna lortzeko beste bide bat, Andreas Pittadjis programaren zerbitzuko abokatuaren esanetan. Al Jazeera-ren dokumentalean azaltzen du, halakoetan, kondenatuaren senide batek egiten duela lehenengo pasaporte eskaria, eta, hark herritartasuna lortu ondoren, interesatuak berak aurkeztu dezakeela berea, haren familiako kide gisa.

Diru zuriketarako bide

EBk kezka agertu du auziarengatik. Europako Batzordeak «harriduraz» jaso du «hain goi mailako kargudunak» Europako herritartasunarekin «salmentan» aritzea. Hitzeman du Ziprek EBko legedia urratu duen argitzeko ikerketa abiatuko duela.

Zipre ez da herritartasuna inbertsioen truke eskuratzeko bidea eskaintzen duen Europako herrialde bakarra. Antzeko programak dituzte Maltak eta Bulgariak ere. EBk hainbatetan kritikatu ditu halakoak, diru zuritzea erraztu dezaketela ohartarazita.

Al Jazeera-ren arabera, Ziprek 7.000 milioi baino gehiago jaso ditu programaren bidez, hura 2013an onartu zuenetik. Jasotako diru hori «porrot egin duen ekonomiari eusteko» erabiltzen duela adierazi du. Gaineratu duenez, herritartasuna erosteko programa «ezaguna» da Errusian, Txinan eta Ukrainan, aukera ematen duelako EBko merkaturako sarbidea izateko eta dirua zerga paradisuetan pilatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Trumpen aldeko kartel bat uretan, Kapitolioko atarian. ©GAMAL DIAB / EFE

Trumpismoa uzteko garaia

Arantxa Elizegi Egilegor

Buruzagi errepublikanoak lau urteotan hartutako erabakiak iraultzea izango da Joe Bidenen legealdiko lanik neketsuenetako bat. Baina ez bakarra. Pandemiaren aurkako neurriak hartu eta errepublikanoekiko zubiak eraikitzen ahalegintzeaz gain, etxean duen zatiketa ere leundu beharko du.

AHTko <em>euskal Y</em>-aren zubibide bat, Bergaran. Hormigoia da gizakiak sortutako objektuetan pisutsuena munduan. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Gizakien objektuek gehiago pisatzen dute jadanik Lurreko biomasak baino

Iñaki Petxarroman

Gizakien zama ez da biomasa osoaren %0,01 besterik, baina haren objektuen pisuak gaina hartu dio jada biomasarenari. 2040rako, naturako gaien pisua halako hiru izango da material artifizialena
Armin Laschet CDUko presidente berria, atzo, Berlinen, alderdi kristau-demokrataren kongresuan. ©CHRISTIAN MARQUARDT / EFE

Laschet, CDUko buru berria

Gorka Berasategi Otamendi

Kristau-demokraten presidentea «zentrista» gisa aurkeztu dute, eta Merkelen ildoari segida emango diola espero da. Alderdiko sektore eskuindarrenari gailendu zaio kongresuan, %52ko babesarekin

 ©BERRIA

EBk nahi du, baina ez du nahi

Ander Perez Zala

Joe Bidenen garaipenak berritu egin du Europako Batasunak AEBekiko harremanari buruz abiatu duen barne eztabaida: etxeko eta kanpoko testuinguruek ahalbidetzen al dute talde komunitarioa independenteagoa bilakatzea atzerrian?

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.