AEBetako hauteskundeak. Boto zenbaketa

Biden, Etxe Zurirantz

Hautagai demokratak aurrea hartu dio Trumpi Pennsylvaniako eta Georgiako behin-behineko emaitzetan. Posta bidezko botoen joerak horrela segitzen badu, Biden izango da AEBetako presidentea

Joe Biden AEBetako Alderdi Demokratako presidentegaia, jarraitzaileen artean agertokira bidean, otsaileko hauteskunde ekitaldi batean. JIM LO SCALZO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Gutxi falta zaio Joe Bideni AEBetako 46. presidentea izateko. Hautagai demokratak aurrea hartu dio hauteskunde emaitzetan Donald Trump AEBetako presidente eta hautagai errepublikanoari Pennsylvanian, oraindik jokoan dauden estatuetatik ordezkari gehien duenean (20). Bere jaioterriko estatuak eman diezaioke Bideni Etxe Zurirako azken bultzada. 273 ordezkariren botoa izango luke ziurtatua han garaipena eskuratuz gero, eta 270 nahikoa dira inbestidura ziurtatzeko. Edizio hau ixteko orduan, 15.000 botoren aldea ateratzen zion Trumpi, botoen %95 inguru zenbatuta. Pennsylvanian garaipena eskuratuko ez balu ere, hainbat modu izango lituzke presidente bilakatzeko.

Trumpek, berriz, malkarragoa du bidea. Behin-behineko emaitzak irauli beharko lituzke Pennsylvanian, Georgian eta Arizonan ala Nevadan. Ez dirudi aukerarik gertagarriena, kontuan izanik posta bidezko botoak direla zenbatzeko falta diren gehienak eta horiek demokraten aldekoak izaten ari direla alde nabarmenez. Hala adierazten dute hainbat estatutako emaitzek, astearteko bozketaz geroztik. Posta bidezko botoak zenbatu ahala, Bidenek buelta eman dio emaitzari Michiganen eta Wisconsinen. Boterera heltzeko ezinbestekoak zaizkion garaipenak eskuratu ditu han.

Nevadan, Arizonan, Georgian eta Pennsylvanian, berriz, Trumpi aldea jan dio, eta buruan jarri da behin-behinean. Pennsylvanian, botoen %75 zenbatuta zegoela, 11,5 punturen aldea zuen Trumpek. Zenbaketa %95an zegoela, Bidenek 0,2 puntu ateratzen zizkion. Kathy Boockvar Estatu idazkariak atzo azaldu zuenez, boto «gehienak» ostiralean zenbatzea espero zuten, eta, beraz, litekeena da Euskal Herrian goizaldea denean jakinaraztea irabazlea nor den.

Pennsylvanian galduta ere, presidente izateko modu ugari izan ditzake Bidenek. Georgian irabaztea urrats handia litzateke. Estatu horretako hamasei ordezkariei esker, 269 boto izango lituzke presidentea aukeratzen duen Hautatzaileen Batzarrean. Ez litzateke 270era iritsiko, baina Trumpek gehienez ere berdinketa bat lor dezakeela esan nahiko luke, batzarrak 538 ordezkari baititu. Kasu horretan, Ordezkarien Ganberak erabakiko luke nor izango den presidentea, eta, ganbera horretan, okerrik ezean, demokratek gehiengoari eutsiko diote. Bestalde, Georgian irabazi eta Arizonan ala Nevadan gailenduko balitz, gainditu egingo luke 270 ordezkariren langa. Georgian 1.500 boto eskasen aldea du Bidenek, botoen %99 zenbatuta—0,1 puntuko abantaila—. Tartea hain estua izanik, botoak berriz zenbatuko dituztela adierazi du Brad Raffensperger Georgiako Estatu idazkariak.

Etxe Zurira iristeko izan dezakeen garrantzitik harago, Georgiak pisu sinboliko handia du demokratentzat, ez baitute estatu horretan irabazi Bill Clinton presidentegai izan zenetik, 1992an. Bidenen garaipena pitzadura bat litzateke tradizionalki errepublikanoen lurralde izan den Eguzkiaren Gerrikoa delakoan —hegoaldeko estatuetan—.

Bidenen aukerak, baina, ez dira Georgian amaitzen. Han galduta ere, 270 ordezkarira iritsiko litzateke Arizonako (11) eta Nevadako (6) ordezkariak lortuz gero. Bietan da aurretik, behin-behineko emaitzetan. Arizonan 43.000 botoren aldea du (1,4 puntu), %93 zenbatuta. Nevadan 20.000 botorena da aldea (1,6 puntu), zenbaketa %92an doala.

Oinarririk gabeko salaketa

Trumpek agintean jarraitzeko aukera urriagoak dituBidenek baino, orain arte zenbatu diren botoei erreparatuta. Baina AEBetako presidenteak zilegitasuna ukatu dio zenbaketa horri. «Iruzurra» eta «ustelkeria» leporatu ziendemokratei AEBetan ostegun gaua zela egin zuen agerraldi batean.Salatu zuen «legezko botoak bakarrik» zenbatuko balituzte jadanik bera litzatekeela irabazlea. AEBetako hedabide nagusiek nabarmendu duten bezala, ez zuen aurkeztu baieztapen hori funtsatzeko oinarririk, eta hainbat telebista katek haren hitzaldiaren emisioa eten zuten, hauteskunde sistemaren kontra gezurretan ari zela iritzita.

Bozketaren ostean zenbaketa guneetara iritsitako botoak dira Trumpek legez kanpokotzat jotzen dituenak. Boto horiekpostetxeetan zeuden hauteskunde egunaren amaierarako, baina langileek ezin izan zituzten garaiz banatu, pandemiaren eraginez askoz ere boto gehiago eman direlako aurten posta bidez.

Trumpek Alderdi Errepublikanoko agintari esanguratsu zenbaiten babesa izan du bere salaketetan. Horien artean, Kevin McCarthy alderdiko buruarena eta Mitch McConell senatari taldeko liderrarena. Presidentearen jarraitzaile asko kalera irten dira azken egunetan, eta botoak zenbatzeko hainbat gune inguratu dituzte. Batzuk armatuta irten dira «iruzurra» salatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.