Albistea entzun

Harla, marla, kin, kuan, kin!

Tza taldeak lau abestiko 'Dialektrika' diskoa karrikaratu berri du. Herri kantak eta elektronika uztartzen dituen «esperimentu» laburra da. Zuzenekoa prestatzen ari dira, dantza eta irudiak barne
Thierry Biskari, Iraide Ansorena eta Carlos Sagi, Tza taldeko kideak.
Thierry Biskari, Iraide Ansorena eta Carlos Sagi, Tza taldeko kideak. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko urtarrilak 8

Onomatopeien boterea bereganatu du Tza musika taldeak: perkusioa eta ahotsen uztarketari esker markatu baitu lehen disko laburraren erritmoa: Dialektrika. Ahots eta perkusio organikoei, organo elektrikoa erantsi diete: elektronika. Hala, folka eta elektronika ezkondu ditu laukoteak: Iraide Ansorena perkusionista eibartarrak (Gipuzkoa), Thierry Biskari kantari anhauztarrak (Nafarroa Beherea), Areatzan (Bizkaia) bizi den Karlos Sagi perkusionista eta albokari espainiarrak, eta Maider Legarreta kantari gernikarrak (Bizkaia).

Biskarirendako arrunt esperimentala da proiektua: «Euskaldunak gara, eta hori defendatu nahi dugu, baina helburua da Euskal Herritik kanpo ere zerbait entseatzea, ea mundu elektroniko horretan badenez deusik egiteko».

Sagi eta Ansorena jadanik ari dira elkarlanean: jazz eta folk estiloak josten dituen Khami taldean. Abiapuntua izan dira Tza taldearen muntatzeko. Biskarirengana hurbildu ziren, bere ahotsaren bila, usaiako bere baratzetik urrunduz: «Eskatu zidaten ahotsa ekar nezan. Entseguak egiten hasi ginen, eta nire esparrutik ekarri dut folka. Asturiasen, Galizian eta Europan ere badira gisa horretako taldeak: elektronika eta folk musika nahasten dituztenak, eta hortik abiatu gara. Aspaldian banuen gogoa horren entseatzeko, ez baita batere nire mundua. Entsegu bat denez, ez dira lau kantu baizik».

Ansorenak estiloen arteko uztarketari ez lioke etiketarik itsatsiko: «Gustatuko litzaidake entzuleak Tza ez etiketatzea musika tradizionalean, ez eta ere elektronikoan. Eskura ditugun elementuekin —herri kantak, teknologia berriak, alboka, txalaparta, ahotsa eta perkusioak— sortutako abesti berri eta freskoak baitira». Azpimarratu du musika «tradizionalaren etiketa» usu «gaizki» baliatua dela. Izan ere, musika tradizional guziak noizbait izan baitira «sortu berriak», eta, jatorrian, «fusioak, hainbat elementuren uztarketak eta, neurri batean, esperimentalak». Nork daki, menturaz, Tza taldearen Dialektrika geroko musika tradizionalaren aitzin gustua izan liteke.

Modernitatea eta sustraien arteko «inpaktua» dela laburtu du Biskarik. Horregatik dute hautatu taldearen izena Tza: onomatopeia izateaz gain, Jorge Oteiza artistak garai batean erabiltzen zuen sinadura ere bazelako: «Tza sinatzen zuelarik biziki grafikoa zen, oinarrizkoa. Argi da bere garaian funtsezko, oinarrizko, muinezko gauzen bila zebilela. Eta gu ere horretan gabiltza, oinarrian baitaude ahotsa eta perkusioa. Gainera, badugu kezka hori: nola zuzendu belaunaldi berriei?».

Zuringoak harrotzen diren bezala, musika estilo edo kantuak ere arrakastaz lotzen zaizkie paisaia akustikoari, batzuetan, arrazoi irrazionalek akuilaturik ere. Biskarik kantuen magian sinesten du. Ohartua da Anhauzeko Basaldunekin karrikaz karrika kantuz dabiltzalarik, «magia zerbait» gertatzen dela, iragan berri den abenduan bezala, konparazione. Zerbait «eragiten» dute abesten ari direlarik, «ttipia bada ere». Dialektrika diskoko lehen kantuak sortzen duen hori bera deskribatu du Biskarik. Izan ere, haur kantu jostakaria baita Xedera Medera, belarri jokoa. Biskarrik du melodia ekarri; Pierre Duny-Petre, Piarres Hegitoa idazleak Garazi eskualdean bildutako kantuetako bat, Xirula Mirula kantu bildumatik: «Melodia banuen, eta iruditzen zitzaidan bazuela zerikusirik haur jokoekin. Xerkatu ondoren, hau sortu dugu. Oreka TX-rekin jada grabatu genuen bertsio organiko bat, eta Eugene Greenen Atarrabi eta Mikelats filmeko pasarte batean txertatu. Polita iduritzen zitzaidan musika elektronikoarekin uztartzea. Badu erritualaren kutsua. Haurrek hartuz gero, fite magia bilakatzen da. Magia da egiten duzun horrek baduelarik eragina». Errepikapenaren errepikapenak eta in crescendo doan erritmoak sortzen dute gaitasuna kantua gorputzeko atal barneetaraino errotzeko. Trantzea izan litekeena elikatzeko, Tza taldea dantzak bilatzen aritu da, dantzan.eus webguneko artxiboetan, konparazione: Amikuzeko (Nafarroa Beherea) dantza jauziak, Zubietako (Nafarroa) joaldunak...

Onomatopeiak, erritmoak, organikoak eta elektronikak mugitzen dute, beraz, Dialektrika. Eta, urraska aitzinatu ahala, dantza pausoak ere txertatu zaizkio.

Eguntto batez nindaguelarik herri kanta, Biskariren aburuz, branle dantza bat da. Horregatik, «doinu luzea» hautatu dute, dantzagarri izateko, eta gainera: «Elektronikak baditu formatu luzeago batzuk, eta asumitu behar dugu hori. Dantza ez duzu hiru minutuz egiten». Hala, Oreka Tx eta Ibon Koteronekin egin kolaborazioak bezala, kantu horrentzako Reykjavik606 taldeak doinua moldatu du.

Kantu hoen bigarren bertsioa ere badakar diskoak, ahotsetik abiatuz ambient estiloa kausituz.

Kasik zentzumen guzietarako zer eskainia du obrak. Biskarik salatu du zuzenekorako irudia ere sartzea hausnarketan ari direla: «Irudia eskatzen du, baina aldi berean zerbait organikoa dugu... Eraman dezagun entzulea trantze horretara, eta dantzan jar dezagun. Branlea nork du dantzatzen, zuberotarrek aparte? Proposamena luzatuko dugu, eta ikusiko jendeak nola hartuko duen».

Irudi solas, azala Markos Ansorenak marraztu du: Tza taldearen filosofia eta sorkuntzaren erakusleiho gisa. Musikariek ez zuten beren burua agertzerik nahi: «Irudia koherentea da transmititu nahi dugun horrekin: zer den zuzen ez dakigun pertsonaia bat. Hartz bat dea? Baina jende oinduna da, aldi berean, aker burua du, eta buruak baditu joaldunen tunturren koloreak, edota Arnegi eta Luzaideko bolanteenak...», xehatu du Biskarik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezker-eskuin, Arantxa Arzamendi, Mari Jose Telleria, Pello Leiñena, Aizpea Otaegi eta Andoni Iturbe. ©ERESBIL FUNDAZIOA

Musikastek «euskal musikaren hiriburua» batuko du 50. urtez

Miren Mujika Telleria

Bihar hasiko da Musikaste, Errenterian, maiatzaren 28ra bitarte. «Urrezko ezteiak» ospatuko dituzte aurten; izan ere, 50 urte bete ditu jaialdiak. Hamar emanaldi egingo dituzte, askotariko doinuekin

Maryse Urrutik idatzia da <em>Oihana</em> antzezlana. ©NAHIA GARAT
Led Silhouette dantza konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez kideak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Erriberriko antzerki jaialdiak inklusibotasuna izanen du ardatz

Yasmine Khris

Uztailaren 15etik 31ra egingo dute antzerki klasikoaren jaialdia. Espazio «paritario eta feminista» baten alde egin dute apustua aurten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...