Espainia ere eskuinera eramateko «aldaketa» hasi dute Andaluzian

Juanma Moreno PPkoa aukeratu dute Andaluziako presidente, Ciudadanosen eta Voxen babesari esker. Eskuin muturreko alderdiak ohartarazi du ez duela bere planteamenduei uko egiteko asmorik

Juanma Moreno Andaluziako presidente berria —ezkerrean—, eta Francisco Serrano Andaluziako Voxen liderra, atzo, elkarri bostekoa ematen. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ideologia misoginoko, homofoboko eta xenofoboko alderdi baten ezinbesteko babesari esker hartu du PP Alderdi Popularrak lehen aldiz Andaluziako Gobernuaren burutza (Espainia). Juanma Moreno presidente berriak herenegun adierazi zuenez, andaluziarrek «aldaketaren» alde bozkatu zuten joan den abenduaren 1eko hauteskundeetan, eta hori «konplexurik gabe, aurreiritzirik gabe» egin asmo du. Eta, Espainiako hurrengo hauteskunde orokorrak gogoan, are eskuinerago joz hauspotu nahi duten aldaketa deitzen dioten hori Espainia osora eraman nahi dute, Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak atzo nabarmendu zuenez. Hau da, Alderdi Popularrak, behintzat, ez duela baztertzen, Andaluzian egin bezala, Moncloan ere Ciudadanosekin balizko gobernu koalizio bat osatzea eta Voxen laguntza bilatzea.

Modu horretan kendu dio Andaluziako presidentetza PSOEri, azkeneko 37 urteotan lehendabizikoz. Atzo, inbestidurarako osoko bilkura egin zuten parlamentuan, Sevillan, eta Moreno izendatu presidente, gehiengoz osoz, lehen saioan. Alde bozkatu zuten PPk (26), Ciudadanosek (21) eta Voxek(12), eta kontra PSOEk (33) eta Andalucia Adelantek (17). Horrenbestez, 59-50 izan zen emaitza. Susana Diaz (PSOE) azken sei urteotan Juntako presidente izan denak oroitarazi zion Morenori «frankismoaren oinordekoekin» heldu dela boterera.

Francisco Serrano Voxen Andaluziako liderrak atzoko saioan azpimarratu zuenez, gainera, eskuin muturreko alderdiak ez die uko egingo bere planteamenduei.Eta horiek dira, besteak beste, Andaluziako Parlamentuak iaz onartutako bi lege indargabetzea: bat, genero indarkeriaren kontrakoa, eta, bestea, LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzen dituena. Era berean, legez kanpo dauden milaka migratzaile Andaluziatik kanporatu nahi ditu eskuin muturreko alderdiak. Horri guztiari garrantzia kendu nahi izango balio bezala mintzatu zen Moreno, atzo: «Inork ez dio eskatzen ez Voxi eta ez inori ezeri uko egiterik: hori da demokraziaren handitasuna».

Hauteskundeak bukatu eta berehala ikusi ahal izan zen PP eta Ciudadanos koalizioa osatzeko prest egongo zirela gobernura heltzearren, eta horretarako ez ziotela muzin egingo Voxen babesa edukitzeari. Ciudadanosen jarrera, ordea, aldatuz joan da egunak pasatu ahala. Are gehiagoALDE Europako Liberal Demokraten Aliantzak belarrietatik tira egin zionetik. Guy Verhofstadt taldearen liderrak azalpenak eskatu zizkion Albert Rivera Ciudadanosen presidenteari. Riverak Emmanuel Macron du eredutzat, eta Frantziako presidentearen alderdiak jakinarazi zion eskuin muturrarekin ez dagoela «konpromisoentzako» lekurik. Voxen presentziak deseroso sentiarazten dituenez, Juan Marin Ciudadanosen Andaluziako liderrak PPrekiko distantzia hartzeko ahalegina egin zuen atzo. Morenori jakinarazi zion errespetatzen duela presidente izateko Voxen botoak onartu izana, eta Ciudadanos PPrekin lotzen duena hitzartu duten gobernu programa dela. Izan ere, Voxekin ere akordio bat egin du PPk, eta horri heldu zion Marinek. «Gainontzekoaz zu [Moreno] eta sinatu duen indar politikoa izango zarete erantzuleak». PPk are eskuinerago egin du Vox Andaluziako Parlamentuan sartu denetik.

Sanchezen deia Europari

PPk eta Ciudadanosek akordio programatiko neoliberala adostu dute Andaluziarako, eta bi alderdien Madrilgo agintariek hartu dute negoziazioen ardura. Gauza bera gertatu da Voxen eta PPren arteko elkarrizketetan.

Negoziazio horietan Voxen planteamenduetako batzuk alboratu ditu PPk, baina, neurri batean, Santiago Abascalen alderdiaren diskurtsoa onartu du. Esaterako, Familia Saila sortzea adostu dute, besteak beste, baita Memoria Historikoaren Legea aldatzea ere. 37 puntu ditu akordio horrek.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, bestalde, Europako Parlamentuan hitz egin zuen atzo, eta Europako zentro-eskuineko alderdiei esan zien ez bilatzeko babesik eskuin muturrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.