Mediterraneoan ontzi bat hondoratu da, eta gutxienez 50 iheslari hil dira

Tunisiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du bere itsas armadak hamasei migratzaile salbatu dituela. IOMren arabera, aurten 440 iheslari baino gehiago hil dira Europa hegoaldeko itsasoan

Azken urteotan milaka lagun hil dira Tunisiako kostaldetik hurbil. Irudian, hainbat pertsona Tunisiako gorputegi baten kanpoan, iaz. STR / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Beste egun tragiko bat izan da Mediterraneoan: gutxienez 50 migratzaile itota hil ziren atzo, haien ontzia hondoratu ostean. Tunisiako kostaldetik 40 bat kilometrora gertatu zen ezbeharra, nazioarteko uretan, eta, hango Defentsa Ministerioak jakinarazi zuenez, iheslariak Libiako Zuwara hiritik atera ziren; Italiara iristeko asmoa zuten. Tunisiako TAP agentzia ofizialak eman zuen albistearen berri, eta gerora Nazioarteko Migrazio Erakundeak (IOM) baieztatu zuen gertaturikoa. TAPek 70era igo zuen hildakoen kopurua, eta jakinarazi zuen Tunisiako itsas armadak hamasei migratzaile salbatu zituela, arrantzale batzuen abisuari esker.

Yussef Txahed Tunisiako lehen ministroa kezkatuta agertu zen duela bi aste, Libiatik zetozen migratzaile kopurua hazten ari zelako: «Beldur gara 2011ko esperientzia errepikatuko den, Tunisiara milaka errefuxiatu iritsi zirenekoa». Libia gerra zibil batean dago murgilduta 2011z geroztik, baina azken asteotan egoerak okerrera egin du, Khalifa Haftar ekialdeko buruzagi militarrak Tripoli hiriburua hartzeko erasoak hasi baitzituen joan den apirilaren 4an. Azken asteotako borroketan 550 lagun hil dira, eta beste 30.000k lekualdatu behar izan dute, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Gainera, eraso horiek hiriburuaren hegoaldeko atxilotze zentroetan dauden migratzaileei ere eragin diete, eta horiek iparraldera eramateko ahaleginetan murgilduta dago Nazio Batuen Erakundearen (NBE) babesa duen Fayez al-Serrajen gobernua.

Tripolitik Tunisiarako mugara dauden hondartzak kontrolpean dituzte migratzaileekin trafikatzen duten mafiek, eta gehienek iheslariak handik bidaltzen dituzte Europara bidean, baldintza oso txarretan. Atzoko hondoratzetik bizirik atera zirenen arabera, 60 eta 70 pertsona artean zeuden ontzian; ezbehar horren berri jakin aurretik, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Babar Balochek gogorarazi zuen NBEk hainbatetan agertu duela «kezka» barkuak falta direlako Libiako «egoera lazgarritik ihesean» doazen pertsonentzat.

Gehienak Italiara bidean

IOMren datuen arabera, aurten 440 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan, Europa hegoaldeko kostetara iritsi nahian; horietako 257k bizia galdu zuten itsasoaren erdialdetik doan bidean, Italia helmuga duenean. Urtarrilean, 170 migratzaile desagertu ziren istripu batean, eta harrezkero ez dago haien berririk.

Erakunde beraren arabera, iaz 2.297 lagun hil edo desagertu ziren itsaso horretan; beste 116.959k kontinente zaharrera iristea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.