EIko hainbat presok mutin bat piztu dute Rojavako espetxe batean

Al-Hasakako espetxean Estatu Islamikoko 5.000 preso daude. Segurtasun indar kurduek 24 ordu behar izan dituzte kontrola berreskuratzeko, baina hainbat presok ihes egitea lortu dute

Estatu Islamikoko presoak daude Rojavako kartzela gehienetan. Kartzela baten artxiboko irudia. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Igande arratsaldean hasi zen mutina Al-Hasakako espetxean, Rojavan. Estatu Islamikoko 5.000 preso inguru daude bertan, eta kartzela SDF Siriako Indar Demokratikoek kudeatzen dute. Segurtasun indarrek 24 ordu behar izan zituzten matxinatutako presoak kontrolpean hartu ahal izateko.

Kino Gabriel SDFko bozeramaileak azaldu duenez, gertatutakoak argi uzten du indar kurduek izan badutela espetxea kudeatzeko gaitasuna. «Baina erne egon beharra dugu; nazioarteko komunitatearen eta koalizioaren esku hartze handiagoa behar da atxilotze zentroetako eta mertzenarioak eta haien familiak dauden eremuetako segurtasuna bermatzeko».

Herenegun gauean, EI Estatu Islamikoko presoak matxinatu egin ziren, eta baita SDFko zaindariak bahitzen ahalegindu ere. Mertzenarioek tapakietan idatzi zuten beren eskaria: nazioarteko koalizioko ordezkari batekin eta Gurutze Gorriko beste batekin bildu ahal izatea.

Hasieran, zaindariak atxikitzen ahalegindu ziren presoak. Baina ez zuten lortu, eta Estatu Islamikoko mertzenarioak ziegen arteko hesiak botatzen hasi ziren kanpora atera ahal izateko. Ateak eta haiek ixteko erabilitako metalezko barrak kendu zituzten horretarako. Batzuek lortu zuten pabiloietako ateak apurtzea, baita korridoreetara irtetea ere. Han saiatu ziren beste pabiloi batzuetako ateak apurtzen, beste batzuek korridoreetan ateak zabaltzeko ahaleginetan jarraitzen zuten bitartean.

Haserrea eta indarkeria handituz joan ziren heinean, segurtasun indarrek galdu egin zuten espetxeko eremu batzuen gaineko kontrola.

Igande gauerdirako, espetxeko zuzendari Rubar Hesenek aitortu zuen presoek zutela kartzelaren gaineko kontrola, eta kalte materialak handiak zirela. Hesenek esan zuen segurtasun indarrak ez zirela gai matxinatutako presoak kontrolpean hartzeko, azken horien kopuru handia zela eta. Horiek hala, errefortzuak eskatu zituzten.

Goizaldeko ordu biak eta hirurak bitartean, mertzenarioetako batzuek espetxetik ihes egin eta ezkutatzea lortu zuten. SDFko segurtasun indarrek eguna argitu arte itxaron behar izan zuten esku hartu ahal izateko. Ordurako espetxeko aire eremuan zeuden nazioarteko indarrek bidalitako hegazkinak. Dena den, lerro hauek idazteko unean indar kurduek ez zuten oraindik kartzelaren gaineko kontrol osoa berreskuratu. SDFko bozeramaile Mustafa Balik azaldu zuenez, solairu batean matxinatuta jarraitzen zuten presoek. Ihesaldian zenbat presok parte hartu zuten galdetuta ere, ez zuen xehetasunik eman nahi izan.

Mutinak, ugarituz

Al-Hasakako espetxeko preso gehienak Baghuzen atxilotutako Estatu Islamikoko mertzenarioak dira. 2019ko martxoan amaitu ziren han borrokak. Turkiak urriaren 9an Siria iparraldea okupatu ostean, ordea, preso dauden jihadistak mutinak antolatzen hasi dira inguruko hainbat atxilotze zentrotan.

Ez da lehen aldia kurduek espetxeen zaintzarako laguntza eskatzen dutela. Izan ere, Turkiako armadak haien aurkako erasoaldia gogortu ahala, gero eta zailagoa da kartzeletako segurtasuna bermatzea, besteak beste, SDFko kideetako askok frontera joan behar izan dutelako.

Turkiarrek Qamixli eta Ain Issako espetxeak bonbardatu zituzten lehenik, eta mila mertzenario ingururi ihes egiteko aukera eman horrela. Aldi berean, mertzenarioen bikotekideak ere matxinadak antolatzen hasi ziren; azken horiek Rojavako hainbat esparrutan daude banatuta.

Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoaren menpeko lurretan Estatu Islamikoko 10.000 preso inguru daude, eta horietatik 2.000 inguru atzerritarrak dira. Horiez gain, inguruan bizitzera joan dira 60.000 senide ere.

Kurduak izan ziren denbora luzez AEBen aliatu nagusia Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Baina iazko urrian AEBek tropak erretiratu zituztela baliatuta, Turkiak kurduen aurka jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.