Iparraldeko ordezkaritzak presoen gaia «deskonfinatu» nahi du

Euskal presoen egoera «muturrekoa», «lotsagarria» eta «onartezina» dela salatu dute, eta «bake prozesuaren beste ofentsiba batera» pasatzeko beharra erakusten duela

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideak, atzo goizean, Baionan egin zuten agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Frantziako Justizia ministerioarekin bilduko da ondoko hamar egunetan euskal presoek bizi duten «egoera larria» aipatzeko. «Zintzilik ditugun auziei konponbide perspektiba bat ekartzea da helburua», azaldu du Anaiz Funosas ordezkaritzako kide eta Bake Bideko presidenteak. Konfinamendua «bortitza» eta «zaila» izan dela azpimarratu du: «Euskal presoek bizi duten egoera eskandalagarria eta onartezina da». Tonu gogorrarekin mintzatu dira agerraldian hitza hartu duten ordezkaritzako kideak, Frantziari abisua emanez: «Bilkura horren bukaeran erantzunik ez badugu, askoz ere urrunago joanen gara», adierazi du Frederic Espagnac PSko senatariak. «Gure pazientziak mugak ditu; aitzinamenduak izan dira, baina denbora gehiegi darama geldirik», erran du Max Brisson Errepublikanoetako senatariak, eta, bilkuraren ondotik mugimendurik ez bada: «Gizarte zibilaren babesarekin bestelako ekintza mota batzuetara pasatu beharko dugu; ezin dugu gibelera egin».

COVID-19 birusaren hedapena dela eta, Frantziako Justizia ministerioak presondegiak arintzeko neurria hartu zuen; Frantziako 13.000 preso askatu dituzte. Beren adinagatik edo patologiagatik, kartzelatik ateratzeko irizpideetan sartzen ziren sei euskal preso: Jakes Esnal, Jon Kepa Parot, Frederic Haranburu Xistor, Josu Urrutikoetxea, Ibon Fernandez Iradi eta Juan Krux Maiza Artola. Baina, baldintzetarik bat «terrorismoarekin zerikusia duten egintzengatik kondenatua ez izatea» izanez, ezin izan zuten neurri horretaz baliatu. «Horrek erakusten du, zoritxarrez, ez ditugula oraindik salbuespenezko neurriak bukatu, nahiz eta duela hiru urtetik ministerioarekin daramatzagun eztabaiden ibilbide orriaren parte izan», azaldu du Funosasek. Frantziako Justizia ministerioarekin elkarrizketak abiatu zituztenean salbuespen neurriak bertan behera uzteko bide orri bat adostu zutela esplikatu du Mixel Berhokoirigoin bakegileak. Adostutako bide orri horrekin segitzen dutela segurtatua du: «Baina beste bide orri bat beharko dugu, zeinetan, kartzela izan beharrean, beste errealitate bat izango den presoentzat».

Bereziki aipatu dute Urrutikoetxearen kasua, kontuan hartuta bera dagoen presondegian, Parisko La Santen, koronabirusak zenbait zaindari eta preso kutsatuzituela. Espetxeko mediku buruak alerta bat ezarri zuen martxan, eta Urrutikoetxearen kartzelatzea bertan behera uzteko gomendatu zuen. Baina ez zioten onartu.

«Bakartuak, urrunduak, bisitarik gabe konfinamendu garaitik, COVID-19aren esparruan gomendaturiko neurrietatik kanpo; hori da osasun krisi honek nabarmendu duen errealitate tristea», salatu dute ordezkaritzako kideek. Patxi Ruizen egoera horren isla dela adierazi dute: «Berriz ere alarma jotzera garamatza: salbuespeneko neurriak aplikatzea, kartzelatzearen edo urruntzearen baldintzek, edo irteera perspektibarik ez izateak, horiek muturreko zein itzulezineko egoeren iturburu baizik ezin dira izan».

Esnal, ekainaren 25ean

Jakes Esnalen kasua ere aipagai izan dute. 70 urte betetzear da euskal preso hori, eta 30 urte bete ditu preso apirilean. Maiatzaren 12an, baldintzapean askatzeko eskaera onartu zion Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, baina terrorismoaren aurkako fiskaltzak helegitea ezarri zuen berehala, eta preso segitu beharko du. Ekainaren 25ean epaituko du kasua Parisko Dei Auzitegiak. Egoerak «frustrazioa» sortu badu ere, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak erabilitako argudioak azpimarratu dituzte, beste behin. Fiskaltzak estatuarekin duen lotura azpimarratuta, Justizia ministerioarekin eginen duten bilkuran galdera zuzen bat eginen dietela erran dute: «Preso horiek zigorra heriotzaraino bete behar dutela erabaki ote dute? Hala bada, ulertezina eta arriskutsua litzateke. Hala ez bada, berehala aska ditzatela». Halaber, berriki Esnal, Parot eta Haranbururen zigorren kommutazio eskaeraberretsi dutela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.