Errusiak segurtasun itun bat proposatuko dio «laster» NATOri

Lavrov eta Blinken Ukrainaz hitz egiteko bildu dira. Moskuk ohar egin du bere segurtasun kezkei entzungor egitearen arriskuez. Washingtonek eskatu dio diplomaziaren bidea hautatzeko

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, atzo, Stockholmen, Ukrainako krisia aztertzeko egin zuten bileran. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ukraina Errusiaren eta Mendebaldearen arteko interes talken jokalekurik goriena bihurtu da. Moskuk eta NATOk mugaren alde banatan pilatu dituzten baliabide militarrek gorenera eraman dute tentsioa, eta aldeek elkarrizketak izan zituzten atzo, indarraren bidezko esku hartze bat saihesteko. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa bildu ziren, Stockholmen, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen bilkura batean zirela baliatuta. Biak agertu ziren egoera baretzearen alde aurrez aurre elkartu baino lehen, baina jarrerek lehen bezain urrun jarraitzen dutela ondoriozta daiteke ostean egin zituzten adierazpenetatik. Dena den, baliteke negoziaziorako bide bat zabaltzea. Errusiak jakinarazi du segurtasun itun baterako proposamena egingo diola NATOri.

Errusiak ez du «inolako gatazkarik» nahi Ukrainan, Lavroven esanetan. Aitortu du egoera «tentsio handikoa» dela, eta irtenbide bakarra dagoela: «Interesen oreka bat bilatzea». Horretarako «ahalegina» egiteko gertu agertu da. «Gure kide estatubatuarrek behin baino gehiagotan esan dute lagundu egin nahi dutela, Normandiako formatua apurtu gabe [Errusiaren, Ukrainaren, Frantziaren eta Alemaniaren arteko negoziaziorako gunea], aurreko administrazioaren aurretik martxan zen elkarrizketa bidea berriro indarrean jarriz. Gu prest gaude».

Blinkenek ere egoera baretzearen aldeko mezua zabaldu zuen Lavrovekin bildu aurretik. «Diplomazia baliatzea da krisia eragozteko modurik onena, eta horri buruz eztabaidatu nahi dut Sergeirekin».

Bileraren ostean, baina, ez da hurbiltze keinurik izan. Bi aldeek eutsi diete orain arte egin dituzten salaketei, eta jarreraz ez aldatzeak «ondorio larriak» ekarriko dituela ohartarazi diote batak besteari. Washingtonek berriro adierazi du Ukrainan indarrez esku hartzeak «kostu handia» izango duela Errusiarentzat. Eskatu dio atzera erretiratzeko Ukrainarekin duen mugara hurbildu dituen baliabide militarrak, eta Minskeko akordioan hartutako konpromisoak osorik betetzeko.

Errusiako Atzerri Ministerioaren iritziz, berriz, arduragabea litzateke «Errusiaren kezkei ezikusiarena egitea» eta «UkrainaAEBen joko geopolitikora bultzatzea», Mosku «erantzutera» behartuko lukeelako, balantza militarra eta estrategikoa orekatze aldera.

Errusiak nabarmendu du bere kezka nagusia dela NATO Europa ekialdeko herrialdeetan hedatzea, uste duelako horrek arriskuan jartzen duela haren segurtasuna. «Luzerako bermeak» galdegin dizkio Atlantikoko aliantza militarrari hedatze hori geldituko duela ziurtatzeko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak joan den asteazkenean zehaztu zuen zein den bere «marra gorria»: NATOk Ukrainan bere misilak kokatzea. Presidenteak negoziatzeko proposatu zion NATOri, eta Lavrovek atzo jakinarazi zuen Moskuk eskaintza zehatz bat egingo duela «laster».

Atzerri ministroaren ustez, orain gakoa izango da «Mendebaldeak zenbateko seriotasunez hartuko duen aintzat, zenbateraino interesatzen zaion [tentsio] gorakadan atzera egitea, eta bere hegemonia hedatzeko aldebakarreko mugimenduak etengo dituen». Lavrovek nabarmendu du Errusiak ez dituela beretzako bermeak proposatuko soilik, baizik eta «berme kolektiboak».

Ukraina ez da NATOko kide; haren aliatua da. Baina aliantzaren parte izateko nahia agertu du, eta herrialdeko Atzerri ministroak asteazkenean adierazi zuen urrats hori «saihetsezina» dela. Errusiaren iritziz, halako erabaki batek arriskuan jarriko luke eskualdeko segurtasuna eta egonkortasuna. Aldiz, Mendebaldeak Ukrainaren «independentzia» aldarrikatu du, eta nahi dituen akordio militarrak egiteko eskubidea duela babestu. «Errusiak ez du zer esanik, eta ez du eskubiderik bere bizilagunak kontrolatzen ahalegintzeko», esan zuen asteazkenean Jens StoltenbergNATOko idazkari nagusiak.

Moskuren iritziz, ordea,NATOren «mantra» hori Atlantikoko aliantzan sartu nahi duten herrialdeei soilik aitortze die Mendebaldeak; Ukrainari eta Georgiari, alegia.

Brusela, Kieven babesle

AEBek eta NATOk bezala, Europako Batasunak ere babes osoa agertu dio Ukrainaren «independentziari, batasunari, subiranotasunari eta lurralde integritateari», Josep Borrell blokeko diplomaziaburuaren ahotik. Borrell Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebarekin bildu da Stockholmen, eta Errusiaren kontrako balizko zigor ekonomikoak aztertu dituzte, Errusiak Ukrainari eraso eginez gero horiek indarrean jartzeko.

Europako Batzordeak onartu du Ukrainako armadari 31 milioi euroko laguntza ematea, beste 12,75 milioi eurokoa Georgiako armadari, eta zazpi milioi eurokoa Moldaviakoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.