Eskuz Binakako Txapelketa

Bertan behera geratu da finala

EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin ditu Baikoko hamabost pilotari grebalarien izenean ELAk eskatutako kautela neurriak, eta atzeratu egin du bihar Bilbon jokatzekoa zen binakakoaren finala

Miribilla pilotalekua, hutsik, herenegun, finaleko pilotak aukeratu aurretik. SMARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ez da finalik jokatuko bihar. Ez dira ariko Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija Bilbon, Miribilla pilotalekuan, binakakoaren txapela irabazi nahian. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zituen atzo ELA sindikatuak Baiko enpresako hamabost pilotari grebalarien izenean eskatutako kautela neurriak, eta bertan behera utzi zuen Binakako Txapelketaren finala.

ELAk salaketa jarria zuen Eskuz Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) epaile bakarrak hartutako erabakiaren aurka: Baikoko hamabost pilotarik deitutako greba egiteagatik, Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri galdutzat eman zien Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurkako finalerdietako ligaxkako partida erabakigarria: 22-0. Sindikatuaren arabera, erabaki hori hartuta, Enpresen Ligak greba eskubidea «urratu» zuen. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak salaketa horretaz epaia eman arte asteak igaro zitezkeenez, kautela neurriak hartzeko eskatu zuen sindikatuak, epaia iritsi artean finala ez zedin jokatu, eta kalteak ez zitezen handiagoak izan.

Eta EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zizkion atzo kautelaneurri horiek, eta, joan den larunbateko neurketaren inguruko salaketa argitu arte, finala ez jokatzea erabaki zuen. Hiru epailek aztertu dute auzia: bi alde azaldu dira, eta bat kontra. Epaile horrek boto partikularra eman du erabakiaren aurka, horretarako «urgentziarik» ez dagoela argudiatuta. Hala ere, beste bi epaileen moduan, hark ere dio greba eskubidea «urratu den zantzuak» daudela. Autoak dioenez, irmoa da epaia, eta ezin da helegiterik aurkeztu.

Sindikatuak eta pilotariek «pozez» hartu zuten erabakia, baina berriro utzi nahi izan zuten argi gatazkaren konponbidea ez dagoela epaitegietan, «negoziazio-mahaian baizik». «Egoera hau ez da erosoa inorentzat, eta argi utzi nahi dugu gure ateak beti daudela irekita, betiere, fede onez negoziatu nahi bada. Baikori eskatzen diogu utz ditzala grebaren eta langileen aurkako jarrerak, eta eser dadila negoziatzera, akordio bat lortu arte», zioten ohar batean.

Enpresen Ligak, berriz, zera salatu zuen: EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia hartu duela «euren interesak defendatzeko alegazioak eta frogak aurkezteko inolako aukerarik eman gabe». Epaile batek urgentziarik ez zegoela esan izana ere nabarmendu zuen, eta iragarri zuen ezen EAEko Auzitegi Nagusian «beharrezkoak diren ekinbideak» hartuko dituela. «Pena handiz» hartu du finala bertan behera geratu delako, eta hurrengo egunetan argituko du zer egingo duen bertan behera geratutako jaialdiekin eta nola itzuliko duen sarreren dirua.

Aldaketak jaialdietan

Izan ere, greba dela-eta, hainbat jaialdi geratuko dira bertan behera. Atzo, adibidez, ez zen jokatu Bilbokoa, nahiz eta Baikok hori egiteko asmoa zuen. Hiru neurketako jaialdia antolatu zuen, eta greban dauden zortzi pilotari aukeratu zituen, jaialdiko guztiak: Asier Agirre, Aitor Aranguren, Oinatz Bengoetxea, Ibai Zabala, Joanes Bakaikoa, Jon Ander Albisu, Beñat Urretabizkaia eta Ruben Salaverri. Grebarekin bat eginez, bat bera ere ez zen aurkeztu.

ELAk salatu zuenez, «sekula» ez da horrelakorik ikusi. «Guztiz ezohikoa da bai Baikok jaialdi bakar batean hiru partida programatzea, bai ostiralean egitea, bai enpresa bereko zortzi pilotarirekin betetzea. Eta are harrigarriagoa da kontuan izanda programatutako pilotari guztiak grebalariak direla». Sindikatuaren arabera, «deigarria» da enpresak greba egoera aprobetxatzea jaialdi bakar batean hainbeste partida programatzeko. «Jarrera horrek ez du inondik inora gatazkari irtenbide bat ematea ahalbidetuko, eta langileek mobilizazioak egiteko benetako arrazoiak zituztela berretsi baino ez du egiten».

Horregatik, aztertu egingo du zein bide juridiko hartu ekintza horren aurka. «Uste dugu beste behin ere enpresa grebarako eskubidea urratzen ari dela. Hala ere, azken egunetan esandakoa errepikatzen dugu: enpresak ez luke gatazka hau are gehiago korapilatu behar, konponbidea ez baitago epaitegietan. Fede ona negoziazio-mahaian erakusten da, ez komunikabideetan».

Atzo Bilbon jazotakoa berriro ere gertatuko da gaur, Etxebarrin (Bizkaia), Baikok bi partidako jaialdia antolatu baitu, eta aukeratu dituen sei pilotarietatik bost baitira grebalariak: Jon Erasun, Bengoetxea VI.a, Andoni Aretxabaleta, Agirre eta Mikel Larunbe. Iraitz Zubizarreta da salbuespena. Ez da jokatuko jaialdia. ETB1k emango zuen. Baina telebistak izango du zer eskaini, Aspek atzo iragarri baitzuen jaialdia antolatu duela gaur Tolosan (Gipuzkoa), 17:30ean. Aspeko zortzi pilotari ariko dira: Elordi-Garmendia, Zabala-Ruizen aurka; eta Egiguren V.a-Zabaleta, Salaberria-Rezustaren kontra. Bihar, berriz, Baikok jaialdia antolatu du finalaren ordez, Miribillan. Urrutikoetxea eta Zubizarreta III.a ariko dira lehenbizi, eta Olaizola II.a-Uriondo eta Larrazabal-Imaz ondoren. Larrazabal amurrioarrak debuta egingo du. Grebarekin bat ez duten pilotariak dira guztiak.

Egoera gero eta korapilatsuagoa da, eta ikusteko dago noiz has daiteke bideratzen. Astebete pasatxoan Baiko ez da jarri harremanetan pilotarien ordezkariekin, baina atzo hots egin zien, eta beste bilera baterako deitu. Datorren asteartean dute egitekoa, Bilbon. Hain zuzen, egun horretan dira aurkeztekoa Banakako Txapelketa, baita Bilbon ere. Baina ikusteko dago Enpresen Ligak asmo horri eutsiko dion.

Pilotariak «gogoz» joango dira bilerara. Hala azpimarratu zuen atzo Ibai Zabalak, baina zehaztu zuen lehen bilerara baino «ilusio txikiagoarekin eta zuhurtzia handiagoarekin» joango direla. «Epaiak dio ondo ari garela. Ziur gaude auzitegiak haien alde egin izan balu, ez zigutela deituko. Horrek agerian uzten du zein den haien borondatea. Hala ere, guk beti esan dugu ez dugula epaitegietan ibili nahi, eta hitz egin nahi dugula. Baina zintzo, eta egoak eta joko zikina bazter batean utzita. Zentzugabekeria asko ari da egiten enpresa: hainbat pilotari debutarazi, adibidez. Eta gero esango du tokirik ez dagoela». Aspek gaur jaialdia antolatzeaz, berriz, esan zuen ez zaiola ondo iruditzen. «Baikok antolatu behar zuen jaialdi bat ordezkatuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.