Antzerki aro jori baten lekuko

Gillom Irigoienek 1980ko hamarkadako zazpi antzerki eta tobera testu bat bildu ditu 'Garazin antzerki 1' liburuan. Maiatzek argitaratu, eta Antton Lukuk herri antzerkiaz gogoeta egin du sar-hitzean
Luzien Etxezaharreta Maiatzeko editorea —ezkerrean— eta Gillom Irigoien <em>Garazin antzerki 1</em> lanaren egilea —eskuinean—, Baionan, lana aurkezten.
Luzien Etxezaharreta Maiatzeko editorea —ezkerrean— eta Gillom Irigoien Garazin antzerki 1 lanaren egilea —eskuinean—, Baionan, lana aurkezten. I. ETXELEKU

Iñaki Etxeleku -

2019ko apirilak 25
Zortzi antzerki testu, hamabi urtetan taularatuak izan zirenak. Gillom Irigoien sortzez ainhiztarrak (Baxenabarre) utzi uzta bildu du liburu bakarrean Maiatz argitaletxeak, Garazin antzerki 1 izenburupean. Izenak dioen bezala, segida izango duen sail baten lehenbizikoa, Donibane Garaziko beste antzerki idazleen testuekin.

Hiruak Bat antzerki taldearekin eman zituzten testu gehienak, 1984-1990 artean. Oholtzaratu zituzten sei eta tobera testu bat; Eiheralarre-Ezterenzubiko gazteek manatu zioten Irigoieni 1988an, herriko plazan emateko. Berantago etorri zen beste manatze baten emaitza ere: Mandotik astora. Hiruak Bat taldearen bi aroak oroitarazi ditu Irigoienek. Lehena, Hiruak Bat: Jean Pierra Peyroutet erretoreak sortu zuenekoa, 1970eko hamarkadan, Ainhize-Monjolose, Gamarte eta Lakarrako gazteak bere gisan gobernatzeko; bereziki, Piarres Larzabal, Telesforo Monzon eta Daniel Landarten testuekin. Bigarren aroa Gillon Irigoienen lumatik egingo da: Hiruak Bat 2.

Antzerkiaren gustua eta idaztera akuilatu duten bi herentzia azpimarratu ditu idazleak. Lehena, Hiruak Bat, eta haren segida, hots, Biperbeltx taldea, Matalas, Mehe mehe ardi kaka mehe eta Egarriak eman zituenak. Eta bigarrena, Irri Pesta eta Irri Gauak, Ainhize-Monjoloseko gazteek antolatuak, 1977tik harat. «Plazan antzerkia zelarik, dena zen serio, diskurtso edo prediku. Orduan ere ibiltzen ginen abertzale, euskaltzale munduan, eta gauzak serioski egiten ziren, ez zen irririk».

Irri Gauen «kontzeptua» hatsantzerat zihoalarik eta armadaren egitera beharturik, Euskal Herritik urrundua izan zen Irigoien. AEBetatik, Telesforo Monzon saria eman zioten lehen antzerkiaren idazteko baliatu zuen erbestea: Zortzi ehun ahari (1984). Hark zuen Hiruak Bat berpiztu, delako Hiruak Bat 2.

Bigarren antzerkia Eskalapuñak izan zen. «Hor sartzen gara umorearen, absurdoaren munduan, mundu zabaleko gaiez, euskaratik eta euskaraz». Baita orduko gai kilika batzuen taularatzeko ere. «Nahiz umorea eta absurdoa nagusi ziren, ideien aldetik sailkatzen ahal da ezker-aber(tzale) alter-futitu eraikitzaile batean». Ondoko antzerkiak Apetitu on, Hamar manu minduak, Polüzione pullozione eta Don Iban eta Ibai Gorri izan ziren, jokalari berriekin. «Hiruak Bat zen herriko gazteen antzerki taldea, eta hortik aitzina bilakatu zen herri antzerki taldea». Ainhize, Gamarte eta Lakarrakoez gain, beste herri batzuetarik jin antzerkilariak sartu ziren, bost urtez, urtero antzerki muntatzen ariko zen taldea osatuz. Haietan, Antton Luku, Garazin antzerki 1 liburuaren sar-hitza idatzi duena, preseski. Hamar manu minduak antzerkiaz dioenak argitzen du antzerkigintza nolakoa zen: «Kopeta, ozarkeria eta ahogorrikeria handia dauka. Itxuraz. Testua eskeletikoa da, pertsonaiak karikaturalak. Edo komikikoak. Testu horrek hobekienik ekartzen du berekin Hiruak Baten marka niretzat».

Irigoienen antzerki testu bat gelditu da eman gabe; «hilaurtua», dio Lukuk. Aupa Garazi eman zion izena. Gaia Donibane Garaziko Jai-Alaiaren ingurukoa zen. Urte hartan eraikina obretan zen, eta, zorigaitzak jorik, langile bat erori zen teilatutik, eta bizia galdu. Antzerkia ezin eman.

Zirtzil hatseko taldea

Umorea, arraileria, tritzoak, sasi-bertsolariak. Hitz horiek errepikatzen dira 1980ko hamarkadako antzerki talde «besteak-ez-bezalako» horren kalifikatzeko. Antzerki aro joria zen, baina haiek, bai funtsean, bai forman, bazuten ausartzea: «Hodei batean bezala ginen, eta gauzak egiten ziren etortzen ziren bezala. Ez ginen lotsa deusetarik partitu eta antzerki izkiriatzerat joateko».

Talde bizi batekin. Jokalari berriak sartzearekin, irriaz bestalde, antzerkiari buruzko eztabaidek ere pizten zutena. «Zernahi erraten zidaten, baina ororen buru aitzinatzen nintzen. Memento izugarri interesanteak, aberatsak, gozoak bizi izan ditugu, nahiz baziren eztabaidak, talde humano guzietan bezala». Harekin zorrak kitatu nahi izan ditu Irigoienek: «Hainbeste iraun badu, talde bati esker izan da».

Euskara eta hitzen josteta zuten laket. «Pentsatzen genuen hitza zela nagusi; euskal hitzak behar zuela bere lekua. Garai hartan sentitzen baitzen hitzak leku gutiago zuela; gorputz espresioa behar zela-eta entzuten genuen». Gehiago dena, euskara aberatseko testuingurua zuen eskualdeak, ez oraino hainbeste diglosiak joa: «Suertea izan dugu, sortu baikara oraino osoki euskaraduna zen jendarte batean, mundua euskaraz interpretatzen zuena, hitza sekula predikatzen uzten ez zuen solasarekin; gradu guziak arraileriaren bahetik pasarazten zituena». Irigoienen gogoeta zehaztu du Lukuk: «Garazi guzia bustitzen zuen euskara, malgu, zalu, sotil eta irri egingarria».

Hiruak Batekoen giroaren eta euskara horren definitzeko bidean, bilaketa bat egin du Lukuk sar-hitzean. Lizeoan irakasle zelarik, gurasoek antzerkiak hizkuntza mailarentzat izan zezakeen ekarpenaz zuten jakin-mina kontatzen du. «Kontziente dira haurrei eskolak ez diela haien hizkuntzari metxa ekarriko. Arraileria diote batzuek. Lanbro fin bat da erranaren gainean sokadantzan, hori gabe euskara ez baita euskara». Eta metxa edo arraileria hori taldean baizik ez dela hazten. «Arraileria ez baita kolektiboa baizik izaten ahal, zerbaiten sortzeko dinamikan». Umore uretan zebilen Hiruak Bat. Luku: «Sasi-bertsolariz tapatua zen taldea, eta arraileria laster bilakatuko zen taldearen identitate marka».

Antzerkiak berak beste ikustate bat ere bazuen jendearengandik, gaur egun gehiago hautematen ez dena. Luku: «Arras gehiago eskatzen zitzaion antzerkiari denbora hartan; sinesten zen horren lanean, lauzkatua zen, gazaita-amak bazituen, espazioak irekitzen zitzaizkion».