Albistea entzun

Ideiekin apurtutako kateak

Joseba Zulaika antropologoak eman du Joxe Azurmendi Kongresuko lehen hitzaldia: 'Arbola beltzaren poema'. Biltzarreko irekiera ekitaldian, filosofoari aitortza egin diote arlo askotako eragileek (bideoa, albistearen amaieran).

Joxe Azurmendi pentsalaria —erdi-erdian—, atzo, berari eskainitako kongresuaren hasiera ekitaldian, Donostiako San Telmo museoan.
Joxe Azurmendi pentsalaria —erdi-erdian—, atzo, berari eskainitako kongresuaren hasiera ekitaldian, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko abenduak 12 - Donostia

Joseba Zulaika (Itziar, Gipuzkoa, 1948) antropologoari egokitu zitzaion atzo abiatu zuten Joxe Azurmendi. Euskal Pentsamenduaren ur-jauzia kongresuko lehen hitzaldia emateko ardura. Arbola beltzaren poema izena jarri zion, eta pasadizo pertsonal bat kontatuz egin zuen hitzaldiaurrea: 1971n, Londresen zegoela, poema luze bat idatzi zuen 21 urteko Zulaika gazteak, Adanen poema amaigabea. «Nire lehenengo idatzia zen, eta lagun batek, irakurri ostean, zakarrontzira botatzeko esan zidan». Joxe Azurmendiri (Zegama, Gipuzkoa, 1941) Alemaniara eskuizkribua helarazi ahal izan zion, baina, eta handik hilabetera jaso zuen Azurmendiren idatzi bat. «Nire irakurle funtsezkoa izan zen. Ni idazle banaiz, euskaldun idazle, Joxerengatik da. Beti aurkitu izan dut haren babesa, jakin arren ez zegoela ados nire zenbait idatzirekin. Horregatik nago hemen».

Behin hori esanda, pentsalariaren idazle genesia azaltzen saiatu zen Zulaika, ondorengo obra osoan egin duen subjektibazioari errepasoa eman ahal izateko. «Interesatzen zaidana da Joxe Azurmendik gure belaunaldiaren haustura oinarrizkoak nola idatzi eta bizi izan dituen». Genesi horretan, pentsalariak 1971n argitaratu zuen lan bat nabarmendu zuen antropologoak: Hitz berdeak, Azurmendiren poema liburu bakarra. Hor ageri da haren sorrera idazle gisa, Zulaikaren ustez. «Arbola beltzaren poema da zaharrenetako bat bilduma horretan, eta Azurmendiren gazte denborako barne giroa ondo azaltzen du: 20 urterekin, Arantzazuko fraidegaia da, eta fedea galdu duen ateoa sentitzen da bere baitan». 1962 aurretik gertatu zen hori, Gabriel Arestik Harri eta Herri kaleratu aurreko urtean. «Eta Azurmendi poetaren fede galtzearen aitorpen horren bihotzean dago gertakizun traumatiko bat: 14 urte zituenean, lan istripu baten ondorioz, aita hil zitzaion». Hala idatzi zuen Azurmendik: «Aita hil dit Jainkoak». Baita hau ere: «Kate honek lotzen nau, kate honek hiltzen nau». Izpirituz frantziskotar eta intelektualki ateo sentitu zen, Zulaikaren iritziz. Arestik bere Harri eta Herri Azurmendiri eta beste apaiz bati eskaini ziela nabarmendu zuen, eta kateon aipamena egiten duela liburu horretan, Azurmendiri eskainitako lerrootan: «Joxepe lagun maitea, nun da zeruko atea, kanta dezagun batea, apur dezagun katea».

Kate apurketa betean azaldu zuen antropologoak filosofoaren ekina. Eskribitzea oinarrizko gertatu zitzaion belaunaldi bateko kide izatetik. «Azurmendiri ere idaztea bihurtu zitzaion bizitzako zeregin inportanteena, erabaki oinarrizkoena. Aipatu dudan esperientzia traumatikoak egin zuen idazle. Ez karrera bat aurrera ateratzeko, bere kateetatik libratzeko baizik, gaztetako izaera eta sorterriari fideltasuna gordetzeko».

Zulaikak gerra ondoko euskal belaunaldien grinean kokatu zuen pentsalariaren lekukotasuna. «Euskal Herria helburu duen lekukotza, baina, betiere, Europan jarriz bere talaia». Bere garaiari egokitu zitzaion sentimendu agoniko unamunotarrarekin. Garai hori da, antropologoaren esanetan, «Gernikaren erreketarekin hasi eta ETAren akaberarekin amaitzen den euskal mendea». Euskal Herriak aldaketa erabatekoak bizi izan dituen aroa. «Eta Azurmendiren lana, oro har, euskal mendearen haustura ideologiko, erlijioso, kultural eta politikoak aztertzea izan da». Krisia hitz ikur bihurtuta. Bere hurbilekoei kritika egiteko gaitasuna beti erakutsiz. «Nozio politiko fundatzaileen inguruan ekarpen funtsezkoa izan da harena».

Irekiera ekitaldia

Zulaikaren hitzaldia baino lehen, irekiera ekitaldia egin zuten kongresua hartu duen San Telmo museoan, Azurmendi bera entzuleen artean lehen lerroan eserita zegoela. EHUko Joxe Azurmendi Katedraren zuzendari Iñaki Zabaletak hitz egin zuen lehenik,eta idazle, pentsalari eta filosofoaren obraren kantitatea eta sakonera nabarmendu: «Nazioarte mailako pentsalari bat daukagu etxean bertan». Pentsalari horrek landu dituen gaien askotarikotasuna aipatu zuen. Tartean, «ezerosoak» direnak ere bai. «Bere osotasunean, Joxeren obra konpromiso baten emaitza da. Aktibista bat da. Euskal hizkuntzaren, kulturaren eta pentsamenduaren aktibista bat. Altxor handi bat utzi digu. Oraindik ez da behar bezala aztertu». Altxor horrek laster ale berri bat izango duela ere aurreratu zuen Zabaletak: Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian. Kongresua bera, eta kongresua antolatzeko lana Jakin Fundazioarekin batera gidatu duen katedraren egitekoa, Zabaletaren esanetan, pentsalariaren obra ikertzea eta ezagutzera ematea da, «baina Joxe bera jainkotu gabe».

Jakin Fundazioaren izenean, Joan Mari Torrealdai aritu zen hizlari gero. Pentsalariaren obran taldeak izan duen garrantzia eta euskararen hautuaren zergatia azaldu zituen. Pedro Migel Etxenike zientzialariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta EHUko errektore Nekane Balluerkak ere hitz egin zuten. Denek egin zioten aitortza eta eskertza Azurmendiri, bere lanagatik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian Bilboko Guggenheim museoko ordezkariak eta komisarioak ©Monika del Valle/ Foku

Emakumezko artista abstraktuak bistaratu ditu Guggenheimek

Iñigo Astiz

Bilboko Guggenheim museoak emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa zabaldu du: Emakumeak abstrakziogile. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte

Edgar Wrighten 'Last Night in Soho' filmeko irudi bat. ©Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Amirpour, Blomkamp, Wheatley eta Wright, Beldurrezko Zinemaren 32. Astean

Andoni Imaz

Zinemaldiaren egitarau osoa aurkeztu dute, eta abonuak bihar jarriko dituzte salgai. La cabina-ren emanaldi berezi bat egingo dute, eta ziklo bat antolatu dute Stanislaw Lem idazlearen lanetan oinarritutako filmekin.

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Berria

Euskal musikaren ondarearen alde egindako lana aitortuko diote, haren berreskurapenean, aholkularitzan, zabalkundean eta sustapenean urte luzez garatutako jardun oparoa.

Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez eta Mikel Reparaz erdian, Javier de Isusi pantailan, eta Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordea hegaletan, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Euskadi saria Alex Gurrutxagari, Leteri buruzko saiakeragatik

Javi West Larrañaga

'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' liburuagatik jaso du saria Gurrutxagak. Txani Rodriguez, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi saritu dituzte gaztelerazko eta ilustrazioko arloetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.