Txertoa banatzeko «konpromiso politikoa» eskatu du OMEk

Tedros Adhanom idazkari nagusiak ohartarazi du COVID-19aren aurkako txertoak lehenik «ahulenen artean» banatu beharko liratekeela. Europan kasuek gora egin dute azken egunetan

OME Osasunaren Mundu Erakundeko idazkari nagusi Tedros Adhanom, atzo, Genevan. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
COVID-19aren aurkako txertoak «ondasun globala» izan behar duela nabarmendu zuen atzo OME Osasunanaren Mundu Erakundeko idazkari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek, eta salatu zenbait herrialde «beren mesederako akordioak» adosten ari direla, konpromiso politikoak hartu beharrean. «Txertoak eta koronabirusaren aurkako tratamenduak ondasun publikoa izan behar du. Ezin liteke herrialdeek duten aberastasunaren arabera lortu ahal izatea. Hori eragozteko, hoberena litzateke txerto bat aurkitutakoan hura mundu osora banatu ahal izatea. Baina gaur-gaurkoz ezinezkoa da hori, ez daukagulako gaitasun hori duen enpresarik. Beraz, bigarren aukera eta, agian, errealistena litzateke behin botika lortuta hura mundu osoko ahulenen artean banatzea zehaztu beharko genuke nortzuk diren horiek: beste gaitzen bat dutenak, adinekoak, eta abar, baina, horretarako, konpromiso politikoa behar dugu».

Tedrosek oharra igorri dio EB Europako Batasunari modu horretan. Izan ere, EBko hainbat estatu kidek, Alemania eta Frantzia tartean, botika enpresa batekin kontratua hitzartua dute txertoa lortzen duenean eurei hainbat milioi dosi eman diezaieten. AEBetan ere asko dira txertoa lortzeko lanetan ari diren botika enpresak, eta Washingtonek iragarri du 2021eko urtarrilerako prest izan ditzakeela 300 milioi dosi, baina herrialdean banatzeko. «Konpromiso politikoak ezin du soilik hitzezkoa izan. OMEk dirua behar du ikerketarako, eta baita txertoa eskuratutakoan hura banatzeko ere. Hori da benetako konpromisoa. Elkarlana da birus honi aurre egiteko modu bakarra», esan du Tedrosek.

Ikerketak orain arte bezala jarraitzen badu txertoa «urtebeteko epean» egon daitekeela azaldu du Tedrosek: «Baita azkarrago ere, ikerketentzako finantzaketa handiagoa lortuz gero». Zehaztu du dagoeneko ehun bat hautagai dituztela identifikatuak, eta haietatik lau «oso aurreratuta» daudela.

Akatsak

Pandemiaren kudeaketari buruz galdetuta, OMEko buruak ez du baztertu «hutsegiteren bat» egin izana. «Denok huts egiten dugu batzuetan, baina hortik ikasten jakiteko gaitasuna da garrantzitsuena», adierazi du, eta gogorarazi OMEk hasieratik onartu zuela batzorde independente batek bere lana gainbegiratzeko aukera. Bide batez, Txinak izandako jarrera ere defendatu du Tedrosek, eta nabarmendu du ezin zaiola leporatu berandu informatu izana gaitzari buruz, berak eman baitzuen abisua lehenengo. «Ez zen beste inor etorri gaitz beri bati buruzko informazioa zuela esanez; beraz, ezin diogu leporatu berandu ibili izana. Ez dugu ahaztu behar une oro elkarlanerako prest agertu dela Pekin, baita aditu independenteak baimentzeko eskatu genionean ere».

Pandemia amaitu osteko egoeraz ere hitz egin du Tedrosek, eta nabarmendu du nazioarteak aukera baliatu beharko lukeela «gizarte hobeago, berdeago eta berdinago bat» sortzeko. «Koronabirusak agerian utzi ditu gizarte taldeen arteko desberdintasunak. Horiek amaitzeko baliatu beharko luke aukera nazioarteak; besteak beste, lehen arretan eta gizarte laguntzan inbertsio handiagoak eginez. Osasuna ez da gastu bat; inbertsio bat da». Alde horretatik, lidergoa EBk hartu beharko lukeela iritzi dio OMEko buruak.

Herritarrei ere ahalegin bat egiteko eskatu die Tedrosek, eta ohartarazi ezin litekeela «orain arte bezala jarraitu». Haren esanetan, argi geratu da ingurumenari kalte eginez dirua aurreztea ez dela irtenbide iraunkor bat.

Hain zuzen ere, OMEko buruak europarlamentarien galderei erantzun zien egun berean jakin zen Europan gora egin dutela baieztatutako kasuek. OMEko Europarako arduradun Hans Klugen arabera, egunero beste 20.000 kasu atzematen dituzte kontinentean, eta 700 lagun inguru hiltzen dira. Denera, 2,5 milioi baino gehiago dira baieztatutako positiboak —OMEren Europa sailak 53 herrialde hartzen ditu barnean—.

Hala ere, Amerikan dago oraindik pandemiaren larriena. Azken astean, kasuak %25 eta %50 artean igo dira han, herrialdearen arabera. OMEren larrialdietarako buru Mike Ryanen esanetan, hainbat lurraldetan «transmisio komunitario iraunkor bat» mantentzea da horren arrazoia. Latinoamerikako herrialdeetan heriotza tasa Europan baino txikiagoa da, baina, halere, ia 100.000 lagun hil dira, eta okerrena heltzear egon liteke, neguan sartzear baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.