Albistea entzun

Ikusezintasunaren tripak

'Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak' erakusketa jarri du ikusgai San Telmo museoak, martxoaren 13ra arte. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa izan dira komisarioak
Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla, atzo, San Telmo museoko <em>Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak</em> erakusketan.
Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla, atzo, San Telmo museoko Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketan. G. ARANBURU / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko azaroak 27 - Donostia

Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak. Parentesi arteko ukazio horri begira dago Donostiako San Telmo museoak ireki berri duen erakusketa. Nola museo eta bilduma publikoek ez dituzten historikoki emakume artisten lanak bildu, nola ez diren maiz lehen mailakotzat hartu, nola heldu garen gaurko egunetara haiek ia ezagutu gabe, ez haien izenak, ez haien lanak. Bi urteko lana eskatu die Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa komisarioei —BERRIAko arte kritikariak ere badira— museoak egindako proposamena taxutzea, eta, oroz gain, egiteke dagoenaren dimentsioaz ohartzeko balio izan diela aipatu dute. Barcenilla: «Asko dira bildutako artistak, baina inolaz ere ez denak. Orain pixka bat gehiago ezagutzen ditugu, baina sakonean gutxi; hain gutxi ikertuak izan dira, sekulako ahalegina eskatzen du, bi urtean bi lagunen artean egiteko ezinezkoa». Horregatik, erakusketan proposatutako izenak eta ildoak garatzeko deia egin dute: «Artearen historiak partekatua eta askotariko ahotsez idatzia izan behar du, eta, ahalegin handi eta bateraturik ez badago, ezingo da erakutsi Euskal Herriko artearen historian dagoen ugaritasuna». Martxoaren 13ra arte izango da ikusgai erakusketa, jarduera paralelo ugarirekin.

Argi utzi dute komisarioek: ez dute emakume artisten ikusgarritasuna bakarrik bermatu nahi izan, haien lanak historikoki ikusezin zerk egin dituen bistaratu eta galderetan sakondu nahi izan dute. San Telmo museoko eta Gordailuko bildumak baliatu dituzte horretarako, baita Kutxa fundazioaren zenbait obra ere. Handik hartu dituzte 1969-1982 urte bitartean egin zen Pintoras de Guipúzcoa lehiaketako lanak; lehiaketa hura egitasmo garrantzitsua izan zen orduko emakume artista askoren ibilbidean.

Komisarioez eta Susana Soto museoko zuzendariaz gain, erakusketaren aurkezpenean izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, eta beste hainbat artista ere. Zupiriak aipatu du parekidetasunaren helburua kultur politiketara «berandu» iritsi dela, eta azpimarratu du Baginen, bagara erakusketak eta Artiumeko programazioak edota Guggenheimen egunotan ikusgai dagoen Emakumeak abstrakziogile erakusketak norabide horretan egiten dutela «presio»: «Presiorik ezean, oso zaila izaten da ezkutukoa argitara ateratzea».

Ildo bertsutik, Sotok ere euskal arte sisteman gertatzen ari den «mugimendu zabalago baten barruan» kokatu du erakusketa: «Museo ugari ari dira euren bildumetan dauden emakume artisten obrak argitara ateratzen. Eta kuriosoa da, gure bildumetan izan arren, zeinen ezezagun egiten zaizkigun. Askori ez genien aurpegirik ere jartzen, alderantziz nekez gertatzen zaiguna». Luzea da oso artisten zerrenda: Rosa Valverde, Maite Rocandio, Inocencia Arangoa, Victoria Malinowska, Marta Cardenas, Dora Salazar, Irene Lafitte...

Erakusketaren ezaugarririk behinena haien piezak bilatzea ez, jada bildumetan zeudenak aztertzea izan dela nabarmendu du museoko zuzendariak, eta zehaztu du azken bi urteetan erosi dituzten obrak direla orain ikusgai jarri dituztenetako asko. «Horrek aukera eman digu artista hauen tailerretara eta beren kezketara hurbiltzeko. Museo eta bilduma publikoek gizarte bat zer izan den islatzen dute, eta, gaur egun, gure gizarteak ezin du onartu gure museoetako bildumak parekideak ez izatea».

'Baginen'-etik 'Bagara'-ra

Handia da erakusketa, eta lau atal nagusitan egituratu dute, bisitariak sigi-saga zeharkatzeko moduan —dokumentazioko materiala erakusten duten trantsizioko txokoak ere ipini dituzte—. Baginen hitzaren azpian, museoek eta euren bildumek arte sisteman betetzen duten rolaz eta funtzioaz gogoeta egiteko baliatu dute lehen zatia. Informazio teoriko gehien biltzen duena da, eta XX. mendean bidea urratu zuten zenbait emakume artista ere nabarmendu nahi izan dituzte. Hor daude, halaber, Pintoras de Guipúzcoa lehiaketatik pasatutako zenbait lan.

Emakumeen presentzia izendatu dute bigarren atala, eta autorrepresentazioari eta gorputzari lotutako obrak jarri bertan. Barcenilla: «Oso interesgarria egin zaigu ikustea nola erretratatzen zuten beren burua: islatzen dute pintore gisa konfirmazio beharra zutela». Gorputzaren kasuan, nabarmendu nahi izan dute Esther Ferrer aitzindariaren ondotik 1990eko urteetan gertatu zen gorputz irudikapenaren «eztanda», feminismoa tarteko.

Hirugarren atalean, Sistemaren arauak izenekoan, historiografiak eta kritikak emakumezkoen lanak irakurtzeko erabili izan dituen hainbat kategorizazio aztertu dituzte. Femenino eta maskulino, esaterako. Ansa: «Emakumezkoen lanak femenino hitzarekin lotu izan dira kolore pastelagoak, pintzelkada lauagoak... zituztelako, eta kategorizazio hori zerbait negatibo gisa erabili izan da. Aldiz, hori berori gizonezko artistek egitea poetikotzat, lirikotzat... ulertu da. Zalantzan jarri nahi genituen termino horiek nola ekartzen duten gero lan batzuk goi mailakotzat jotzea, eta beste batzuk bigarren mailakotzat». Profesionaltasunaren inguruan galdetu, eta bi izen ere berreskuratu dituzte atal honetan: Maria Paz Jimenez artista, zeinak oihartzun nabaria izan zuen bizi artean, eta Maya Agiriano kritikaria.

Laugarrenean, berriz, historiografia berriak marrazteko zenbait lerro proposatu gura izan dituzte: 1970-1980ko figurazioan, 1980ko lengoia geometrikoan eta 1990eko adierazpide berrietan arreta jarrita. 80ko urteei lotzen zaien eskultura zurrrunaren irakurketa, esaterako, Maria Luisa Fernandez eta Elena Mendizabalen lanek nola aberastu duten azaldu dute, besteak beste.

Erakusketa amaitzeko, azkenik, diskurtsoz aiseago datorren eremu bat prestatu dute komisarioek, hainbat belaunalditako emakume artistaren lanak elkarrizketan jarriz. Bagara deitu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ikertzeko balio duten distantziak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

 ©BERRIA

Lukiek, eskemak nondik eta noraino apurtu

Itziar Ugarte Irizar

 

Hamar kantuko disko berria plazaratu du taldeak: '#2'. Kontraste ugariko lana ondu dute, egitura ezohikoak eta pasarte poperoagoak uztartuta. Arrasaten joko dute gaur; bihar, Tolosan

Juan Mari Aburto eta Fernando Perez, atzo, Azkuna zentroan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bost erakusketa egongo dira ikusgai aurten Bilboko Azkuna zentroan

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta arte bisualak indartzea izango du ardatzetako bat zentroak

Carla Simonen 'Alcarràs' filma. ©Berlinale

Claire Denis, Hong Sang-soo, Isaki Lacuesta eta Carla Simon, Urrezko Hartza eskuratzeko lehian

Andoni Imaz

Berlinalen, besteak beste, Mitra Farahani, Lucrecia Martel, Ulrich Seidl eta Peter Strickland zinemagileen lan berriak erakutsiko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.