Siriako gerra. Idlibeko erasoaldia

Erdoganek espero du su-etena adostea Putinekin egingo duen bileran

Turkiako presidentea etzi bilduko da Errusiakoarekin, Moskun. Ankararen esanetan, Siriako 2.500 soldadu baino gehiago «neutralizatu» ditu. Turkiak ez du aurrez aurrekorik nahi Errusiarekin

Turkiako polizia militar talde bat, joan den ostiralean, Siriak Idliben egindako aire eraso batean hildako soldadu baten hilkutxa garraiatzen, Turkiako Gulderen herrian. SEDAT SUNA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea Siriako Idlib probintziako borrokei irtenbide bat bilatzeko bilduko dira ostegunean, Moskun. Siriako armadak eta Turkiakoak elkarri eraso egin diote azken egunetan, baina Errusia ere auziaren parte da, haren laguntza militarra pisuzkoa izaten ari baita Damaskok Idlib bereganatu dezan. Erdoganek atzo adierazi zuen Putinekin ostegunean egingo duen bileran egoera baretzeko neurriak hartzea espero duela: «Su-eten bat, esaterako». Nazioartea adi egongo zaio bilkurari, Turkiaren eta Errusiaren arteko borroka zuzeneko bat pizteko arriskuak kezka eragin du eta.

Siriaren eta Turkiaren arteko tentsioa nabarmen areagotu zen joan den ostiralean, Siriako armadak Turkiako 34 soldadu hil zituela eta. Turkiak hainbat erasorekin erantzun du azken egunotan. Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroaren esanetan, «bi hegazkin, bi drone, zortzi helikoptero, 135 tanke, zortzi defentsa sistema antiaereo eta 2.557 soldadu neutralizatuak izan dira».

Idlib da Siriako Gobernuari herrialdeko lurralde osoa kontrolpean hartzeko falta zaion azken probintzia. Turkiak babestutako talde matxinoek eta hainbat talde islamistak kontrolatzen dituzte probintzia horretako zenbait eremu. Talde horiek kanporatzeko hasi zuen erasoaldia Damaskok, Errusiaren laguntzarekin. Turkiak Udaberriko Ezkutuaoperazioarekin egin dio aurre Baxar al-Assad Siriako presidentearen oldarraldiari.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak atzo jakinarazi zuenez, Turkiak Siriaren hemeretzi soldadu hil zituen astelehen goizaldean, droneekin egindako eraso batean. Siriako armadaren konboi militar baten eta defentsarako hainbat sistema antiaereoren kontra egin zuen. Horrez gain, igandean, Siriako bi hegazkin militar bota zituen Turkiak. Pilotuek paraxutekin jauzi egitea lortu zuten, eta onik irten ziren. Al-Assadek Siria ipar-mendebaldeko aire eremua ixtea erabaki zuen egun berean, eta Damaskok Turkiaren hiru drone suntsitu zituen.

Saraqeb, Damaskoren esku

Siriako armadak Idlib bereganatzeko borrokarekin jarraitu zuen atzo, eta Saraqeb hiria berreskuratzea lortu zuen. Turkiak babestutako matxinoek hartu zuten Idlib probintziako hiririk handienetako bigarrenaren kontrola joan den astean, baina Siriak berriro bere egitea lortu du, Errusiaren hegazkinen bonbardaketek lagunduta. Saraqeb garrantzi estrategiko handiko hiria da, Damasko Aleporekin lotzen duen autobidea pasatzen baita handik.

Turkiak jendaurrean adierazi du ez duela aurrez aurrekorik nahi Errusiarekin. Nahi hori islatzen du erasoen ardura soilik Al-Assadi leporatu izanak ere, nahiz eta Damaskok Errusiaren laguntza militarra izan duen Idliben aurrera egiteko. Turkiak eskari bakarra egin dio Moskuri: Al-Assad behartu dezala Idlibeko erasoa bertan behera uztera.

Ikusteko dago osteguneko bilkuran Erdoganek eta Putinek akordio bat lortzen duten ala ez. Bi presidenteek telefonoz hitz egin zuten joan den ostiralean, eta ados agertu ziren egoera bideratzeko «neurri gehigarriak» behar direla. Neurri horien artean, su-eten bat adostea espero du Turkiako presidenteak. «Espero dut beharrezko neurriak hartuko ditugula bertan, su-eten bat, esaterako, eta auzi horri konponbidea emango diogula».

Oraingoz, Errusiak uko egin dio NBE Nazio Batuen Erakundeak egin zion eskariari, «su-eten humanitario» bat indarrean jartzekoari. Haren esanetan, «terroristak» jazartzea da konponbide bakarra.

Siriako armadaren erasoaldiak milioi bat herritarren desplazamendua eragin du. NBEren arabera, Siriako gerrako exodorik «larriena» da. Turkiak adierazi du ez duela nahikoa baliabiderik horrenbeste errefuxiatu hartzeko, eta Greziako muga irekitzea erabaki du. Ondorioz, milaka iheslari pilatu dira muga horretan, EB Europako Batasunean sartzen ahalegintzeko. Turkiak ez du muga itxiko EBk «bere hitza bete arte». Ankarak Bruselari egozten dio ez dituela bideratu 2016an sinatu zuten akordioan zehaztu zituzten diru laguntzak.

Errefuxiatuak:Bi mugen artean harrapatuta

Laguntza humanitarioa: «Egoera jasangaitza da; lehertzear dago»
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.