Albistea entzun

Dolu erritu kolektibo bat

Oier Zuñigak 'Eresia' ikuskizuna aurkeztuko du bihar, Bergarako Seminarixoan. Amaren heriotzak bultzatuta, dolu errituen inguruko gogoeta egin asmo du. Belen Cruz eta Eneko Gil ditu oholtzakide
Oier Zuñiga, Belen Cruz eta Enego Gil dira ikuskizuneko protagonistak.
Oier Zuñiga, Belen Cruz eta Enego Gil dira ikuskizuneko protagonistak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko urtarrilak 14

Hutsunearen ideiek zeharkatzen dute, alderik alde, Oier Zuñigaren Eresia. Lurra arin bekizu, ama ikuskizuna. Fisikoa da bat, ama hil izanak haren egunerokoan utzitakoa; kulturala da bigarrena, heriotzak sortutako mina arintzeko errituen gabeziak eragindakoa. Ideia horien gurutzatzea abiapuntu hartuta, dolu errituen inguruko gogoeta egin asmo du lanak. Praktika artistikoaren bitartez, hildakoei gorazarre egiteko kantu eta dantza berriak proposatu nahi ditu artistak, dolua bera erritu kolektibo bilakatuz. Bihar aurkeztuko du, Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa).

Duela ia bost urte hil zitzaion ama Zuñigari, eta orduan sentitu zuen dolua publikoki adierazteko modu berriak sortzeko bulkada. Askotariko praktika artistikoekin «esperimentatu» zuen hasieran, harik eta bakarka egindako lana eszenarako pieza baten bitartez partekatzea erabaki zuen arte. «Nik nire kabuz ereindako hazia bestelako gauza bat bihurtzea nahi nuen. Hortik sortu zen beharra arrangura hori zerbait kolektiboagoa bihurtzeko».

Emaitza ikuskizun eszeniko hibrido bat da: obrak badu antzerkitik, baina badu, halaber, dantzatik, kantutik eta performancetik ere. «Ezohiko dramaturgia batekin jolasten dugu, hau da, ez dago pertsonaiarik, ez dago bidaia konkreturik, ez dago istorio zehatzik. Baizik eta gu gara, doluaren inguruko praktikak oholtza gainean gauzatzen, publikoarekin konpartitzen». Antzerkiaren formatua oinarri hartuta, oholtza gaineko «errituari» beste buelta bat eman nahi izan dio artistak modu horretan, «gertakizun txiki bat» sortuz. «Guri horrela definitzea gustatzen zaigu: gertakizun eszenikoa».

Hiru lagunek antzezten dute gertakizun hori oholtzaren gainean. Zuñigarekin batera parte hartzen baitute Eneko Gil dantzariak eta Belen Cruz aktoreak. «Elkarrekin lan egin gabe geunden, baina, proiektua garatzen edo mamitzen hasi nintzenean, profil mota bat etorri zitzaidan burura, eta berehala pentsatu nuen Enekorengan eta Belenengan». Dantzaria da Gil, eta Kukai konpainiako kidea da, besteak beste. Dantzaren, gorputz mugimenduaren eta antzerkiaren arteko mugetan dihardu azken urteetan, halere. Cruz, berriz, eskarmentu handiko aktorea da. Hika konpainiaren sortzaileetariko bat izan zen, baina beste hainbatekin ere lan egin du. Telebistan eta zineman ere jardun du, eta antzerki irakasle ere izan da 25 urtez.

Egonaldietan garatua

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka deialdiari esker garatu du lana Zuñigak. 15.000 euroko diru laguntza jaso zuen artistak proiektua egiteko, eta Antzuolako, Bergarako eta Elgetako udalen laguntza ere izan du. Hain zuzen ere, udalerri horietan egindako sorkuntza egonaldietan mamitu du ikuskizuna, urtebeteko epean. «Sekulako aukera izan da. Askotan uste izaten da sortzeko gune bat bakarrik behar dugula, baina, tokiaz gain, behar ditugu bitartekoak, babesa, eta behar ditugu harremanak eraiki. Eta egin ditugun egonaldietan jendearekin egon gara; galdetu dugu doluaren inguruan, ez bakarrik modu antolatuan, baizik eta bazkaltzera gindoazenean edo lotarako lekua bilatzean, adibidez. Horrek guztiak aberastu du pieza».

Proiektuaren hasierako ideia eta moldaketa Zuñigarenak izan arren, une oro bidaide izan ditu Gil eta Cruz sortze prozesuan, artistak azaldu duenez. Hiruren artean egindako sormen lana izan da. «Bakoitzak bere ekarpenak egin ditu bere ikuspegitik, bere doluarekiko esperientziatik, bere lanbidetik... Pixkanaka eraikiz joan den ikuskizun bat izan da. Agian, nik orain urte batzuk egin nituen praktika artistiko haien hazi txiki bat badago, baina hau, azkenean, beste praktika bat izan da, desberdina, doluaren inguruko beste praktika bat».

Zuñigak adierazi du ikuskizuna sortzeko prozesuan konturatu direla dolua egiteko modu asko daudela, eta nork bere erara bizi duela gertuko baten heriotzak utzitako hutsuneari aurre egiteko prozesua. «Ikusi dugu doluak askotarikoak izan daitezkeela, eta, beraz, hortik sortzen diren praktika artistikoak ere askotarikoak izan daitezkeela, etengabe berrituz joan daitezkeenak».

Horregatik, hain zuzen ere, Zuñigaren ustetan, ezinbestekoa da doluak dakarren min eta hutsuneak osatu eta arintzeko gune berriak sortzea. «Senide bat galdu dugunean, erritu sozialak modu nahiko azkarrean eta hausnarketarako aukera gutxirekin ematen dira, ibilbide pertsonal eta intimoari eraginez; gerora, min hori, ezinegona edota bestelako prozesu pertsonalak plaza publikotik atera eta eremu bakartira mugatzen dira». Bada, helburu hori du ikuskizunak: dolu prozesuak modu publikoan lantzea, eta adierazpen artistikoaren bidez erritu berriak sortzea. Hildakoei gorazarre egiteko kantu eta dantza berriak, eresi berriak proposatzea, alegia. «Heriotzak gure bizitzan duen presentziari espazio publikoa eskaintzen saiatuko gara».

Bergaran hasiko du antzokietako bidea ikuskizunak, bihar, 20:00etan sarrerak eskuragarri daude seminarixoa.eus atarian. Eta, Antzuolan (otsailaren 5ean) eta Elgetan (otsailaren 6an) aurkeztu ondoren, Euskal Herri osoan taularatuko dute.

Emanaldien datak jakin nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.eresia.eus

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

Utopiaren hiriarekin maitemintzea

Andoni Imaz

Urte gutxian, Friedrich Durrenmatt, Ingeborg Bachmann eta W. G. Sebald itzuli ditu Idoia Santamariak alemanetik euskarara. Hango hizkuntza ikastera joan zenean liluratu zuen Berlinek, eta pasioz arakatu du Europa erdialdeko historia garaikidea, interes berezia ipiniz literaturan eta hizkuntzaren gorabeheretan.

Marta Cardenasen <em>Argazki-filmak aulkian</em> (1964) koadroa erdian, San Telmo museoko <em>Euskal Artearen 100 urte</em> aretoan, Donostian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Paisaia 'pribatuen' jarlekuak

Itziar Ugarte Irizar

Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean' lana berriki igaro da San Telmoko erakusketa iraunkorrera. Elkarrizketan dago aulkia ardatz duten alboko margolanekin.
Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre. ©MUSIKA HAMABOSTALDIA
Salman Rushdie idazlea, 2020ko irudi batean. ©PAUL MUSSO / EFE

Egoera kritikoan segitu arren, Salman Rushdieri arnasgailua kendu diote

Berria

Ospitalean dago oraindik ostiralean labanaz eraso egin zioten idazlea, baina azken orduetan hobera egiten hasi dela jakinarazi dute gertukoek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...