Albistea entzun

Ehundik gora begirada

Ehun film inguru emango dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdian, hilaren 27tik apirilaren 1era. Peter Nestlerri eskainiko diote atzera begirakoetako bat
Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava, atzo, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean.
Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava, atzo, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2023ko martxoak 22 - Iruñea

Iragarria zutenez, martxoaren 27tik apirilaren 1era eginen dute aurten Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, Iruñean; hurbil da hasiera, beraz. Festibalak XVII. aldia izanen du aurten, eta jadanik asteak dira egitarauaren gaineko xehetasunak plazaratzen ari direla, apurka. Azkenik, atzo argitu zituzten guztiak: 65 jarduera baino gehiago antolatu dituzte, ehun film inguru emanen dituzte guztira, eta hamalau herrialdetako hemezortzi film lehiatuko dira Sail Ofizialean —hamar film luze eta zortzi film labur—. Sharon Lockharten Eventide eta Comes Chanbazianen Notre village lanek zabalduko dute programazioa, astelehen goizean.

Iruñeko sei aretotan eginen dituzte egitarauan bildutako jarduerak eta emanaldiak: Baluarten, Golem zinema aretoetan, Planetarioan, Nafarroako Filmotekan, Kondestablearen Civivoxean eta Civicanen; baina egitaraua Oteiza museoraino ere (Altzuza, Nafarroa) helduko da.

Jaialdiak iazko egiturari eutsiko dio, hau da, zazpi atal nagusi izanen ditu: Sail Ofiziala, Atzera Begiradak, Fokuak, X Films, Hezkuntza Programa, Lan eta Kontaktuak. Azken biak iaz abiatu zituzten, eta, orduan erdietsitako «arrakasta» ikusirik, mantentzea erabaki dute antolatzaileek. Lehenak zinema dokumentaleko lan eta ekoizpen prozesuak ditu ardatz; eta bigarrenak, berriz, helburu du zinema hurbiltzea sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara.

Edonola ere, festibaleko arduradunek nabarmendu dute Hezkuntza Programa indartzea dela aurtengo lehentasun nagusietako bat, «haurrengana eta gazteengana gehiago hurbiltzeko». Horretarako, Programatzaile gazteak tailerra eta Criaturas de la naturaleza haurrentzako filmaren emanaldia antolatu dituzte, besteak beste.

Hemezortzi film lehiatuko dira jaialdiaren Sail Ofizialean. Hamalau herrialdetan eginak dira; bi, Euskal Herrian: Peru Galbeteren Bide bazterrean hi eta ni kantari, eta Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren Al borde del agua. Behin baino gehiagotan emanen dute bi film horietako bakoitza. Dena dela, hauek izanen dituzte estreinaldiak: Galbeterenak hilaren 28an, 10:00etan, Baluarten; Elorza eta Salaberriarenak, hilaren 29an, 10:00etan, leku berean.

Bestalde, bi proiektuk osatzen dute aurtengo aldiaren Atzera Begirakoak atala. Batetik, Peter Nestler zinemagile alemaniarraren lanari eskainitakoak: Bestelako garaiak datoz. Hilaren 31n, ostiralean, zinemagilearen azken bi filmak proiektatuko dituzte Baluarten: Unrecht und Widerstand eta Der offene Blick. Komunitate sintien eta errumaniarren jazarpenaren eta historiaren gainekoak dira bi lan horiek. Dokumentalgilea bertan izanen da, Baluarten, eta, emanaldien ondotik, solasean arituko da Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioako koordinatzailearekin.

Festibaleko beste atzera begirakoa funtsezko ondasunen ekoizpenari buruzkoa da. Zuhaitzetatik urrun du izena, eta Miriam Martin zinemagile eta programatzaileak ondu du. Funtsezko osagaiak ekoizteko modua nola aldatu den erakusten duten filmak emanen dituzte, sei saiotan, Golem Yamaguchi zinemetan; Harun Farocki, Manoel de Oliveira eta Chick Strand zuzendarienak izanen dira ikusgai, besteak beste. Halaber, solasaldiak izanen dira emanaldi guzien ondotik.

Musikaz ere bai

Zinemarekin loturiko jarduerak ez ezik, musika kontzertuak ere antolatu ditu Ikuspuntu jaialdiak aurten, Ikuspuntu gauak izenburupean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Navarra Music Commissionekin abiatutako lankidetzari esker osatu dute egitaraua.

Astelehenetik ostiralera, Nafarroako zenbait DJ arituko dira Nicolette tabernan: Dayanna, DJ Txino eta Nikka, adibidez. Bestelako artistak ere arituko dira programazioaren barruan: Joseba Irazoki Txintxarri tabernan izanen da hilaren 30ean, eta DJ Goo arituko da haren ondotik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Leemansen 'Ximinoa' filma. ©Gastibeltza Filmak / Al Borde Films

Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo, Kimuak-en katalogoan

Andoni Imaz

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Iban del Camporen Sorbeltza. Itziar Leemansen Ximinoa euskaraz eta frantsesez da.

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...