Sarako Biltzarra, irailean

Datorren aste hasieran egin behar zuten Sarako Idazleen Biltzarraren 37. ekitaldia. Koronabirusa dela eta, irailaren 6an egitea erabaki dute antolatzaileek, profesionalentzako eguna bertan behera utzita

Azken urteetan euskarazko liburuek gero eta leku handiagoa izan dute Sarako Biltzarrean. GUIILAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

Bertan behera utzi behar izan diren edo gibelatu behar izan diren ekitaldien zerrendan, beste bat. Pazko astelehenak txokolatearenaz bestelako «plazera» zekarkien hainbat literaturazaleei azken urteetan. 1984an sortua, Sarako Biltzarraren 37. ekitaldia izan behar zukeen heldu den astelehen eta asteartean, baina irailera arte beha egon beharko du, ontsalaz.

 

Batetik, irakurleek idazleak ezagut zitzaten, eta, bestetik, idazleek ere haien artean elkar ezagut zezaten. Xede horrek bultzaturik sortu zuen biltzarra Jean-Michel Garatek. Euskal Herriko idazleak eta irakurleak biltzen dituen topalekua bilakatua da geroztik. Aurten ere bi egunetan iragan behar zuen biltzarrak; hilaren 13an, astelehenez; eta biharamunean, 14an —profesionalentzako eguna antolatua zuten—. Idazleak, liburu dendetako langileak, argitaletxeetakoak, ikasleak, irakasleak eta liburuzainak gonbidatuak zituzten bertara. Baina, azkenean, 14rako pentsatua zuten egun hori ez dakite aurten egiten ahalko duten. Ezin balute egin, egitaraua den bezala utzi nahi lukete datorren urterako. Hala, biltzarra irailaren 6an egiteko asmoa dute, igandez, publiko zabalari irekiz.

Bilketa sarearekin eta Euskal Kultur Erakundearekin batera antolaturik, bigarren aldia zuten profesionalentzako eguna egin behar zutela. Aurtengoan, «emazteak eta euskal literatura» izan behar zuten hizpide.

Hala, Iratxe Retolaza Gutierrez literatur kritikariak mintzaldia ematekoa zuen Emakume ahotsak euskal literaturan izenburupean. Emazte sortzaileen kopurua handitu denez, horien lekuaz eta ekarpenaz hitz egin behar zuen, besteak beste. Hainbat aurkezpen eta hitzaldiren artetik, aipagarria da Txakur Gorria taldeak biltzarrarentzat espresuki sorturiko lan bat aurkeztu behar zuela: Asfaltoa zartatzeko moduak. Bestalde, euskal idazle emazteen bizipenak aipatzekoak zituzten mahai inguru batean; idazle ibilbidean emazte izateak zertan eta nola eragin dien azaldu behar zuten Maddi-Ane Txoperena Iribarrenek, Marikita Tambourinek, Maddi Zubeldiak eta Maialen Hegi Lukuk, Nora Arbelbide Letek solasa animaturik.

Gaiaren hautaketa «errealitate» batetik etorri zaie antolatzaileei. Geroz eta emazte gehiagok idazten dutela, eta biltzarraren antolaketan ere «gehienak» emazteak direla. «Orain arte emazteek sentitu dukete gizonentzat baino zailagoa zitzaiela liburu bat argitaratzea, beste lanbide anitzetan bezala, funtsean. Iruditzen zait emazteek gizonek baino gauza gehiago dituztela frogatzeko argitaratuak izan aitzin, eta normala da horretaz mintzatzea», dio Garatek. Hori, ezin balute aurten egin, datorren urterako atxikiko lukete, beraz.

Biltzarra mantendu beharra

Irailaren 6an eginen dute apirilaren 13an egitekoa zutena, eta, ahal den heinean, egitarau bera atxikiko: euskarazko Wikipediaren sortzaileen aurkezpena, Euskaltzaindiak eginiko hiru libururen aurkezpena -Itziar Madina Elgezabalen Eñaut Etxamendiren obra narratiboa: hurbilpen kritikoa tarteko- eta bi urterik behin banatzen dituzten Biltzarreko sariak, besteak beste. Idazle edo sortzaile bat saritzen dute —bat euskarazko lanentzat, bestea frantsesez idatzi dituenentzat—, eta aurten Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi dituzte ohoratuko.

Bestalde, Garatek oroitarazi du idazle anitzek beren liburua Saran aurkeztekoa zutela. «Badakite hitzordu garrantzitsua dela, eta horren beha egoten dira». Orotara, 110 idazle jitekoak ziren biltzarrera, eta uste du gehien-gehienak iraileko saioan presente izanen direla. Urteko sorkuntza berriak izanen dira bertan, euskaraz eta frantsesez. Edo, hobe erranik, frantsesez eta euskaraz. Beti gutiago baitira euskaraz idatziak; %40, Garaten ustez. Halere, lehen urteetatik aldaketa handia izan dela nabarmendu du. «Pentsu dut hastapenean %10 baizik ez zirela euskaraz idatziak; orain leku askoz handiagoa dute».

Ez hori bakarrik, ekoizpenari loturiko beste aldaketarik ere ikusi baitu urtez urte, hala nola gehiagok idazten dutela, baita gehiago ere. «Orain, dena joankorra da. Idazle batek liburu bat argitaratzen duelarik, hilabete batez ez duzu besterik entzunen, eta gero denek ahantziko dute segidan. Orain horrela da, dena fite doa». Erritmo horri loturik, oroitu da lehen urteetan idazleak ber liburuekin jiten zirela urte batetik bestera. Alta, orain ez du gehiago horrelakorik ikusten. «Ez badute libururik idatzi ez dute jin nahi. Alta, ez dituzte denek leituak!». Gehiago idaztearena eta manera horretan aritzea «erraztasun» batekin lotzen du Garatek. Lehen, liburu bat egitea aise karioago zela azpimarratu du, eta zenbakiek dakarten aldaketa ere nabarmendu du egoeraren esplikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.