Albistea entzun

Fadoa eta gizontasuna bidaide

Bi gizon bidean, bakoitza bere korapiloarekin; hortxe Xake konpainiaren hirugarren antzezlanaren abiapuntua. Etzi estreinatuko dute 'Fadoak entzuten zituen gizona', Tolosako Leidor aretoan
Kepa Errasti eta Iñigo Aranbarri aktoreak, atzo, Ander eta Mario pertsonaiak gorpuzten.
Kepa Errasti eta Iñigo Aranbarri aktoreak, atzo, Ander eta Mario pertsonaiak gorpuzten. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2020ko irailak 16

Lehen esaldia: «Txarli, txikle puta hau». Azkena: «Tarteka mailukada bat ematea ez dago gaizki». Esaldion artean, antzezlan oso bat: Fadoak entzuten zituen gizona. Xake konpainiaren proiektu berria. Kepa Errastiren ideiatik abiatuta, Txarli Andradek idatzia; Getari Etxegaraik zuzendua; Iñigo Aranbarrik, Ane Gabarainek eta Errastik berak interpretatua.

Ekainaren 15ean hasi ziren entseguekin, Tolosako (Gipuzkoa) Topic Txotxongilo Museoan. Eszenografiaren diseinua ondu zuten orduan. Miarritzen (Lapurdi) egin zuten bigarren egonaldia, Theatre de Chimeres konpainiaren egoitzan, uztailaren 6an hasita. Han eman zuten lehen aldiz jendaurrean obra. Tolosan daude atzera, hilaren hasieratik, eta etzi estreinatuko dute lana, herri horretako Leidor aretoan, 20:30ean hasita.

«Ez dut gehiegi kontatu nahi obrari buruz, sorpresak rol garrantzitsua jokatzen duelako bertan», dio Errastik. Kontatu du, bada, lan honen sorrera: «Artikulu bat irakurri nuen, non esaten zen fadoak batez ere emakumezkoek abestuta zirela ezagunak Portugaldik kanpo, eta hori hala dela, ziur asko, tristura, maitasuna mina, malenkonia eta beste kantatzen dituztelako, hau da, emakumeei sozialki lotzen zaizkien gaiak kantatzen dituztelako». Abiapuntu ederra iruditu omen zitzaion hori maskulinitateari buruz hitz egiteko. «Horretaz hitz egin nahi nuela argi neukan, eta aukera polita ikusi nuen, fadoa gai horren osagai bihurtuz. Beti gustatu izan zait musika edo abestiak antzerkiarekin uztartzea, gainera». Saudade horrekin ekin zion Errastik proiektua diseinatzeari. Badira bost urte Xake Produkzioak konpainia sortu zuela, Xabier Ormazabalekin batera, eta asteon aurkeztear diren lana hirugarrena dute. Eusko Jaurlaritzak antzerki testuen idazketarako eta Hitzartutako Zirkuituko produkziorako diru laguntzetara aurkeztu zuen proposamena, iaz. «Eta laguntza eman ziguten». Urte eta erdi joan da ordutik. Ekainera arte egon ziren gidoia ontzen, eta segidan etorri zen entseguen ordua. «Oraindik ez dugu obra estreinatu, baina hogeitik gora emanaldi lotuak ditugu dagoeneko, laguntza horri esker. Garrantzitsua da hori».

Kamioia ardatz

Antzokira ekarritako road movie bat da Fadoak entzuten zituen gizona. «Bidaia bat delako ardatza, eta kamioi baten kabinan eta inguruan gertatzen delako istorio guztia». Burgosen (Espainia) hasten da bidaia hori, Mario kamioilariak —Iñigo Aranbarrik gorpuztuta— autoestopista bat hartzen duenean. Ander —Kepa Errasti— da autoestopista, eta fado lehiaketa batera doa. Zoriak errepidean elkartu dituen bi pertsonaiek badute elkarren berri; eskola garaitik ezagutzen dute elkar.

Hortik aurrera, beren maskulinitatea oso modu ezberdinetan bizi eta ulertzen duten bi gizonen arteko interakzioa garatzen da. «Bidegurutzean daude pertsonaia biak, eta errepidean gurutzatzen dira. Bat askoz irekiagoa da, bere korapiloez hitz egitera ohituta dago; bestea, aldiz, ez». Obra garatzerakoan, Errastik nabarmendu duenez, eztabaida asko izan zuten dramaturgoarekin, pertsonaia bakoitza nola perfilatu eta bati edo besteari ezaugarri jakin batzuk zergatik eman erabaki ahal izateko. «Geuri ere, zalantzak pizten zitzaizkigun maskulinitateari buruz hitz egiterakoan. Uste dut hori agertzen dela obra honetan. Hortik aurrera, bihurgune eta ezuste asko dago».

Hor sartzen da Maskuren —Ane Gabarain— rola ere, bi mutil protagoniston izaera ezbaian edo zalantzan jarriz. «Interesgarria iruditu zitzaidan bi titi eta alu bat dituen pertsona batek gorpuztea rol hori». Paradoxak planteatzen dituelako. Eta hori ez da Xakeren azken produkzioak proposatzen duen paradoxa bakarra, aktorearen arabera: «Egia da izenburuak istorio gozo bat iradoki dezakeela, eta badauka gozotik ere, baina oso ganberroa da obra».

Horixe litzateke, hain zuzen ere, Fadoak entzuten zituen gizona-ren bereizgarrietako bat, Mami Lebrun (2016) eta Lur (2018) lanen aldean: «Aurreko lanak hau baino emozionalagoak-edo ziren. Honek ere badauka horretatik, baina ez besteek adina. Hau makarragoa da aurrekoen aldean, eroagoa. Alde horretatik, egin dugu urrats bat. Hala ere, baditu ezaugarri batzuk aurreko lanekin lotzen gaituztenak».

Koherentzia dei dakioke lotura horri. Lantaldeari eusteak badu zerikusirik horretan, Xakekoaren ustez: «Hor segitzen dute Getari Etxegaraik zuzendari, David Alkortak argiztapen arduradun, Pascal Gaignek musikari...».

Mami Lebrun helduentzakoa zen, eta asko mugitu zen. Lur-ekin, guztiz aldatu zuten estiloz, familiari zuzendutako lan bat izan baitzen. Helduentzako antzerkira itzuli dira orain, bada.

Azken ukituak ematen ari dira proiektu berriari. Koronabirusaren ondorioz, eserleku kopurua murriztuta eta ikusleak maskara jantzia dutela arituko dira etzi. Lehen aldia izango du Errastik maskaratutako publikoaren aurrean jokatzen: «Gogorra egingo zaidala pentsatzen dut, baina espero dut jendeak barre algarak egitea, eta barreak maskara gainditzen du».

Etziko emanaldiarekin hasiko dute bidea euren road movie-arekin; «Txarli, txikle puta hau» esaldiarekin. «Tarteka mailukada bat ematea ez dago gaizki» esanez bukatuko dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARKEL ONAINDIA

«Euskara berreskuratzeko asmoz hasi nintzen idazten»

Markel Onaindia

Hogei urte dira Kuban bizi dela, eta han ondu ditu, letraz zein irudiz, orain arte eman dituen zortzi ipuin liburuetako gehienak. 'Francisco de Garayren urrea' du lanik berriena.
Amable Ariasen hainbat urmargo, San Telmo museoan. ©JON URBE / FOKU
Txomin Badiola artistaren 'Karratu solidoa, 2. zenb.' lana, Bilboko Arte Ederren museoan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bilboko Arte Ederren Museoak Txomin Badiolaren lan multzo bat zaharberritu du

Olatz Enzunza Mallona

Badiolaren obrez gainera, Hermen Anglada Camarasarenak, Jose Antonio Sistiagarenak eta Julio Gonzalezenak ere egokitu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...