Musidoraren begietatik jasoa

'Pour Don Carlos' filma Euskal Herrian eginiko lehenetarikoa izan zen. Galdutzat zeukaten, 2016an aurkitu zuten arte. Zaharberritu egin dute, eta Donostian eta Bilbon emango dute, gaur eta bihar

Musidora, Allegria kapitainaren rola jokatzen, Pour Don Carlos filmaren fotograma batean. EUSKADIKO FILMATEGIA / TOLOSAKO FILMATEGIA.
aitor biain
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Mende bat: ehun urte igaro dira zinema kamerek Euskal Herrian lehen aldiz fikziozko film luze baterako irudiak hartu zituztenetik. Urtebete geroago estreinatuko ziren Pour Don Carlos filmerako irudiak, 1921ean, hain zuzen. Jeanne Roques Musidora Parisko aktore eta zinemagileak antzeztu eta zuzendu zuen filma, Jaime de Lasuenekin batera. Galdutzat jotzen zuten oraintsu arte, baina 2016an, kopia bana aurkitu zituzten Frantziako eta Tolosako (Okzitania) filmategietan. Lana zaharberritu egin dute orain, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Donostian emango dute filma, gaur, Tabakaleran, eta bihar, Bilbon, Arte Ederren Museoan.

«Harribitxi bat da». Hitz horiekin deskribatu du filma Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak. «Hain da arraroa horrelako zerbait topatzea...». Ez da gutxiagorako. Urteak eman baititu Frantziako zinema artxiboetan galduta, XX. mendea astindu zuten gerren aurretik egin ziren beste askok bezala. «Oso polita izango da filma ezagutzea. Eta ezagutzea esan nahi dut pelikula ezezaguna delako hemen guretzat. Bagenekien existitzen zela, baina inork ez zekien non zegoen».



Fikziozko filma da, mutua, eta Pierre Benoitek idatzitako izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Euskal Herrian kokatzen da istorioa, Bigarren Karlistaldiaren garaian, 1875 eta 1876 artean, eta Allegria Detchard kapitainaren abenturak ditu hizpide: Espainiako koroagatik borrokan ari zen Carlos Borboikoaren zerbitzura zegoen estratega da Allegria, eta hari laguntzeko erabiliko ditu bere aberastasun, edertasun eta estrategia militarrean dituen trebetasun eta abileziak guztiak. «Erromantizismoa, intriga, gerra... denetarik dauka filmak».

Lapurdin, Gipuzkoan eta Nafarroan filmatu zituzten kanpoko sekuentziak, 1920ko maiatzetik urrira bitarte; barrukoak, berriz, dekoratuekin filmatu zituzten, Frantzian. «Superprodukzio bati buruz ari gara», zehaztu du Fernandezek. «Bertako herritar askok parte hartu zuen estra modura, baina aktore garrantzitsuak ere etorri ziren: Musidora bera, Simone Cynthia, Abel Tarride, Jean Signoret... Oso ezagunak ziren garai hartan».

Hainbat adituren arabera, Euskal Herrian filmatu zen lehen fikziozko pelikula izan zen. Fernandez, ordea, ez da baieztapen irmo horren zalea. «Koldo Larrañaga eta Eneko Tuduri historialariek, adibidez, hala dela esaten dute. Baina nik nahiago dut aurrenetarikoa izan zela esatea».



Egiletza partekatua

Bi izen ageri dira filmaren egile gisara: Musidora eta Jaques Lasseyne. Baina, egiaz, bigarren izen horren atzean dagoena Jaime de Lasuen da; erbestera joandako Bizkaiko familia aberats bateko semea. Filmari dagokionez, nolanahi ere, haren parte hartzea jarduera zehatz batzuetara soilik mugatu zen, Fernandezek azaldu duenez. «Nik dakidanez, aholkularitza lanak egin zituen batez ere: lokalizazioak hautatu, jantziak aukeratu... Ekoizle baten lana egin zuen gehiago». Lasuenek ez baitzuen gerora ibilbide zinematografikorik izan, sortzaile gisara. Musidorarekin lan egin zuen beti, hori bai. «Ekintza gizona izan zen: Lehen Mundu Gerran Frantziako Armadaren domina jaso zuen, errekete gisa aritu zen 36ko gerran, eta Bigarren Mundu Gerran ere Erresistentziarekin borrokatu zen, 1944an Gestapok torturatu eta hil zuen arte».

Horiek horrela, Fernandezek Musidoraren lana nabarmendu du: «Ikuspuntu artistikotik, Musidora azpimarratu behar da». Jeanne Roques aktore, zuzendari, gidoilari eta ekoizle esanguratsua izan zen. Louis Feuilladeren Les vampires (1915) filmean egindako lanagatik egin zen ezagun; zinemagintzaren historiako lehen bilauetako bat antzeztu zuen film hartan. Surrealisten musa bilakatu zen hari esker. «Oso emakume interesgarria izan zen, ikuspuntu zinematografikotik begiratuz gero».

Belle Epoque garaiko arrakastaren ondotik, filmak ekoitzi eta zuzentzeari ekin zion. «Arraroa zen garai haietan eta bizi zuten testuinguruan, tamalez. Pelikula baten aurrean jarri eta erabakiak hartzea ez zen erraza». Bada, Euskal Herria eta Espainia aukeratu zituen film horietako asko egiteko, hain zuzen: Pour Don Carlos, Vicenta, Soleil et ombre edo La terre des taureaux, besteak beste. «Inguru interesgarriak ziren hauek surrealistentzat».



Lan konplexu eta luzea

Munduko hainbat herrialdetan estreinatu zuten filma, baina Espainian La capitana Alegria izenburua jarri zioten. Urteetako lana izan da filma zaharberritzea. «Oso lan zaila da. Prozesu luzea, garestia eta konplexua da». Kasu honetan, gainera, are konplikatuagoa izan da; izan ere, Parisen eta Tolosan aurkitu ziren kopiak ez ziren berdinak. Beraz, filmaren «berreraikuntza orokorra» egin behar izan dute. Puntako teknologia erabili dute horretarako. «Lan mardula da; asko ikertu behar da erabakiak hartu aurretik, eta deontologia kontuan hartu. Zalantzarik gabe, zorioneko gertaera baten aurrean gaude».

Halere, muntaketaz gain, berezia da filmak duen kolorea ere: horia eta urdina tartekatzen ditu. Fernandezen hitzetan, ohikoa zen garai hartan. «Margotu bezala egiten zuten, eguna eta gaua bereizteko, besteak beste». Filmak 90 minutu inguruko iraupena du, baina ez dago osorik; zati batzuk falta ditu: 10-15 minutu, gehienez ere, Fernandezen arabera; tartean legoke testuingurua zehazten lagunduko lukeen hitzaurre bat.

Xehetasun horiei guztiei buruz ariko da, hain zuzen, Francesca Bozzano Tolosako Filmategiko zuzendaria, Donostiako eta Bilboko emanaldietan. Berak zuzendu du zaharberritzea. «Aukera paregabea izango da lan horretaz guztiaz jabetzeko, eta filma pantaila handian ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.