Albistea entzun

Esanezinak hamalau lerrotan

Karlos Linazasorok 200 soneto bildu ditu 'Ni ez naiz hamalau' liburuan. Molde zaharkitua eta zurruna dela pentsa daitekeen arren, sonetoa «oso modernoa eta oso malgua» dela aldarrikatu du idazleak
Karlos Linazasorok —erdian— Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan zituen aldamenean bere liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian.
Karlos Linazasorok —erdian— Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan zituen aldamenean bere liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2023ko martxoak 15 - Donostia

Sonetoak badu Karlos Linazasoro erakartzen duen zerbait. 20 urte zituela idatzi zituen lehenak, eta «harrapatu» egin zuten. «Badirudi gauza zaharkitu bat dela, oso zurruna, eta ez da, justu kontrakoa da: sonetoak oso modernoak dira, oso malguak, eta gaur egungo edozein kezka edo ideia kontatzeko balio dute». Baita esanezina dena ere; idazlearentzat, horixe baita poesia. «Ez dugu bakerik hartzen, eta berriro ere ari gara, etengabe, esanezina esan nahian. Eta esanezin hori poema da». Berrehun sonetorekin osatu du Ni ez naiz hamalau liburua. Aztarna argitaletxean plazaratu du, eta, Joxan Goikoetxeak zehaztu duenez, musikari ez ezik literaturari ere lekua egiten jarraituko dute.

Sonetoen gaurkotasunaren eta malgutasunaren lekuko izan liteke Linazasororen liburua; idazleak azaldu duenez, «gauza filosofiko edo traszendentalez aparte, ipuin bat, rap bat, ereserki bat eta abesti modernoen remake bat» ere bildu dituelako bertan, besteak beste. Idatzitako ordenan jaso ditu piezak; 2020ko abenduaren 7ko data du lehenak, eta 2021eko irailaren 11koa azkenak. Eta, azaldu duenez, 50 osatu zituen hasieran, baina gustura ari zenez, idazten jarraitu zuen, 200 osatu arte. «Sonetoak badu zu harrapatzeko gaitasun bat; droga bat bezala da, hasten zara, eta, gero, ezin duzu utzi». Denboraldi «goxoa» igaro zuen horiek guztiak idazten.

Haren ustez, «%30 arkitektura, eta %70 sormena» dira sonetoak, eta badute «konplitu» beharreko eskema bat. Baina «oso esker onekoak» iruditzen zaizkio berari. «Sonetoak, niretzat behintzat, beti gordetzen du sorpresa bat barruan. Idazten hasi, eta ez dakizu zer esango duen eta zer esango dizun; berak eramaten zaitu zu, zuk ez duzu gobernatzen, eta kontra egitea oso zaila da. Baina beti gordetzen du sorpresa on bat; eskuzabalak dira idazlearekin».

Poeta idaztean zeren bila ari ote den galderari erantzuteko, Maria Zambranoren hitzak aipatu ditu Linazasorok. «Hark esaten zuen esanezina misterio bat dela. Misterio bat dago; guk sekula ez dugu jakingo zer den, eta beti horren atzetik ibiliko gara, alferrik, normalean porrot eginez».

Ugaritasuna eta maitasuna

Alde banatan, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan ditu Linazasorok aurkezpenean —«niretzat, omenaldi bat da hau», aitortu du, esker onez—. Eta haren liburua xehe aztertu dute bi idazleek. Hasteko, sonetoaren berezitasunez mintzatu da Lertxundi, Oihenartekin XVII. mendean euskarara ere iritsi zela, eta, ordutik, asko idatzi eta itzuli direla gogora ekarrita. «Oihartzun handia izan du sonetoak, seguru asko, badituelako bere arauen artean modu batzuk —silabak, errima klaseak, hamalau lerroak...— aukera ematen dutenak soseguz lan egiteko». Hala ere, zailtasun handiko moldea dela ohartarazi du, «elementu dezente lotu behar direlako musikaltasun bat lortzeko».

Liburuaren muina bigarren sonetoak azaltzen duela iruditu zaio berari. Honela hasten da: «Zein ote da gauza ilun guztien/ arrazoi gordea? Nori galdetu?/ Zer misterio nahi dugu argitu?». Eta hala bukatu: «Erantzunak esanezinak dira./ Zer da esanezina? Poesia». Pieza horretan, Linazasorok poesia definitzen du «esanezina esatetik sortzen dela» adieraziz, Lertxundiren ustez. «Hau da, badira giza izaeran, metafisikaren munduan, inoiz argituko ez diren kontuak, baina beti saiatzen gara galdera funtsezkoak egiten; nor naiz, nora noa, zein da munduan nire zentzua... Gauza horiek guztiak, berez, esanezinak dira bete-betean, eta, hala ere, gizakiok, poetek, galdera horiek egiten ditugu». Haren ustez, horixe baita poetaren egitekoa: galderak egiten eta erantzuten jardutea. Eta poesia, berriz, esanezina dena «ahal den garbien, eta modu pertsonalenean eta iradokitzaileenean» adierazteko tresna bat, «esanezinaren mirari horretara hurbiltzeko». Horren ostean, beti porrota datorrela gehitu du, lortu ezinaren porrota, eta hala ere, poetak zeregin horretan segitzen duela.

Askotariko poemen eta baliabide literarioen bitartez, beste poeta batzuk, besteekiko harremanak nahiz denboraren gaineko gogoetak ekarri ditu liburura Linazasorok, besteak beste, eta oparotasun hori nabarmendu du Lertxundik. «Nahiz eta ematen duen sonetoak makurtzen gaituela oso mundu itxi batera, liburuaren ezaugarri garrantzitsu bat, nire ustez, sonetoen ugaritasuna da».

Liburuaren eta idazlearen beste alderdi batzuk hartu ditu hizpide Igerabidek. «Karlosen ezaugarri bat da poesia egitean zintzo jartzen dela; ironia erabiltzen duenean ere, ipuinetan baino askoz ere maitakorragoa da». Gai nagusiak, berriz, existentzia, heriotza eta batez ere maitasuna dira, haren iritziz. «Karlosen poemek, eta hauek bereziki, errezoak dirudite, poesia erlijio bakarra bihurtu balu bezala. Eta, aldi berean jolasa dago, baina nik hemen ikusten dut haur bat jolas sinbolikoa egiten, alegia, oso serio hartzen».

Esanezinaren ideiaren bidetik, liburua «egarri bat» dela iruditu zaio Igerabideri, «nahiz eta gero, inoiz ezin den ase». Eta poemetan argiaren egarria ere sumatu du.

Haren ustez, «oso etxeko» poesia eta poesia unibertsala lotzen eta aldarrikatzen ditu liburuak, eta poeta askoren lanen oihartzunak dakartza —eta izen-abizenez aipatuta ere ageri dira hainbat—. «Nik liburuan testamentu poetiko bat ikusi dut, 'hau da nire ondarea' esanez bezala».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.