Barneko zuhaitzaren mintzoa

Naturarekin duen harremanaz idatzi du Juan Kruz Igerabidek 'Ura saltoka' saiakeran, askotariko gogoetabideak gurutzatuta. Alberdania argitaletxeak plazaratu du, Litenatura sailaren barruan

Juan Kruz Igerabide, Ura saltoka liburua esku artean duela, herenegun, Donostian. MAIALEN ANDRES  / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Nire inguruan drogaren bat hartzen zutenengan ikusten nuena eta mendian eta basoan sentitzen nuena parez pare jarrita, bizi-gogoa naturatik zetorkidala sumatu nuen argi eta garbi». Estua da Juan Kruz Igerabide idazleak naturarekin duen harremana. Gazte-gaztetatik du harekiko jaidura, aldi berean izan dena jolasleku, bizigarri eta egunerokorako ikasgai. Hain zuzen ere, natura begietan hartuta, gogoeta pertsonal literario bat ondu du berriki Alberdaniarekin kaleratu duen Ura saltoka liburuan.

Naturaren eta kulturaren artean egindako bidaia pertsonalaren bizipenak jaso ditu lanean. Horiek adierazteak, gainera, oso bizikizun pertsonalak kontatzera eraman du egilea. Hargatik, «saiakera bital» gisa definitu du liburua. «Idazten hasi ahala, zuhaitz bat agertu da nire baitan gordea zegoena; ez nekien hainbeste fruitu, lore eta zauri zeuzkanik, begira jarri natzaion arte».

Liburua mintzo da errekez, mendiez, harriez, animaliez eta bizitza biologikoaren misterioez. Mintzo da zuhaitzez eta gizakiez, baina, batik bat, biak ala biak batzen dituenaz: «Gizakiok zuhaitztxoak gara, finean. Lau hankatan ibiltzen ginen aurrena, zuhaitzetik jaitsi ginenean tentetu ginen, eta, azkenean, zuhaitz ibiltariak bihurtu ginen. Irtenbide gisa planteatzen dut zuhaitza; irtenbide bakar gisa». Gizakiak naturarekin duen «harreman kontraesankorraz» ari da, halaber, liburuan: «Harrapakari neurrigabeko bihurtzen garenekoaz eta giza izatea bera ere galzorian jartzera daramagun atakaz».

Jorge Gimenez Alberdaniako editorearen hitzetan,askotariko ildoetatik egiten du ekarpena liburuak: «Historia natural bat osatu du Juan Kruzek, ohi duen gisan, pasarte mamitsu, gogoeta hedatzaile eta prosa ezin gozoagoz betea».

Nolanahi ere, badaude datuak, badaude erreferentzia teorikoak, literarioak eta filosofikoak. Egileak osagarri gisa erabili ditu horiek. «Ez ditut erabili testua janzteko, baizik eta beste zentzu bat emateko; irakurleak iker eta araka dezan horietan».

Igerabidek lanerako egindako «ariketa zail» bat nabarmendu du editoreak. «Aurreiritzirik gabe ondu du liburua, hori esatea zilegi den neurrian. Burmuina besteari irekita beti, galdu gabe sekula izpiritu kritikoa, jakinik jarrera hori dela gizakiaren eta naturaren arteko harremanak hobeki ulertzeko modu bakarra». Horretan egin du, hain zuzen, ahalegina, egileak: «Gustatzen zait jendearen pentsaerak ulertzea. Jarrera horrekin sartu nintzen liburuan».

Litenatura saila

Litenatura sailaren barruan kokatu du argitaletxeak Ura saltoka. Editorearen arabera, etxearen apustu bat da genero hori: «Literatura, natura eta gogoeta lotzeko nolabaiteko bide bat eskainiko dio idazle jendeari, eta nola ez, irakurleari». Sail horretako hirugarren liburua da Ura saltoka —aurretik argitaratutakoak Rosie Hainek idatzitako eta Ibon Plazaolak itzulitako Giza animaliak gara haurrentzako bilduma eta Aiora Zabalaren Natura gure esku saiakera dira—. «Zigilu hau daraman liburuak naturaren bizipenaren oihartzun askotarikoak ekarriko dizkio irakurleari».

Gimenezen hitzetan, irakurleak denetan aurkituko ditu «bizileku, amestoki eta atsedengune» den naturari buruzko jakingarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.