Zuzeneko saioak egiteko jarraibide argiak eskatu dituzte hainbat eragilek

Zuzeneko arteetan aritzen diren hamar elkartek zuzeneko emanaldiek duten «estigmatizazioa» salatu dute, eta bitartekaritza eskatu diete udaletxeei, eta eutsi diezaietela kulturarako aurrekontuei

Itxialdiaren ostean zuzeneko emanaldiak berrabiarazteko pauta argiak eskatu dituzte, Bilbon, hamar elkarte profesionalek. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Pixkanakako normalizazioa». Eskaera bateratu hori egin dute Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian zuzeneko arteen sektorean aritzen diren hamar elkartek. Horretarako, ordea, emanaldiak egiteko pauta eta protokolo argi eta adostuak behar dituztela esan dute, eta, hain zuzen, hori sumatzen dute faltan. «Oraindik ez dakigu zer neurri zehatz hartu behar diren jarleku kopuruen, distantzien eta segurtasun neurrien inguruan». Udarako alternatibak proposatzeko aukerarik ere ez die uzten horrek, eta, eledun lanak egin dituen Amets Rodriguez Kultura Live elkarteko kidearen hitzetan, kontra dute erlojua. Zuzeneko emanaldien «estigmatizazioa» eten dadila eskatu dute, eurek ere aukera nahi dutelako, ostalaritzak, industriak, turismoak eta beste sektore batzuek egin bezala, beren jarduna berrabiarazteko. «Pista batzuk behar ditugu geure burua berrasmatzeko, ze argi dugu berrasmatu egin beharko dugula».

Kulturgileek onartzen dute uda honetako emanaldiak ezingo direla izan orain arte ezagututakoak bezalakoak, baina, haien ustez, horrek ez du esan nahi dena bertan behera utzi behar denik. «Kultur programa alternatibo bat egingarria eta beharrezkoa da». Bide hori lantzen saiatu dira astero egiten dituzten bileretan, baina beti egin dute topo traba berarekin: «Ez dago pauta komunik administrazio guztien artean, eta, beraz, ez dakigu asmo horiek errealitate bilaka ditzakegun». Horrek «ezinezko» bilakatzen die ekitaldiak suspertzen hastea.

Bi irizpide

Adibide zehatz bat ere aipatu dute. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, laurehun ikusleko muga ezarri die kalean egingo diren zuzeneko emanaldiei, ikusleen arteko bi metroko distantziak mantentzeko baldintzapean, eta, betiere, maskararekin. Baina are neurri murriztaileagoa ezarri du Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako udalak biltzen dituen Eudel elkarteak; izan ere, haren arabera, emanaldietan gehienez 250 pertsona bildu ahalko dira. Kulturgileek ez dute argi bi arauetako zein ezarriko den. Azaldu dutenez, ordea, Eudelek ez du «argudio teknikorik» aurkeztu murrizketa justifikatzeko, eta gaineratu dute neurri horiek kultur jarduera pribatua «bideraezin» egiten duela.

Bitartean, udalek emanaldiak bertan behera uzten jarraitzen dute, eta, elkarteek esan dutenez, batzuetan kulturarako diru partidak beste arlo batzuetarako baliatu dituzte. Horregatik egin dute kulturarako adostuta zeuden aurrekontu eta programei eusteko eskaria.

Hain zuzen ere, kultur eragile horien hitzetan, udaletan dago askatu beharreko beste korapiloa. Zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera, udaletxeek kudeatzen dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren zuzeneko emanaldiei dagokien diruaren parte handienetako bat, baina elkarteetako ordezkariek ez dute haiekin zuzenean hitz egiteko aukerarik, eta horregatik nahi lukete mintzatzeko gune bat. Saiatu dira Eudelekin eta hainbat udalekin hitz egiten, baina, jakinarazi dutenez, oraingoz ez dute erantzunik jaso.

Guztira, hamar elkartek izenpetu dute testua: Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak (Adde), Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak, Besteok, Euskal Aktoreen Batasunak (EAB), Eskena Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteak, Euskal Zirku Elkarteak (EZE), Kultura Live Euskal Herriko Musika Aretoen Elkarteak, Musika Industriaren Elkarteak (MIE), Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak eta Musikari elkarteak. Krisia hasi zenean sortutako Reset plataformako kide dira haietako gehienak, eta plataformahorren bidez aritu izan dira Eusko Jaurlaritzarekin «etengabe» hitz egiten. Halako zerbait nahi dute udaletxeekin orain.

Elkarteek gogorarazi dute zuzeneko arteak sektore «ahula» direla, langile gehienak autonomoak direlako, edota enpresa txikiak izaten direlako bestela. Horregatik eskatu dute ez haiekin ahazteko. «Konfinamendua entretenigarriagoa eta osasuntsuagoa egin duten artista horiek dira, orain, beren emanaldi guztiak bertan behera nola gelditzen diren ikusten ari direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.