Albistea entzun

Paperezko oholtza bat

Galder Perezen 'Hiru geltoki lurrun', Eneritz Artetxeren 'Isiltasuna' eta Kepa Errastiren 'Mami Lebrun' antzerki liburuak argitaratu dituzte Susak eta Ehazek, Ganbila bildumaren bigarren labealdian
Kepa Errasti, Eneritz Artetxe eta Galder Perez antzerkigileak, bakoitza argitaratu berri duen antzerki liburuarekin.
Kepa Errasti, Eneritz Artetxe eta Galder Perez antzerkigileak, bakoitza argitaratu berri duen antzerki liburuarekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko ekainak 10 - Bilbo

«Oraindik ere antzokiak itxita ditugun honetan, paperezko oholtza izan nahi du Ganbilak euskarazko teatro ahotsentzat». Susa argitaletxeak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak iazko neguan jarri zuten abian euskal antzerkiari eskainitako Ganbila liburu bilduma, eta bigarren labealdia aurkeztu dute orain. Iaz egin bezala, hiru liburu argitaratu dituzte oraingoan ere: Eneritz Artetxeren Isiltasuna, Kepa Errastiren Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun. Bigarren hirukote honekin, «egonkortze bidean» ikusten du jadanik proiektua Oier Guillan koordinatzaileak, eta, zehaztu duenez, «euskal teatroaren iraganari, orainari eta etorkizunari begira» egindako bilduma izatea du helburu. «Euskal teatroan ezinbestekoa delako transmisioa, datozenek zerotik hasi direla senti ez dezaten».

Aurkezpen prentsaurrekoa aldi berean izan da digitala eta fisikoa, eta, horregatik, antzerki munduko hamaika sortzaile batu ditu, Bilboko Bira aretoko aulki guztiak betetzeraino. Bildumaren bueltan gertatzen ari den saretzearen froga ere bada hori, proiektuaren parte direnek iradoki dutenez. «Ahalegin kolektibo bat da hau». Iragarri dute zer egile taldek parte hartuko duen hurrengo bi sortetan. Haien artean dira Erika Olaizola, Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturbe, Sarah Kane, Amancay Gaztañaga, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola. Bildumara harpidetzeko aukera ere badago, eta proiektuaren kide egitearen garrantzia nabarmendu du Guillanek. «Harpidetza ezinbestekoa da bildumarentzat, antzerkian publikoa ere ezinbestekoa den bezala». www.ganbila.eus webgunean dago horretarako aukera.

'ISILTASUNA'
(ENERITZ ARTETXE)

Eneritz Artetxeren bi antzezlan biltzen ditu argitaratu berri duten Isiltasuna lanak: liburuari izenburua ematen diona da bata, sekula taularatu gabea; eta Karramarroa bakarrizketa da bestea, 2016an estreinatua. Lehen pieza oholtzan gustura ikusiko lukeela esan du egileak, baina pozik azaldu da bi lanak paperean argitaratu direlako. «Zure lanaren aurrean egoteko aukera ematen dizu honek, eta zeure buruari balioa emateko».

Laia izeneko antropologo bat da Isiltasuna piezako protagonista. Hitzaldi bat eskaintzera doa, eta hitzaldi horren bidez erakutsiko ditu antzezlanak pertsonaiaren bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko tentsioa, zeren eta, egileak azaldu duenez, publiko aurrean esaten duena eta egunerokoan egiten duena ez baitoaz beti bat. Artetxek esan duenez, buruan bueltaka zerabiltzan hainbat gai landu ditu lanean: adiskidetasuna, amatasuna, dibortzioa, feminismoari buruzko ikuspegi jakin bat, haurren aurkako bortizkeria ezkutua, udaletako politika...

Bakarka landutako testua izan da Isiltasuna, eta, aldiz, beste ertzean kokatu du egileak Karramarroa antzezlanaren sorkuntza prozesua. «Hasi ginen ideia batzuen inguruan taula gainean inprobisatzen, Pablo Ibarluzearekin batera, baina bat-batean iritsi ginen leku batera non ez genuen gauza handirik argi ikusten, eta bertan behera utzi genuen antzezlana». Baina justu orduan agertu zen Antton Luku antzerkigilea, «aingeru bat bezala», eta hark proposatutako hainbat testuri tiraka lortu zuten berriz ere proiektua martxan jarri eta, azkenean, taularatzea. Prozesu horregatik guztiagatik izendatu du lana «Frankenstein testu bat».

'MAMI LEBRUN'
(KEPA ERRASTI)

«Argi nuen amonari omenaldi bat egin nahi niola». Kepa Errastiren kasuan, hori izan zen lehen bultzada, eta hari tiraka sortu zuen Mami Lebrun antzezlana. 2016an estreinatu zuten lehenengoz, eta, hamaika emanaldi eskaini ostean, Donostiako Antzerki Saria ere irabazi zuen, 2018an. Beste emanaldi sorta bat ere izan zuten ondoren, eta bidea amaitutzat eman ostean heldu da orain liburua. Errastik azaldu duenez, «polita» izan da lanaren hasiera-hasierako testua taldean nola eraldatzen zen bizitzea eta, gero, berriz ere, azken emanalditik liburura nola pasatu den ikustea. «Betirako gelditzen den zerbaiten modukoa da antzezlana liburuan izatea».

Heriotza du gai nagusia antzezlanak, eta bi plano uztartzen ditu kontakizunak. Hil berri den amonari omenaldia egin nahi dion aktore bikotea dago batetik, eta aktore horiek berek jokatzen duten amonaren gaztaroko istorioa bestetik. Tartekatuz doaz biak, eta joko horren kalitatea nabarmendu du Guillanek. Euskalkiarekin izan du zalantza Errastik. Izan ere, bizkaieraz zuen berak harremana amonarekin, eta doinu eta erritmo hori idatzira nola eraman izan du lanetako bat.

'HIRU GELTOKI LURRUN'
(GALDER PEREZ)

Nagusiki umore tonuan da ezagun Galder Perez aktore eta antzerkigilea, baina, Guillanen hitzetan, bestelako autore bat topatuko du irakurleak Hiru geltoki lurrun liburuan. Perezek egindako deskribapenaren arabera, «abiadura handiko hiru drama» biltzen ditu liburuak: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record. «Oso geltoki intimoetan gertatzen diren antzezlanak dira hirurak», esan du egileak, «eta hirurak oso politikoak».

Gay sauna batean kokatuta dago Lurrun minez, esaterako, eta hiru pertsonaiaren arteko sexu, botere eta bortizkeria harremana kontatzen du. Cafe Bar Bilbaok antolatutako antzerki lan laburrentzako saria irabazi zuen lanak iaz, eta ozta-ozta iritsi ziren haren aurrestreinaldia egitera aurtengo Loraldian; iragarri dutenez, urriaren 2an egingo dute estreinaldia.

Benetako gertakari bat du oinarri Lau metrora izeneko pieza laburrak. Mozal legearen aurkako pintaketa egiten zebilen mutil bat tren batek harrapatu zuen 2017an Usurbilen (Gipuzkoa), eta koman egon zen gaztea denbora batez; hain zuzen, gertakari hori kontatzen du antzezlanak. Ospitaleko gelan kokatu du pieza Perezek, eta ama eta tren gidaria ditu alboan. «Errua, mina, erantzukizuna, erabaki politikoak... gauza pila bat elkartzen dira gela txiki horretan».

Liburuko azken lana da komikoena: Off the record. Kazetaritzaren miseriak eta elite politikoaren zigorgabetasuna ditu ardatz lanak, kasu honetan. «Komedia politikoa da», azaldu du egileak, «komedia beltza, baina sekulako drama kontatzen duena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...