Kultur sektorea laguntzeko neurri sorta berria eman du Jaurlaritzak

Poltsak 2.645.000 euro izango ditu, eta bi ardatz nagusi: enpresa txikiei gastu finkoetan laguntzeko lerroa eta alor jakinei zuzendutakoa: liburugintza, ilustrazioa, zinema, arte plastikoak eta digitalizazioa
Ezker-eskuin, Mikel Aizpuru, Joxean Muñoz, Aitziber Atorrasagasti, Bingen Zupiria eta Irene Larraza.
Ezker-eskuin, Mikel Aizpuru, Joxean Muñoz, Aitziber Atorrasagasti, Bingen Zupiria eta Irene Larraza. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko ekainak 25

«Kolpea handia izan da, eta galerak ere bai, bizitzaren alor guztietan. Horien artean, kaltetuenen artean dago kultur jarduera». Hasiera-hasieratik jakitun egon direla esanez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehenengotik egoera horri erantzuteko lanean jardun duela nabarmenduz abiatu zuen Bingen Zupiria sailburuak laguntza berrien aurkezpena, atzo, Donostian egindako agerraldian. «Elkarrizketa zuzena eta etengabea izan dugu kultura arloko ordezkariekin, eta horren ondorioz sortu zen inkesta espezifiko bat egoera zein zen zehatz-mehatz jakiteko, eta gure erantzunak beharrizan horietara egokitzeko». Apirilaren azkenetan onartu zuten kulturgileentzako larrialdiko diru laguntza plana, eta, geroztik, udalak eta aldundiak euren planen berri ematen aritu dira; Zupiriaren esanetan, horien «osagarri» da Jaurlaritzaren laguntza sorta berria. «Laguntzarik gabe ahalik eta jende gutxien geratzea da helburua».

Lehen ardatza kulturako enpresa txikiei dagokie, hots, hamar langile baino gutxiago eta urteko fakturazioa bi milioi eurotik beherakoa dutenei. Bi milioi euro gorde dituzte alor horretarako, eta eskatzaile bakoitzak 10.000 euro jaso ahalko ditu gehienez, enpresaren gastu finkoei eta egiturazkoei aurre egiteko. Pertsonaleko gastuak ez dira sartuko hor; bai, ordea, hauek: lantokiaren alokairua, garraio ibilgailuen eta material teknikoaren alokairua, hornidura (ura, telefonoa, Internet...), eta beste gastu batzuetatik sortutako interesak (lantokia erosteko hipoteka maileguen kuotak eta udal zergak, besteak beste).

Baldintza bi bete beharko dituzte laguntza eskatu nahi duten enpresek: batetik, frogatu beharko dute beren jarduera bertan behera geratu dela osasun larrialdiaren ondorioz, eta sarrerak gutxienez %75 murriztu zaizkiela aurreko urteko fakturazioaren aldean; eta, bestetik, erakutsi beharko dute kulturari lotutako jardueretatik eskuratzen dutela fakturazioaren %70 gutxienez.

Bost alor jakini bultzada

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak aletu du laguntza sorta berriaren bigarren ardatza. Bost ildoz osatu dute, eta, bakoitzak bere alorrari erantzun nahi badio ere, bostak kontsideratzean hiru helburu izan dituzte gogoan, Muñozen arabera: laguntzak ahal den azkarrena iritsaraztea, ahalik eta esku gehienetara banatzea, eta sektoreko beste elkarte eta erakundeekin lankidetza bermatzea. «Jaurlaritzak asumitzen du inbertsio publikoa egin behar dela kulturaren alorrean ere; aktibitatearen eragile izan behar dugu orain, sortzaileek lana izan dezaten», aipatu du Muñozek.

645.000 euro banatuko dira, bada, bost alorren artean. Liburugintzaren kasuan, 100.000 euro bideratuko dituzte liburuak erostera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publikoei egin zaie deialdia, eta baldintzen artean daude bertako liburu dendetan erostea eta gutxienez %30 euskarazko lanak izatea. Liburutegietako funtsa «aberasteaz» gainera, editorialen fakturazioan eta liburu dendenean eragin nahi dute horrela.

Ilustrazioaren alorrean, hogei irudigileri bina marrazki egiteko eskatu die Jaurlaritzak, itxialdia gaitzat hartuta. Liburu batean bilduko dituzte guztiak, eta, azken hiletan gertatutakoaren testigantza izateaz gainera, «gaurko euskal irudigintzaren katalogotzat» ere baliatu ahal izango dela nabarmendu du sailburuordeak. Euskal Irudigileen Elkartearekin eta Etxepare Institutuarekin ari dira elkarlanean, eta argitalpena lau hizkuntzatan emango dute gero.

Zinema ekoizpena da laguntza jasoko duen beste alorretako bat. Film laburren aldeko apustua egin dute, denbora gutxiago behar dutelako, eta filmatzeko baldintzak «kontrolatzen errazagoak» direlako egungo egoeran. «Bermatu nahi dugu, halaber, guztiek jasoko dutela ordainsaria: gidoilari, teknikari, aktore... Film laburrak grinagatik edo bide profesionala urratzeagatik egiten dira askotan, baina hemen baldintza moduan jarri dugu mundu guztiak kobratzea». Zineuskadirekin, Zinebirekin, Donostiako Zinemaldiarekin eta EITBrekin jardun dute, eta azken horrek beste 100.000 euro jarriko ditu egindako filmak erosi eta banatzeko.

Arte plastikoen alorrera eta katalogazio-digitalizazioarenera ere helduko da bultzada. Lehenari dagokionez, Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalerak komisio bat osatuko dute obrak erosteko. 150.000 euro izango dituzte horretarako. Muñoz: «Urrats bat esan nahi du museoen arteko kolaborazioan: ondarea guztiona izango da, eta ez museo batena». Erositako lanak Jaurlaritzaren eskuetara igaroko dira, eta Artiumek hartuko ditu bere egoitzan. «Apustua egiten dugu Artium izan dadin arte garaikidearen Euskadiko museo nagusia».

Eta azken ildoa, berrikuntza eta digitalizazioarena. Jaurlaritzak 50.000 euro inbertituko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argitaratutako diskoen karatulak katalogatu, digitalizatu eta aztertzeko. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarekin ariko dira, eta katalogazioan zein digitalizazioan diharduten enpresen jarduera sustatzeko ere balioko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendaria eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, prentsaurrekoan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bilboko Azkuna zentroak hiru erakusketa hartuko ditu aurten

Olatz Enzunza Mallona

Beste 200 jarduera baino gehiago programatu ditu, eta sorkuntza sustatzea izango du ardatzetako bat. Egoera kontuan hartuta, 2020aren balantze positiboa egin du zuzendariak

Xipri Arbelbide <em>Oilarra kukuruka</em> liburua aurkezten, atzo, Donostian. ©GORKA RUBIO, FOKU

Kontsumismotik Elizara itzultzeko

Joana Ibargarai Leritza

Xipri Arbelbidek 'Oilarra kukuruka' liburua argitaratu du, Ereinekin. Elizaren gainbeheraz mintzo da liburuan, eta, krisiaren aitzinean, ebanjelioan «sinistera» bultzatu nahi du

'Caminho Longe' filmaren fotograma bat. ©

Alfonso Etxegarairen itzulera hizpide duen dokumentala gaur iritsiko da aretoetara

Berria

Deportaturik 33 urte igaro ostean, ETAko kide izandako Alfonso Etxegarairen itzulera du hizpide dokumentalak.

Remigio Mendibururen 'Txalaparta' (1965) eskultura, haritzez egina, San Telmo museoaren Euskal Artea aretoan, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Mendibururen 'Txalaparta' eskuratu du San Telmo museoak

Itziar Ugarte Irizar

Donostiako museoaren bildumara igaro da artistaren 1965eko obra ezaguna, eta erakusketa iraunkorrean izango da ikusgai aurrerantzean. Izaera artistikotik harago, euskal kulturaren ikur bat da eskultura.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.