Hizkuntza arrotzean emanak

Agota Kristofen 'Analfabetoa idazle' euskarara ekarri du Eskarne Mujika Gallastegik, eta Alberdaniak plazaratu. Bere bizipenen bidez, etxeko hizkuntzaz, «hizkuntza etsaiez» eta idazketaz gogoeta egiten du

Eskarne Mujika Gallastegik itzuli du euskarara Agota Kristof idazlearen Analfabetoa idazle. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Irakurri egiten dut. Gaixotasun bat bezalakoa da». 4 urte zitueneko garaia hitz horiekin deskribatzen du Agota Kristofek, Analfabetoa idazle liburuaren lehen lerroetan. Aurrerago azaltzen du hungarieraz asko irakurtzen zuela, baita idatzi ere, baina gazterik sorterria utzi eta Suitzan erbesteratu behar izan zuenean analfabeto bihurtu zela. Frantsesa ikasi zuela han, eta ongi hitz egiteko gai zen arren, analfabeto sentitzen zuela bere burua idazle gisa. Eta, hala ere, frantsesez landu zuen bere literatur obra osoa azkenerako. Idazletzaz, etxeko hizkuntzaz eta hizkuntza «etsaiez» egiten du gogoeta Kristofek kontakizun labur autobiografikoan, eta euskaraz irakur daitezke orain haren hitzak, liburua itzuli baitu Eskarne Mujika Gallastegik. Alberdaniak plazaratu du lana.

Analfabetoa idazle 2004. urtean eman zuen argitara Kristofek (Csikvand, Hungaria, 1935 - Neuchatel, Suitza, 2011). Idazleak bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu liburuko 11 atal laburretan; Mujikaren hitzetan, «modu labur bezain indartsuan». Herri txiki batean igaro zuen haurtzaroa, gurasoekin eta bi nebekin: Mujikak azaldu duenez, «inolako zalantzarik gabe, haren bizitzako garairik zoriontsuena» izan zen. 14 urterekin, hirira joan behar izan zuen, «gazteak doktrinatzeko estalinismoak sortu zituen barnetegietako batera», eta han bizi izan zen lau urteetan «diziplina militarra, libertaterik eza, lehen hizkuntza arrotz inposatua —errusiera— eta familiaren sakabanaketa» ezagutu zituen; «zorigaitza, hitz batean esatearren. Gordean eta ahal zuen guztietan irakurri egiten zuen, eta idazketa sekretu batez poemak osatzen zituen iragan galduari buruz». Pobreziari aurre egiteko, esketxak idazten zituen, gero eskolan hiruzpalau lagunekin antzezteko, eta sos edo janari apur batzuk lortzeko. «Saririk onena, baina, barre eragiteak ematen omen zien; izan ere, oso garai grisak ziren orduko haiek».

Eta ondorengoak ez ziren samurragoak izango. Barnetegitik irten ostean, fabrika batean gogor aritu zen lanean, alfonbrak tindatzen. Literatura aldizkari hungariar batean poema batzuk argitaratzea lortu zuen sasoi hartan. Ezkondu ere egin zen, oso gazterik, 18-19 urterekin. «Handik gutxira, herria gobernuaren eta komunisten aurka altxatu zen, baina sobietek matxinada eragotzi zuten, eta berehala etorri ziren errepresaliak». Kristofek eta senarrak, lau hilabeteko alaba hartuta, Austriara egin zuten ihes, eta Suitzara ondoren. Herrialde hartan bizi izan zen idazlea, hil arte.

Mujikaren hitzetan, «ezkortasun beltza darie haren lanei». Deserriratzeak oinaze sakona eragin zion. «Damu omen zen Hungaria utzi izanaz. Bere editoreari esan zion nahiago zuela bi urte presondegi sobietar batean eman izan balitu, eta ez erloju fabrika suitzar batean hogei urte lanean». Bereziki latzak egin zitzaizkion erbesteko lehen urteak. «Dena arrotz zitzaion. Deserriak zauri sakona egin zion. Deserroturik sentitzen zen. Familia galdu zuen. Herri baten parte izateari utzi zion. Ezin zen bere hizkuntzan bizi. Erdi bi eginda geratu zen betiko, alienatua, iraganaz gabetua». Harentzat, goibela zen erbestean eguneroko bizimodua, «hitsa eta hutsa, beti berdina, esperantzarik gabea, bakartia eta hautsia». Hain zuzen, herrimina arintze aldera hasi zen idazten; frantsesez, ikasten joan ahala. «Horrek salbatu omen zuen; idatzi beharra zeukan, bizirik iraungo bazuen».

Horiek eta beste kontatzen ditu liburuan idazleak, «bere ohiko estiloan», itzultzailearen hitzetan: «Esaldi sinpleak normalean, zehatzak, biluziak, deskribapenik apenas, adjektiborik ia ez da ageri... eta halere, hunkidura eragiten du irakurle askorengan, tonua hain da indartsua eta penazkoa». Tarteka poesia zipriztinen bat edota ironia ukituren bat ere ageri dela gehitu du. Eta aitortu «sinpletasun itxurazko hori» euskaraz jator eta natural antzemateko eran ematea izan dela bere zereginean erronka nagusia.

«Izotza bezain gardena»

Beste erronka bat izan zuen hizpide Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bechek: Kristofen liburua itzultzeko Anjel Lertxundik «eskaintza gisa jarritako erronka», hain zuzen ere. «Berak bazekien, noski, Alberdaniak estimu handitan duela Kristofen obra; izan ere, Eskarne Mujika Gallastegik Alberdaniarentzat haren hiru liburu itzuli ditu orain arte». Laugarrena da, beraz, Analfabetoa idazle, itzultzaileak aurrez euskaratu baitzituen Koaderno handia (1997)—liburu «historikoa» euskal letretan, editorearen esanetan—, Atzo (2003) eta Berdin dio (2005).

Analfabetoa idazle «harribitxi» gisa definitu zion Lertxundik editoreari, eta bat etorri zen berarekin. «Haren estilo berezkoaren ezaugarri guztiak izateaz gainera, plus erantsi bat du, eta hori da gogoeta egiteko deliberamendu erabateko baten isla dela». Hizkuntzaren arazoaren muinera zuzen-zuzenean doa haren gogoeta asmoa, Gimenezen iritzian. «Alegia, bera arrotz egiten zuena ez zen herrialdea, hizkuntza zen; arroztu egiten zuen hizkuntzak, arroztu zuen hizkuntza horretan erabaki zuen idaztea, eta arroztu zuen hizkuntza horretan lortu zuen lortutako maila literaturgintzan».

Lertxundirentzat «liburu labur handi» bat da; horregatik pentsatu zuen euskarara itzuli beharra zegoela, eta Mujika zela egokiena. Gogorarazi zuen Kristof etxeko hizkuntzan ez, «adopzio hizkuntzan zela analfabeto», eta idazten segituko bazuen bere burua hizkuntza arrotz batean egitera behartu zuela —berak «etsai» izendatzen zituen horietako batean—.

Hautu horrek zuzenean eragin zuen haren prosan. Baina gerta liteke miraririk, Lertxundiren ustez. Gutxirekin asko eta Premia bertute arauak gogora ekarri, eta idazteko beharra duenak dakien apur horri etekina atera ahal diola adierazi zuen. «Bigarren hizkuntza bat menderatu nahian dabilen baten ahaleginetik ez da Marcel Prust bezalako estilista bat aterako, seguru; baina atera liteke, demagun, prosa bat izotza bezain gardena eta hotza, estilizatua, soberako hitzik gabea, esaldiak aizkora kolpeka bezala ebakitzen dituena, eta, aldi berean, zuzen-zuzenean iristen dena lehendabizi urdailera eta gero bihotzera. Horra Agota Kristoek frantsesez lortutako miraria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.