Etxe barruko kontuak

Familiarteko harremanak ditu ardatz 'Semea pixka bat motelago dabil soilik' antzezlanak. Tanttakaren lan berria bihar estreinatuko dute, Arriaga antzokian

Tanttaka Teatroa konpainiako aktoreak, Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duten Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana entseatzen. TANTTAKA.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Urtebetetze egunak familia elkartzeko aitzakia izaten dira maiz, eta Miaren etxean ere hala suertatu da: Branko semeak 25 urte bete ditu, eta familiako kideek ospakizun festa bat prestatu dute. Gertaera horretatik abiatuko da Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana. Ivor Martinicena da testua; Fernando Bernuesek zuzendu du pieza, eta haren gidaritzapean aritu dira hamar euskal aktore: Miren Arrieta, Ane Gabarain, Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi Lopez Jabato, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia. Bihar estreinatuko dute lana, Bilboko Arriagan, eta antzokiaren urteko lehen estreinaldia izango da.

Beste askoren antzera, Mia «ezinbesteko» emakumea da bere etxeko eguneroko bizitzan. Mireia Gabilondo aktoreak jokatuko du rol hori, eta, haren hitzetan, bizitza «zaila» du pertsonaiak: «Minduta dagoen emakume bat da, nahiz eta egunean zehar aurrera egiten duen, bizitzak berak ere aurrera egiten duelako». Bizi den egoerari buruz gogoeta egiteko baliatuko du urtebetetze festa antzezlaneko protagonistak, eta, hala, familiarteko harremanen inguruko errepasoa ere egingo du: «Bizi izandakoari, bizitzen ari denari eta bizi nahiko lukeenari buruzko hausnarketa egingo du pertsonaiak».

Oro har, emakumeak izango dira obraren ardatz. «Gizonezkoak sartu-irtenean arituko dira, baina ez dute denbora gehiegirik igaroko etxe barruan», azaldu du Gabilondok. Hala ere, Branko semeak rol «berezia» izango du: pixkanaka-pixkanaka mugikortasuna galarazten ari zaion izenik gabeko gaixotasun bat pairatzen ari da. «Nire pertsonaiak zailtasunak ditu ez dakielako nola izan seme horren ama», dio aktoreak. 25 urte bete arren, ume txiki bat balitz bezala jokatuko du semearekin: «Gehiegizko babesa emango dio, gehiegi arduratuko da berarengatik... Eta, bitartean, alabari ez dio kasu askorik egingo».

Festa hastear dela, Miaren etxean elkartu da familia osoa, urduri: «Dena ondo ateratzea nahi dugu». Eta, bertan, askotariko egoeren lekuko izango dira pertsonaiak: «Egoera batzuk barregarriak izango dira, baina tartean denetarik dago: momentu krudelak, hunkigarriak...».

Oholtza gaineko pertsonaien artean dagoen adin aniztasuna nabarmendu du Fernando Bernues antzezlanaren zuzendariak: «Erregistro zabal horrek piezari aniztasun eta aberastasun izugarria ematen dio». Izan ere, aktore guztiak izango dira familia bereko partaideak. Tartean, aitona-amonak, gurasoak, izeba-osabak, seme-alaba nerabeak edota euren lagunak. «Denek egingo dute bat taula gainean».

Agertokitik kanpora ere, prestakuntza prozesua «familiartean» egin dutela nabarmendu du Gabilondok: «Testua asko gustatu zaigu, eta horrek nolabaiteko malgutasuna eta konfiantza eman digu. Asko disfrutatu dugu, oso polita izan da».

Eguneroko bizitzaren isla

Oroimena, familia, denboraren joana, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, gaixotasuna eta edertasuna izango dira, besteak beste, jorratuko diren gaietako batzuk. Laburbilduz, «bizitzaren inguruko gogoeta bat» izango da obra, zuzendariaren hitzetan: «Eguneroko bizitza eta haren gorabeherak erakusten dituen familia baten erradiografia izango da antzezlana».

Umorez, xalotasunez eta zintzotasunez jorratuko da gai horietako bakoitza, eta antzerki zuzendariak ispilu batekin alderatu du ikusleak biziko duen esperientzia: «Testua bikaina da, eta momenturen batean edo bestean norbere burua identifikatuta sentituko dute askok».

Etxeko giroa mantenduz osatu dute eszenografia ere. Oholtzari aurrez aurre begira jarriz gero, etxe barrualde errealista bat ikusiko du ikusleak: sukaldea, egongela, logelak, komuna eta korridore luze bat. «Paretarik gabe, noski», argitu du Gabilondok. Eta aktoreek ere antzera jokatuko dute. Eszenaren erdian ez daudenean ere ikusi ahal izango ditu publikoak: «Aktoreak hitz egiten egon ez arren, atzealdean egongo dira: irakurtzen, irratia entzuten, janzten...».

Bi bertsiotan ikusgai

Ivor Martinic egile kroaziarrarena da jatorrizko lana, eta Bernuesek Buenos Airesen izan zuen lehenengoz haren berri: «Duela bost urte inguru Buenos Airesen geunden Muxua antzezlanaren biran, eta obra hau ikusi genuenean maitemindu egin ginen». Izatez, 2011n estreinatu zen obra Zagreben (Kroazia), eta herrialdeko antzerkiaren historian gehien saritu den lanetako bat izan da. Bernues liluratuta geratu zen testuarekin, eta ez da bakarra izan: sari ugari jasotzeaz gainera, hainbat herrialdetako agertokietan ari dira obra antzezten. Aizpea Goenagak ekarri du jatorrizko testua euskarara, eta «pozik» daude moldaketarekin Tanttaka taldeko kideak.

Aurreko lanekin egin bezala, obraren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak emango dituzte. Bihar, kasurako, euskaraz taularatuko dute obra Bilboko Arriaga antzokian, baina hurrengo bi egunetan gazteleraz emango dute. Hortik aurrera, Sopelara (Bizkaia), Lasarte-Oriara (Gipuzkoa), Santurtzira (Bizkaia), Berrizera (Bizkaia), Oñatira (Gipuzkoa) eta Ordiziara (Gipuzkoa) helduko dira, besteak beste. «Euskal Herrian 30 emanaldi inguru eskainiko ditugu; pozarren gaude jasotako babesarekin», adierazi du Bernuesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.