Noiz sortua: 2020-05-21 00:30:00

Aske eta askotariko izateko

Adrienne Richen 'Emakumeagandik jaioak' plazaratu du Txalapartak, Maialen Berasategi Catalanek itzulita. Amatasuna ikuspegi sozial, politiko eta ekonomikotik aztertzen du saiakera literarioak
Adrienne Rich (Maryland, AEB, 1929 Kalifornia, AEB, 2012) poeta, saiakeragile, irakasle eta ekintzaile feminista.
Adrienne Rich (Maryland, AEB, 1929 Kalifornia, AEB, 2012) poeta, saiakeragile, irakasle eta ekintzaile feminista. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko maiatzak 21

Zer eragin du patriarkatuak amatasunean? Norena da emakumeen ugalmena? Nola bereganatu eta medikalizatu dute gizonek ugalmena eta haurgintza Mendebaldean? Zer botere eta zer indarkeria darabilte amek berek? Zer da benetako ama bat? Zertan da emakume umegabeen estigma? Nola eraiki beste modu batean bai gizonak eta bai emakumeak? Galdera horiei guztiei eta gehiagori ere heldu zien Adrienne Richek 1976. urtean, Emakumeagandik jaioak. Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa saiakeran. Liburua argitaratu zenetik dozenaka urte igaro badira ere, auzi horiek guztiak oraindik ere gaur-gaurkoak direla uste du Maialen Berasategi Catalan itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kideak. Hark euskaratu du Richen lana, eta Txalapartak argitaratu.

Adrienne Rich (Maryland, AEB, 1929 Kalifornia, AEB, 2012) poeta, saiakeragilea eta irakaslea izan zen, baita feminista eta eskubide zibilen aldeko ekintzailea ere. Bere idazle ibilbidean obra oparoa osatu zuen. «Richek esaten zuen idaztea 'izendatzea' dela, gauzei beste izen bat jartzea edo lehen aldiz izen bat jartzea, azken batean gauzak aldatu ahal izateko; ahalegin horretan eman zuen bizi guztia, bai eta lortu ere askotan, nire ustez», azaldu du Berasategik. 20 urte inguru zituela eman zuen argitara bere lehen poema liburua, eta hamaika lan plazaratu zituen handik aurrera. Poesian egindako ekarpena nabarmendu izan zaio batez ere, baina hainbat saiakera ere plazaratu zituen, poesia liburuekin tartekatuta. Orain Txalapartak argitaratutakoa tartean.

«Saiakera literario bat da», Berasategiren ustetan, Emakumeagandik jaioak liburua. «Esaten zuen pertsonalaren eta ez-pertsonalaren arteko dikotomia falazia bat zela, ezin zirela bereizi, pertsonak ez direla edo kanpo edo barru, edo objektibo edo subjektibo: eta pentsaera horri jarraituz uztartu zituen saiakera eta literatura ere». Liburuaren zati batzuk akademikoagoak badira ere, Richek «ia beti oso modu lauan eta dibulgatzailean» idazten zuela azaldu du itzultzaileak. Beste zati batzuk, berriz, literarioagoak direla dio, eta prosa «oso poetikoa» zuela batzuetan. «Bikain uztartzen zituen genero ezberdinak». Hala heldu zion amatasunaren auziari. Gai horri buruz jarduna zen lehenago ere, baina saiakera horretan aztertu zuen sakonago.

Amatasuna bere testuinguruan jarriz eta ikuspegi feminista batetik landu zuen, arreta bi alderditan jarriz, Berasategik azaldu duenez: «Batetik, amatasunaren instituzioan, hots, amatasunaren konstrukzio sozial patriarkalean, eta, bestetik, amatasunaren esperientzian, batez ere potentzial gisa ulertuta. Haren ustez, instituzioak den-dena blaitzen du, eta esperientzia ito: emakumeoi ez digu uzten libre erabakitzen nola eta noiz izan ama, ez eta ama izan nahi dugun ala ez ere. Amatasun burujabe askotariko bat aldarrikatzen du Richek liburuan, eta horretarako emakume burujabeak behar direla dio, ama eta alaba libreak, hartara gizaki guztien ongizatea bermatzeko, eta ez gutxi batzuena bakarrik».

Amatasuna instituzio gisa nola eraiki den aztertzeko, historiara jotzen du Richek: legeen, arau sozialen, erlijioen, mitoen eta kontakizunen bidez nola osatuz joan den ikertzen du. «Instituzio hori, izan ere, gizonek sortua da Richen ustez, amen semeek zabaldua, baina gizaki guztiek iraunarazia: batzuek menderatzaile gisa, eta beste batzuek menderatu gisa», dio Berasategik. «Richek ondorioztatzen du, besteak beste, gizonek orotariko baliabideak erabili dituztela ugalmenaren, haurdunaldien, erditzeen eta hazkuntzaren gaineko kontrol osoa beretzeko, eta lapurreta horrek izugarrizko eragina izan duela emakumeen —ez soilik amen— bizieran eta gorputzean, psikea eta burua barne». Ikerketa teorikoago horri bere esperientzia gehitzen dio egileak. Horrela, batetik, «benetakoago» bihurtzen du esaten duena, itzultzailearen ustez. Eta bestetik, bere esperientzia munduko beste ama eta alaba askorenaren antzekoa dela jakitun, «irmo nabarmentzen du amatasunaren lasta horiek guztiak ez direla norberarenak bakarrik, baizik eta auzi kolektibo bat dela guztiz, eta, beraz, modu kolektiboan erantzun behar zaiola».

Baina atzera soilik ez, aurrera ere begiratzen du, eta esaten du amatasunaren orain arteko arauak irauli behar direla, eta bestelako amatasun batzuk sortzeko bideak urratu. «Horretarako, dioenez, gizonek ere gauza asko aldatu behar dituzte, noski, baina emakumeek elkarrekin imajinatzen hasi behar dute zer nahi duten benetan —zeren, askotan, imajinatzen ere ez baikara ausartzen emakumeak—, eta horren bila jo».

Liburuak aktualitate «erabatekoa» du, beraz, itzultzailearen ustez, zeren, hainbat gauza aldatu diren arren, amatasunaren «instituzio milenario, unibertsal eta guztiz indartsu horrek» eragina baitu gaur egungo gizartean ere. «Liburuan deskribatzen eta salatzen diren hainbat arazok hortxe diraute: oraindik ere badago, adibidez, biolentzia obstetrikoa; oraindik ere ez gara guztiz gure ugalmenaren jabe; emakumeak oso-oso bakartuta eta elkarrengandik atomizatuta bihurtzen dira ama oraindik ere; amatasunaren inguruan txiki-txikitatik buruan sartzen dizkiguten mila mito eta desirek bizi guztian eragiten digute...».

Idazkera «deliziosoa»

Berasategik ezagutzen zituen lehendik ere Richen obra eta idazkera, baita haren lan bat itzultzea zer den ere. 2017an, Richen poema sorta bat ekarri zuen euskarara, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman plazaratu zutena. Oraingo itzulpena egiteko, argi du lagundu diola poema haiek euskaratu izanak eta haren beste saiakera batzuk irakurri izanak, «batez ere haren tonuak eta prosa eta idazjoerak zertan diren hobeto ulertzeko eta ahalik eta finen euskaratzeko».

Liburua itzultzen asko gozatu duela dio: «Richek idazkera deliziosoa du». Zailtasunak ere aitortzen ditu, batez ere parte literarioenekin. «Baina aldi berean horiekin gozatu dut gehien. Halaxe gertatu ohi da, kar-kar». Irakurleak ere gozatzea espero du orain. «Liburuak merezi du benetan».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna