Noiz sortua: 2020-06-27 00:30:00

Ezagutzen den Safo osoa

Maite Lopez Las Heras itzultzaileak zuzenean grezieratik euskaratu du gaur egunera arte iritsi den Saforen poesia guztia, eta Balea Zuria argitaletxeak eman du bilduma argitara
Safok argitaratu zituen bederatzi liburuek osaturiko obra osoaren hogeirena da, gutxi gorabehera, gaur egunera arte iraun duena.
Safok argitaratu zituen bederatzi liburuek osaturiko obra osoaren hogeirena da, gutxi gorabehera, gaur egunera arte iraun duena. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko ekainak 27

«Batzuek diotenez, zaldizko tropa bat da/ lur ilunean dagoen gauzarik ederrena;/ beste batzuentzat, berriz, infanteriazkoa;/ eta besteen arabera, itsasontziena;/ niretzat, ordea, norberak maite duena da». 28 mendeko zeharkaldian, besteak beste, axolagabekeriak, larbek, zoriak, klima mota desberdinek, bateko zein besteko erlijioek eta arratoiek eragindako kalteak gainditu ostean, Safok argitaratutako bederatzi liburuko obra osoaren 200 pasarte inguru besterik ez zaizkio iritsi gaur egungo irakurleari, eta, haien artean, poema bakarra irakur daiteke oso-osorik. Puskatuta heldu da gainontzeko guztia. Iceberg bat balitz bezala, idazleak argitaratutakoaren hogeirena bakarrik dago bistara egun, baina, nahikoa izan da hogeiren hori, mendez mende, idazlearen izenari eta ospeari eusteko, eta, oldez olde, haren inguruan milaka eta milaka irakurle biltzen jarraitzeko. Euskarara itzuli du orain ikusgarri den atal oso hori Maite Lopez Las Heras itzultzaileak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1985), eta Balea Zuria argitaletxeak eman du argitara, Safo. Poesia guztia titulupean.

Filologia klasikoa ikasi zuen Lopez Las Herasek, eta han ezagutu Safo. «Bost urte pasatu genituen itzuli eta itzuli, latinetik eta grezieratik, eta beti itzultzen genituen gizonezkoen testuak, eta, neure buruari galdetzen nion ez al zegoen idazten zuen emakumerik garai hartan». Orduan heldu zitzaion Saforen erreferentzia, eta pixkanaka hasi zen hura itzultzen. Zuzenean eoliar dialektotik euskaratu ditu haren poemak, tarteka gaztelera ere makulu hartuta, olerkien egoera «eskasa» zenean. «Libre xamarra izan da itzulpena, baina beti originala oinarritzat hartuz».

Poemen aurretik, 21 orrialdeko hitzaurrea ere txertatu dio liburuari itzultzaileak, egileari, sasoi historikoari eta orduko literatur joerei buruzko azalpenekin, eta, bertan dioenez, lanbro artean ezkutatuta bakarrik ikus daiteke Saforen figura. Jakina da, adibidez, Lesbosen bizi izan zela, eta «ia erabat adosturik dago» Kristo aurreko VII. mendearen bigarren erdian eta VI. mendearen lehen hamarkadetan bizi izan zela ere. Nahasi xamarra da gainontzeko guztia. Antzinatetik hasita. Saforen aitari zortzi izen desberdin egozten zaizkio, esaterako; zalantzan jartzen da ezkonduta egon zela eta Kleis izeneko alaba bat izan zuela; eta Safo poeta izan zela dioen bertsioarekin batera iraun du gaur egunera arte Safo prostituta zela dioen beste bertsio batek ere. Itzultzailearen hitzetan, horregatik, bere poemetan utzitako aztarnak dira haren bizitzari buruzkoak jakiteko iturririk zuzenena.

Etiketarik gabe

Eros-a da Saforen poesiaren «bizkarrezurra», Lopez Las Herasek dioenez. «Baina berak ez du irudikatzen jainko bat balitz bezala, baizik eta gizakia harrapatzen duen indar irrazional bat bezala. Zorabioa eragiten duena, izerdi hotza, dardarizoa... Eros-a ulertu behar da Saforen poesia ulertzeko». Desira eta maitasun hori, gainera, askatasunarekin lotu du itzultzaileak. «Ezin da ukatu Saforen poesiak maitasun homoerotikoa adierazten zuela. Sexu bereko pertsonen arteko erlazioak ukaezinak dira bere poesian, baina horrek ez du esan nahi lesbianismoaren edo homosexualitatearen eredu izan zenik, gizonezkoekiko maitasuna ere adierazten zuelako. Berak askatasuna adierazten zuen; ez zuen etiketarik nahi».

Horregatik, itzultzaileak ez du idazlearen homosexualitateari buruzko aipamenetan gehiegi luzatu nahi izan hitzaurrean. Azaldu duenez, Safok landutako gai horiei buruz egin diren irakurketek, maiz, gehiago esaten dutelako irakurketa horiek egin diren garaiaz, Safok bizi izandakoaz baino.

Bestela ere, Safo emakumezko izateak gehiegitan baldintzatu du haren irakurketa. «Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Olerkien edukia eta erritmoa egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea, horixe da poesiaren zinezko kutsua».

Lopez Las Herasek Afroditaren ibilbideak deitu duen poema izan daiteke Safo itzultzeko eta interpretatzeko dauden zailtasunen erakusgarri. Testu oso hartatik, esaldi oso izatera iristen ez diren lau txatal soltek iraun baitute soilik. «Edo Zipre edo Pafos edo Panormos zu...// ...eta irrikan nago eta gogo biziz bilatzen dut...// tantaka isuri den nire bihozminaren arabera./ Iraintzen duena atsekabeek/ eta ekaitzek eraman dezatela.// Kiskaldu egiten gaituzu».

Itzultzaileak hitzaurrean dioenez, neurri batean, Saforen alde jokatu du denborak. «Beste garai batzuetan, itzultzailea hondamena konpontzera beharturik zegoen, gorputz adarrak moztuak dituen estatuari besoak jartzen dizkion zizelkatzailea bezalatsu. Gaur egungo artea ulertzeko moduak, ordea, onartzen du zatikako lana aukera estetikoei irekita egotea. Beraz, beharbada, iraganeko erlikien irakurle trebe gisa hezi gaituzte».

«Liburu berezia» da, Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko kidearen hitzetan. Eta inbutu moduko bat irudikatuz azaldu du zergatik. «Lehenengo aldia delako Safo osotasunean itzultzen dena euskarara. Itzulpenak, berez, ez dira asko, poesiakoak gutxiago, eta, gainera, gehituko nuke, klasikoen poesia, eta, batez ere, Antzinako Greziako eta Erromako lanen itzulpenak askoz gutxiago dira». Eta bakantasun horretan dator, horregatik, Saforen poesia biltzen duen liburua. «Ospakizun bat da».

Aurora Luque poeta eta Saforen gaztelaniarako itzultzaileak idatzi du liburua ixten duen hitzostea, eta mugarri eta bilgune deskribatzen du egilea hark ere. «Safo milurtekoetan barrena dabil argi-isuri geldiezina bezala. Harengana jo zuten —babesleku gisa, autoritate gisa eta sortzeko pizgarri gisa— haren ondoren poesia idatzi zuten emakume ia guztiek». Orain, euskaraz ere topa daiteke babesleku hori.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatuko dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek "positibo ahula" eman ondoren.

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna