Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Telebistari gorazarre

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Telebista objektiboki zer den denok dakigu, gutxi gorabehera behintzat, gaur egun definizioa konplikatzen hasita badago ere, telebista bere ohiko etxetresnatik jauzi egiten hasi zenez geroztik. Baina telebista ez da inondik ere gauza bera pertsona guztientzat, ezta pertsona berarentzat ere garai batean edo bestean. Telebista ikusteko modu asko daude. Baita telebista irudikatzeko ere.

Kutxa ergela, tonto-fabrika eta droga-banatzaile eskrupulurik gabea izan da urte askoan eta askorentzat telebista, euskaldunen frantsesteko eta espainoltzeko tresna eraginkorra izateaz gain. Deabru zitala. Ez zuen arrazoirik gabe bereganatu ospe txar hori guztia. Ezin da ukatu, nondik begiratzen zaion, kalte handiak egin dituela bere historia oraindik ere ez oso luzean.

Baina, gaur egun, izatekotan, behea jotako deabrua da telebista, kaltegabea bere ondoan etengabe hazten ari diren beste infernuko etsai elektronikoen aldean, tamainaz txikiagoak gehienak baina ez horregatik ahulagoak, ez horregatik asmo eta burubide zintzoagokoak. Telebista bera ere aldatu da, zabalagoa du eskaintza eta eskaintza horretan ez da dena droga eskrupulurik gabe banatuz tontoak fabrikatzen dituen kutxa ergel zital bati dagokiona. Tira, lehen ere ez, jakina, baina gaur egun are gutxiago. Hori dena aintzat hartuta, panorama berrian alderaketak egiten hasiz gero, harrapari arriskutsutzat geneukana, telebista, etxeko maskota bihurtua dugu gaur egun.

Horrez gain, beste ikuspuntu batetik begiratuta, bakardadeari eta zaintza lanei buruz hainbeste hitz egiten den garaian, aitortu behar zaio telebistari arlo horretan eman izan duen, ematen ari den eta emateko daukan laguntza, ezer gutxi eskatuz ezinbesteko konpainia leiala eskaintzen baitio gaixorik, zahartuta edo, besterik gabe, bakarrik dagoen jende askori.

Esan dezakegu tristea dela hori, baina are tristeagoa litzateke horien guztien egoera telebistarik gabe, urteekin hain etxeko egin zaigun harrapari behiala arriskutsu eta gupidagabe, orain zaharkitu, kaltegabe, atsegin eta maitekor hori gabe.

Telebista ikusteko modu asko daude. Baita telebista irudikatzeko ere. Horietako bat baino ez dut ekarri nahi izan hona, agur moduan, nire azken ekografian telebistari esker oneko omenalditxo bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.