Erresistentziaren artea

Zehra Dogan kazetari eta artista kurduak klandestinitatean egindako hogei lan jarri dituzte ikusgai Donostiako Kaxilda liburu dendan, 'Isilpeko lanak' erakusketan. Turkiak espetxeratua du Dogan

Kaxilda liburu dendan ikusgai jarritako zenbait margolan. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Giltzapean jarraitzen du Zehra Doganek, koadro bat margotzeagatik. Kazetaria eta artista da, Turkiaren menpeko Kurdistanen jaioa. Kazetaritza lana nola, hala baliatzen du bere arte lana herri kurduaren errealitatearen berri emateko. Kulturaren aurkako jazarpen politikoaren ikonoetako bat bihurtu da azken urteetan, eta haren askatasuna aldarrikatzen du nazioarteko mugimendu batek. Horren harira, Doganen hogei lanen erreplikak bildu ditu Kaxilda liburu dendak, Donostian, Kedistan web aldizkariarekin elkarlanean. Klandestinitatean eginiko margolanak dira, egunkari orrien gainean onduak. Isilpeko lanak deitu diote erakusketari, eta atzo inauguratu zuten. Artistaren faltan, Ali Haydar Iscen musikaria eta Yohann Villanua poeta izan ziren aurkezpenean. Datozen bost asteetan bisitatu ahalko da erakusketa.

Diyarbakin jaio zen Dogan, 1989an. Arte Ederretan lizentziatu zen, kazetaritzan bilatu zuen ofizioa, eta, hainbat emakume kazetarirekin batera, JINHA berri agentzia sortu zuen, 2012an, ez kasualitatez, martxoaren 8an. Kasualitatez ez, emakumez soilik osatutako proiektu bat zelako, eta informazioa ikuspegi feminista batetik lantzea zuelako ardatz. Iraken eta Turkiaren menpeko Kurdistanen azkar hedatu zen agentzia, baina 2016ko urrian Turkiako Gobernuak ixtea agindu zuen, beste ehundik gora komunikabiderekin egin zuen bezala. Edonola ere, herri kurduaren aurkako estatu indarkeria salatzen eta emakumeen egoera lehen lerrora ekartzen jarraitu zuen Doganek. Aurrenekoetakoa izan zen EI Estatu Islamikoarentzat esklabo izandako emakume yazidien lekukotza jasotzen, eta 2015ean Metin Gokçetepe kazetaritza saria irabazi zuen horregatik. Antolakunde ilegal bateko kide izatea leporatu zioten orduan, eta hala ezagutu zuen lehenbizikoz espetxea.

2016ko abenduan atera zen berriz kalera, behin-behinean aske. Baina handik gutxira heldu zitzaion hurrengo kondena, Nusaybin hiriaren suntsipena margolan batean islatzeagatik—2015-2016 artean herritar kurduen eta Turkiako armadaren arteko borroka gune beroenetako bat izan zen—. Refik Tekin argazkilariaren irudi bat margotu zuen, tankeek txikitutako hiri bat erakutsiz, eta zutik zeuden eraikinetan bandera turkiarrak gorri bizi batekin nabarmenduz. Sareen bidez zabalduz eta oihartzuna hartuz joan zen irudia, eta, Turkiako Gobernuaren begietara heltzean, Dogan auzipetu eta «propaganda terrorista» egiteagatik kondenatu zuten. «Bi urte eta hamar hilabeteko espetxealdira kondenatu naute hondakinen gainean bandera turkiarrak margotu ditudalako bakarrik. Haiek eragin dute, nik margotu baino ez dut egin», idatzi zuen artistak Twitterreko bere kontuan.

Sententzia jakindakoan, lagun batzuen etxean ezkutatu zen. Lanean segitu zuen klandestinitatean, 2017ko martxotik ekainaren 12an atxilotu zuten arte; eta tarte horretan egindako lanen erreplikak dira, hain zuzen, Kaxildan bildu dituztenak. Lurralde kurduan gertatutakoen berri ematen zuten egunkari orriak hartu, eta irudiekin berregin zituen azpiko hitzek kontatzen zutena, zuri-beltzaren gainera kolore biziko narratiba bat ekarriz. Oihuak ageri dira, gorputz erdiak, odol isuriak, jendea protestan, eraitsitako bizitokiak. «Izuaren kartografia bat», Kaxildako kideen esanetan.

«Nahiago genuke margoak originalak balira, baina horiek esku onek zainduta daude, Turkiaren zentsuratik aparte», azaldu du Dario Malventi liburu dendako kideak. Dena den, jatorrizkoak ez izateari garrantzia kendu dio Malventik. «Interesatzen zaiguna borrokan den komunitate baten errealitatea erakustea da. Askotan, badirudi ezin duzula ezer egin, eta hau eragiteko modu bat da. Balioa duena Doganek eratzen duen narratiba da, nola sorkuntzak narratiba berriak eratu ditzakeen». Sormen lanak muturreko egoeretan jokatzen duen «egiteko zentrala» ere nabarmendu du Cristina Martinez kideak: «Sortzearen ariketa iraupen ariketa bihurtzen da».

Otsailean beteko du kondena Doganek, baina, Malvetik dioenez, «kondena bat besteari josten» ari zaizkio, eta «espetxera itzultzeko arriskuarekin irtengo da». Bitartean, margotzen jarraitzen du Doganek. «Ez dauka behar bezalako materialik, noski. Ahal duenarekin egiten du, txori-kaka, elikagaiak, hilekoaren odola...», zehaztu du Martinezek. Eta jarraitzen du kazetaritzaren bueltan antolatzen ere; hainbat emakumerekin …zgür Gündem Zindan (Agenda askeko kalabozoa) egunkaria sortu dute.

«Milaka Zehra»

Batez ere, herri kurduaren erresistentzia azaleratzeko baliatu nahi dute erakusketa. «Milaka Zehra daude», azpimarratu du Malventik. «Borroka kurduak identitate nazional baten ideia puskatu zuen, eta herrien arteko borroka modura definitu du; hori bada gu honetan engaiatuta egotearen beste arrazoi bat, borroka antiestatal bat gehiago interesatzen zaigulako».

Euskal Herriko komunitate kurdua biltzeko «amua» ere jarri nahi izan dute erakusketarekin. Horrez gainera, abenduaren 12an, Karlos Zurutuzaren Irakeko kurduak, bizitza bazterbidean dokumentala erakutsi, eta Manuel Martorell kazetariarekin eta Suargi elkartearekin mahai ingurua egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.