Jaurlaritzak ia 600 milioi euro txikituko du zor publikoa aurten

Gobernuak 153 milioi euroko superabitarekin amaituko du urtea, eta zorra 9.444 milioi eurokoa izango da orotara, EAEko BPGaren %12,3. Hazkunde iragarpena hamarren bat jaitsi du, %2,2ra

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua eta Alberto Alberdi sailburuordea, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Zerga bilketa onak lagunduta eta gastu arauak mugatuta, Eusko Jaurlaritzak superabitarekin amaituko du urtea aurten ere. 2017tik galerarik gabeko kontuak izan ditu Gasteizko gobernuak, eta, ordutik, zor publikoa txikitzeko ekinean ari da. Aurten ere, jasotako diru gehigarriaren zati bat horretarako bideratuko du, hain zuzen, ekonomiaren epe laburreko iragarpen onak baliatuta. Bada, urte amaieran ia 600 milioi eurotan gutxituko du zorra.

Eusko Jaurlaritzaren eta haren menpeko erakunde publikoen zorra 9.444 milioi eurokoa izango da denera 2019an. Hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %12,3. Horrek esan nahi du puntu eta erdi txikiagoa dela aurrekontuen egonkortasunaren Espainiako arauak finkatutako %13,8ko zorpetze maila baino. Edo bestela esanda: 1.000 milioi euroko tartea duela oraindik gobernuak lerro gorrira iristeko.

Aurten, 153 milioi euroko superabitarekin amaituko du urtea Jaurlaritzak, eta zatirik handiena bideratuko du zorra txikitzera: 124 milioi. Horri gehitu behar zaie, hala ere, zorraren jaulkipenen erosketarengatik (265,8 milioi) eta maileguen aurretiazko amortizazioagatik (207,2 milioi) jasotakoa: guztira, 597 milioi euro.

Iaz ekin zion Jaurlaritzak bonu jasangarriak deituriko zorra merkaturatzeari, hain zuzen. Ordu hartan, 54 milioi jaso zituen guztira, eta, aurten, handitu egingo du zenbateko hori: 100 milioi euro jarriko ditu. Inbertitzaileei aldez aurretik jakinarazten zaie dirua zertan erabiliko den, eta zorpetze modu horrek ez du gastu arauan konputatzen; ondorioz, gobernuak inbertsio publikoa handitzeko tartea du.

Pedro Azpiazu Ogasun eta ekonomia sailburuaren hitzetan, zorra txikitzea «positiboa eta beharrezkoa» da. «Etorkizunerako inbertsioa da, etor daitezkeen egoera zailagoei erantzun egokiagoa ematea ahalbidetuko baitio gobernuari». Horrez gain, kalifikazio agentziek administrazioaren kaudimenaren balorazioa hobetzea ere badakar, Azpiazuren esanetan, eta, ondorioz, merkatuetan sarbide «egokiagoa» izatea.

Iragarpen guztiak panorama ekonomikoa belzten ari diren garaian, Jaurlaritzak aurreikuspen positiboak egin ditu datorren urterako ere. 2020an 40 milioiko superabitarekin amaitu nahi du urtea, eta, beraz, zorra txikitzen jarraitzeko asmoa iragarri du Azpiazuk. Hala, heldu den urtean gobernuaren zorra 9.291 milioi euroraino jaistea espero du: 150 milioi gutxiago, BPGaren %11,7 izateraino.

Hazkunde apalagoa

Azken urteetako superabita ekonomiaren egoera onari esker izan da, Alberto Alberdi sailburuordearen arabera, nazioartetik irits daitezkeen mehatxuak gero eta handiagoak izan arren: «Egoera pribilegiatua da». Izan ere, urteko bigarren hiruhilekoan %2,2ko erritmoan hazi da Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko barne produktu gordina. Horrek esan nahi du azken hiruhilekoek kateatutako moteltze prozesua «eten» egin dela.

Hala ere, urte amaierako aurreikuspena hamarren bat jaitsi du Jaurlaritzak: ekonomia %2,2 haziko da 2019an. Urte hasieran egindako iragarpena beteko du hala Gasteizko gobernuak. Izan ere, urte hasierako datu positiboen ondorioz, udaberrian iragarpena %2,3ra igo zuen. Alda zitekeela adierazi zuen Azpiazuk berak, halere, eta hala izango da azkenean. Enpleguaren sorrera ere espero baino apalagoa izango da: %1,6 haziko da urtearen amaieran; hots, aurreikusi baino hamarren bat gutxiago, 15.000 lanpostu guztira.

Datorren urteko aurreikuspen «zuhurrei» eutsi egin die, ordea: Jaurlaritzaren arabera, %2 haziko da barne produktu gordina, eta guztira 11.500 lanpostu sortzea espero du. Ekonomiaren moteltzea agerikoa bada ere, sailburuak adierazi du ez dagoela larritzeko moduko egoerarik: «Moteltasun txiki bat ikusten dugu, eta horregatik egin dugu aurtengo zuzenketa. Baina oraindik ez dugu gehiago ikusten». Jaurlaritzaren arabera, moteltzea datorren urtean amai liteke, giro «ezkorra» izan arren.

Azpiazuren arabera, barne eskaria izango da ekonomiaren motorra datozen urteetan ere. Zerbitzuak eta eraikuntza izango dira gehien haziko diren sektoreak. Horrez gain, industria iaz izandako krisitik «errekuperatzeko prozesuan» ikusten du Jaurlaritzak, nahiz eta ez duen berreskuratuko aurreko urteetako hazkundea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.