Ate digital bat ondarearentzat

Guztira, 750.000 multimedia objektu baino gehiago kontsultatzeko aukera eskaintzen duen liburutegi digitala aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: Euskariana. Euskara du ardatzetako bat

Euskariana liburutegi digitalaren aurkezpena, atzo, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskal ondare ahalik eta zabalenera ate digital bat irekitzea. Hori da Euskariana izeneko liburutegi digitalaren helburua. Liburuak, eskuizkribuak, egunkariak, mapak, argazkiak, partiturak, museo piezak eta ikus-entzunezkoak ere kontuan hartuz, 750.000 dokumentu digital kontsultatzeko aukera eskaintzen du oraintxe plataformak, eta kopuru hori elikatzen jarraitzea da asmoa. Euskaraz sortutako lanak bilduko ditu funtsak, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian argitaratutakoak, egile gipuzkoarrek, bizkaitarrekzein arabarrek edozein hizkuntzatan sortutakoak, euskal gaiei buruzko argitalpenak, zein XIX. mendearen aurreko dokumentuak. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du proiektua, eta 2019tik 2022ko abendura arte, hiru milioi euro jarri ditu horretarako.

«Interneten euskal kulturaren ondarearen inguruan edozein gauza bilatzeko tresna bat izatea nahi dugu». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramaileak esaldi horrekin laburbildu du Euskarianaren egitekoa. Azaldu duenez, ikerlari espezializatuak eta publiko orokorra, biak izan dituzte buruan funtsak osatu eta bilatzailea sortzeko orduan. Eta, zehaztu duenez, elkarlanak eta azken urteetan egin den digitalizazio lanak bakarrik egin dute posible hura sortzea.

Zupiriak tartekatuta erabili ditu «Euskadiko Liburutegi Digitala» eta «Euskadiko Liburutegi Nazionala» izendapenak, eta ordezkaritza instituzional zabalarekin egin du haren aurkezpena Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan. Bertan izan dira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletako ordezkariak ere. Cindy Barbeito Euskadiko Liburutegi Digitaleko arduraduna ere izan da ekitaldian, eta Donostiako postal bat, Iberiar penintsulako mapa bat eta Nafarroako eskuizkribu zahar bat bilatuz erakutsi ditu plataformaren funtzionamendua eta haren funtsa osatzen duten dokumentuen askotarikotasuna.

Jadanik sareratuta dauden hainbat katalogotik edaten du liburutegi digitalak. Guztira, 35 erakunde zerrendatu dituzte. Bertan dira, bestak beste, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa, eta ondorengo elkarte eta instituzioen funtsak ere: Eusko Jaurlaritzarenak, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako foru aldundienak, hiru lurralde horietako hiriburuetako udalenak, Euskal Herriko Unibertsitatearenak zein Mondragon Unibertsitatearenak, Eusko Ikaskuntzarenak, Eresbil artxiboarenak, eta Sancho el Sabio, Labayru eta Beneditarren Fundazioa elkarteenak. Horietatik ez ezik, nazioarteko hainbat iturritatik ere edaten du katalogoak: Espainiako Liburutegitik, Frantziako Liburutegitik, Nevadako Unibertsitatetik, AEBetako Kongresuko Liburutegitik, kasurako.

Egile eskubideen korapiloa

Bere funtsak atari digitalean ere ager daitezen nahi duten erakunde eta elkarte guztiek horretarako aukera izango dutela esan du Zupiriak, eta prest daudela hitzarmen berriak egiteko ere. Liburutegia elikatuko duten elkarteen zerrenda handituz joango dela espero du sailburuak, horregatik. Hutsuneak ere badaude, ordea. Nafarroako Gobernua, Euskaltzaindia eta Xenpelar artxiboa ez daude zerrenda horretan, esaterako, beren funtsetan euskaraz sortutako material kopuru garrantzitsua biltzen duten hiru kasu zehatz aipatzearren.

Egile eskubideak dira oraindik askatu gabeko korapiloetako bat, Zupiriak onartu duenez. «Hori da datozen urteetarako zabalik dagoen eztabaidarik garrantzitsu eta interesgarrienetako bat. Gaur egun, adibidez, E-liburutegian [liburu digitalen maileguak bideratzen dituen plataforma] ez dauzkagu diruz laguntzen ditugun liburu guztiak. Adibide bat da hori». Eta antzerakoa da Euskarianarekin gertatzen dena ere, Zupiriaren arabera. «Erakundeek badute kezka hor. Gauza bat da euren apalategietan duten objektu bat erakustea, eta beste bat da haren tripetan dauden datu guztiak konpartitzea. Gure gizarteak, europar gizarte osoak bezala, pendiente duen gaietako bat da».

Eredu digitala

Erregistroak gordetzeko erabilitako metodoa izan daiteke liburutegiaren funtsa areago zabaltzen joateko beste zailtasunetako bat. Artxibo guztiek ez dute beti dokumentuak erregistratzeko sistema bera baliatzen, eta lana eska dezake, horregatik, beren bildumak Euskarianak proposatzen duen irizpideetara egokitzeak. Eta hori izan daiteke hurrengo urteetako zabalpenean eragina izan dezakeen beste faktoreetako bat.

Eusko Legebiltzarrak 2007an onartu zuen Liburutegien Legea du oinarri Euskarianak. Zupiriak gogoratu duenez, orduan ezarri zitzaion Jaurlaritzari Euskadiko Biblioteka sortzeko betebeharra, eta, ordutik, hainbat urtez, «harantz eta honantz» ibili da proiektua, harik eta, azkenean, aurreko legealdian erronkari heltzea erabaki zuten arte. Zehaztu duenez, jadanik martxan ziren liburutegiak kontuan hartzea izan dute gidalerro nagusietako bat, eta «duplizitateak» saihestea izan da helburua. Horregatik erabaki zuten jadanik baziren liburutegi eta artxiboen gainetik zegoen zerbait sortzea, eta baita tresna hori digitala izango zela ere.

Europako ondare kulturala biltzen duen Europeana izeneko tresna izan dute erreferentziatzat, eta hari keinu eginez hautatu dute Euskariana izena tresnarentzat, aldi berean, Anton Abadiak eta Agosti Xahok sortu eta Arturo Campionek ere baliatutako hitza gogoan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.