Literatura eta feminismoa aldarrien artean izan dira Euskadi sarietan

Uxue Alberdik, Idoia Santamariak, Iñigo Astizek eta Karmele Jaiok jaso dituzte aurtengo euskarazko Euskadi sariak. Koronabirusa aipagai izan da ekitaldian, baina beste gai batzuk gailendu zaizkio
Iñigo Astizek Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria irabazi du, <em>Joemak eta polasak</em> obrarekin. Irudian, Astiz Bilboko Azkuna zentroan, atzo.
Iñigo Astizek Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria irabazi du, Joemak eta polasak obrarekin. Irudian, Astiz Bilboko Azkuna zentroan, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2020ko azaroak 20

Aurreko urteetan bezala, Pello Ramirezen biolontxeloak hasi eta girotu zuen aurtengo Euskadi literatura sariak emateko ekitaldia atzo. 24. aldiak ahalik eta itxura ohikoena izan zezan saiatu ziren arren, ordea, saihetsezina zen azken hilabeteetako lorratza ezabatzea, eta, horrenbestez, ezinezkoa zirudien COVID-19arekin ez beste modu batera hastea Bilboko Azkuna zentroan atzo antolatutako sari banaketa. Hizketan hasi eta berehala izan zuen ahotan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta, are, ekitaldia aurrez aurre egiteko erabakia justifikatu zuen: «Ekitaldia sariaren parte da, irabazleen obraren zabalkundearekiko begirunez ere egina».

Saridunak oholtzara igoz joan ahala, ordea, birusari beste hainbat gai gailendu zitzaizkion. Euskarazko saridunen artean, hitza hartzen lehena Uxue Alberdi izan zen, zeinak saiakeren kategorian irabazi baitu Kontrako eztarritik lanagatik, eta beste eguneroko gai bat izan zuen hizpide hark: «emakumeen kontrako biolentzia», alegia. Emakumeek okupatzen dituzten esparru guztiak indarkeriak «zedarrituta» daudela azpimarratu zuen, bertsotan azpimarratu ere. Honela borobildu zituen ahapaldiak: «Zuen artean naiz bertsolari, eta zuei esker». Besteak beste, bere aurreko emakume feministei adierazi zien esker ona. Horrez gain, gogorarazi zuen bi emakumezko idazleren saiakerak baino ez dituztela saritu euskarazko zein gaztelaniazko Euskadi sarietan; hain zuzen, berarena eta Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburua. Alegia, biak ala biak «biolentzia» horretaz dihardutenak: «Gizonak honi buruz idazten jarriko balira, agian emakumeek idatzi ahalko genuke munduaz».

Idoia Santamaria igo zen ondoren, Ingeborg Bachmannen Aldibereko euskaratzeagatik saritua. Hark ere esker andana adierazi zuen; besteak beste, Juan Garzia, Maialen Berasategi eta Xabier Olarrari, «haien gomendio eta aupadarik gabe emaitza bestelakoa izango baitzen». Horien izenei batu zitzaien, ezinbestean, Bachmannena ere, zeinari «bereziki» eman baitzizkion eskerrak: «Oso ederra da, tarteka edo orduka bada ere, beste hizkuntza batean bizitzea eta, horri esker, beste lekuetara joateko aukera izatea».

Atrila jolastoki

Haur eta gazte literaturaren alorreko irabazle Iñigo Astizen hitzaldiaren umoreak tonu orokorrarekin kontrastatu zuen. Joemak eta polasak liburu sarituaren ilustrazioen egileari, Maite Mutuberriari, eskerrak eta zorionak eman zizkion aurrena, eta, ondoren, obraren ildoari jarraituz, hizkuntzarekin jolastu zen oholtza gainean, hitzetako bokalak ordezkatuz: «Pozik nengoke hitzekin jolastea zer den gogorarazi bagenie irakurleei». Jolasak jolas, aldarri serio bat ere bota zuen, publikoaren barre algaren gainetik argi entzun zena: «Haur eta gazte literatura literatura da».

Karmele Jaio izan zen agertokira igotzen azkena. Aitaren etxea-rekin irabazi zuen literatura saria, genero rolak hizpide dituen eleberri batekin, hain justu. Hala ere, osasun egoeraz ere oroitu zen: «Askok pentsa dezakete ez dela garai ona literaturari heltzeko, baina inoiz baino garrantzitsuagoa da. Literaturak, bere zehaztasunaren bitartez, mundu konplikatua erakusten digu». Halaber, literaturaren hilezkortasuna ere gogoratu zuen: «Zer utziko diegu hurrengo belaunaldikoei, ez bada literatura? Rafael Berriok abestu zuenez, bizitza laburra da; artea, luzea».

Gaztelaniazko sariei dagokienez, Aixa de la Cruzek irabazi zuen literatura saria, Cambiar de idea obrarekin; Miren Asiainek, ilustraziokoa, Un millón de ostras en lo alto de la montaña-ko lanengatik; eta Borja Barragurik, saiakerakoa, Larga vida a la socialdemocracia obrari esker.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

Besteen hitzetatik abiatuta itzultzea

Amaia Igartua Aristondo

Antton Valverdek disko berria atera du, azkenetik hamahiru urtera: 'Gaua. Ausentziaren itzala'. Hainbat idazleren lanak dituzte oinarri abestiek: Harkaitz Canorenak, besteak beste
Alos Quarteteko kide Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Xabier Zeberio. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Amaierarik gabeko testamentua

Mikel Lizarralde

Alos Quartetek taldearen 20. urtemuga ospatzeko emandako kontzertuetan grabatutako zuzeneko diskoa argitaratu du: '20 urte. Zuzenean'
Nagore Amenabarro artista erakusketarako egindako altzairuzko pieza baten alboan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Eskalaren intimitateak agerian

Aitor Biain

Nagore Amenabarrok 'Platina' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bitxigintza eta eskultura erlazionatuz sortu ditu piezak. Otsailaren 7ra arte dago ikusgai

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna