Jazzaren ertz guztiak

Besteak beste, Charenee Wade, Kenny Garrett, Billy Hart, Joshua Redman, Chano Dominguez eta Michel Camilo izango dira Getxo Jazzen bihartik aurrera

Charenee Wade abeslari eta konpositore estatubatuarra izango da Getxoko jazz jaialdiko izarretako bat. MARCIAL GUILLEN / EFE.
aitor biain
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Festa handi bat izan nahi du Getxoko (Bizkaia) jazz jaialdiak aurten ere, eta egitarau zabal bezain oparoa prestatu dute antolatzaileek horretarako. 42. aldia izango da aurtengoa, eta, ohi legez, aniztasuna izango du oinarri denboraldiko lehen jazz jaialdiak. Jazzaren aldaera guztiak bilduko ditu egitarauak, klasikotik hasi eta flamenko doinuetaraino: ahotsa, metalezko haize instrumentuak eta perkusioa nabarmenduko dira aurten bereziki. Jazzaren nazioarteko izar handiak eta artista gazteak txandakatuko dira Getxoko agertoki gainean, dagoeneko ohitura bilakatu denez,bihar hasi eta igandera bitarte.

Charenee Wade abeslari afro-amerikarraren emanaldiak irekiko du jaialdia, bihar. Jazzaren egungo eszenan ahots esanguratsuenetariko bat da Wade. Abeslari, konpositore, moldatzaile eta hezitzaile handia izateaz gain, nazioartean etorkizun oparoa duen artista da. 2011n ekin zion bere bakarkako bideari, Love Walkeed In diskoarekin. Bere azken lana erakutsiko du Getxoko agertokian, ordea: The Offering. Gil Scott Heron eta Brian Jackson musikariei eginiko «omenaldi berritzaile bat» erakutsiko du.

Kenny Garrett izango da aurtengo jaialdiko beste izarretako bat. Saxofoi jotzaile aparta, bere belaunaldiko jazz musikari nabarmenetariko bat da. Grammy bat ere irabazi zuen 2010ean; jazz instrumentaleko diskorik onena argitaratzeagatik eman zioten saria, eta beste bost alditan egon da izendatua. Ohorezko doktore ere bada Music Berklee College ospetsuan. Detroiten jaioa, sona handiko musikariekin aritutakoa da Garrett: Miles Davis, Freddie Hubbard, Woody Shaw nahiz Art Blakeyrekin, besteak beste. Soinu eta melodia propioak garatu izan ditu beti, eta horiek erakutsiko ditu etzi, Algortako Biotz Alai plazako emanaldian.

Perkusio soinuak, berriz, Billy Hartek jarriko ditu aurtengo jaialdian, jazz eszenako bateria jotzailerik garrantzitsuenetariko bat denak, hain zuzen ere. Garretten gisara, 1970eko hamarkadako musikaririk entzutetsuenekin jardundakoa da Hart ere; orduan erein zuen gaur egun duen sona. Joshua Redman saxofoi jotzailea izango du alboan ostiraleko emanaldian. Dewey Redman saxofoi jotzaile entzutetsuaren semea da, baina aitak ez bezala, 1990eko jazz klasikotik aldentzen den musika aske eta modernoa garatzen du semeak. Nortasun handiko musikaria da, eta inprobisatzeko gaitasun nabarmena duena.

Jaialdiak bestelako joera bat hartuko du asteburuan, jazz doinu tradizionaletatik flamenko doinuetara egingo baitu jauzi Chano Dominguez, eta Michel Camilo eta Tomatitorekin. Espainiako piano jotzaile garrantzitsuenetako bat da Dominguez, eta 1980ko hamarkadatik flamenko eta jazz doinuak uztartzen ditu. Hainbat talderen sortzailea ere bada, eta izen handiko artistekin kolaboratu du. Fernando Trueba zinemagile espainiarraren Calle 54 filmeko musika egin zuen, eta, hain zuzen, talde horrekin agertuko da Getxora. Musikan daramatzan 40 urteak ospatzen dabil Dominguez, eta kontzertu berezia emango du jaialdian.

Musika joera bera dute Michel Camilo eta Tomatitok ere. Dominikar Errepublikako eta Espainiako artistak hogeita hamar urte baino gehiago dira oholtzan elkarrekin ari direla. Pianoa eta gitarra bateratzen dituzte, aurreiritzi eta musika kanonei aurrea hartuz. Maisu da bakoitza berean, baina elkarrekin maisulan garrantzitsuak erdietsi dituzte, eta Grammy Latinoa eskuratu zuten iaz, horietako batekin.

Gazteei babesa

Urteak dira Getxo Jazz jaialdiak gazteen aldeko apustua egiten duela. Aurten ere, sona handiko musikariekin partekatuko dute oholtza. Europako talde gazteen lehiaketa antolatu dute aurten ere, eta finalera iritsi diren lau taldeak entzuteko aukera izango da izarrik handienen emanaldien aurretik. Aurten, hogei herrialdeetako 64 taldek hartu dute parte lehiaketan.

Horrez gain, Hirugarren Milurtekoa atalak ere gazteen zenbait proiektu hartuko ditu; Algortako Geltoki plazan izango dira kontzertu horiek guztiak, eta doakoak izango dira denak. Algortako Musika Eskolak ere ikasleen pare bat emanaldi hartuko ditu, Kristalezko Kioskoa deritzon agertokian. Jazzaren bueltako jam sessions edo inprobisazio topaketak ere izango dira jaialdiak irauten duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.