Kolpeka eraikitako historia

'Soinujolearen semea' filmak Donostiako Giza Eskubideen XVII. Zinemaldia zabalduko du gaur. Fernando Bernuesek zuzendu du lana, Bernardo Atxagaren eleberria oinarri gisa hartuta. Bideoa albiste barruan.

Filmaren lantaldeak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu zuen, atzo, <em>Soinujolearen semea</em>.
Filmaren lantaldeak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu zuen, atzo, Soinujolearen semea. JON URBE / FOKU

Mikel Lizarralde -

2019ko apirilak 5

Soinujolearen semea eleberria idazten bukatu berritan ikusitako irudi batek balio izan zion Bernardo Atxagari nobelan bertan kontatzen dena irudikatzeko. «Sestaon nintzen, eta ikusi nuen nola etxe bat bota zuten altzairuzko bola ikaragarri batekin. Deigarria egin zitzaidan barruan ikustea sukaldea zena dena mugitua, mahaia beste toki batean, azulejua pitzatua... Gure lurralde honetan azken ehun urte hauetan gertatu dena hori izan da. Etxe barrukoa mugitu du. Gogorkeriak, zapalketak, indarkeriak... eragin dute gure barruetan: familietan, lagun artean, kaleko bizitza xumean...». Libururako balio zuen metafora indartu egin du, Atxagaren iritziz, Fernando Bernuesek eleberrian oinarrituta zuzendutako filmak: «Pelikulak areagotu egin du mezu hori, eta bihurtu du gai asko zituen nobela bat bi lagunen arteko harreman baten kontaketa. Barrutasuna areagotu du». Atxagak 2003an argitaratu zuen Soinujolearen semea, eta ia hamasei urte geroago iritsiko da zinemara haren egokitzapena. Giza Eskubideen XVII. Zinemaldia zabalduko du gaur, Donostian, eta gaur zortzitik aurrera, berriz, zinema areto komertzialetan ikusi ahalko da.

Soinujolearen semea-k David eta Joseba lagunen arteko istorioa kontatzen du, hasi haurrak zirela eta buka berriro elkartuko direnean, David Kaliforniako bere arrantxoan hilzorian dagoela. Bi garaien artean, bi lagunengan eta baita beren arteko harremanean bete-betean eragingo duten hainbat gertaera: Daviden aitak —izenburuko soinu joleak— 36ko gerran jokatu zuen salatari rola, ETAn militatzea, traizio salaketa... «Bi lagunen arteko istoriora lotzen saiatu naiz», aitortu zuen Bernuesek atzo, filmaren aurkezpenean, jakinda eleberriak «adar eta bide asko» dituela: «Baina erabaki genuen bi gizonen arteko adiskidetasun istorioak ardaztu behar zuela filma. Eta uste dut, Bernardok egin duen metaforari berriro lotuz, bi lagun hauen haurtzaro eta gaztaro idilikoa astintzen duten altzairuzko hainbat bola daudela istorioan».

Lehen kolpea, Bernuesen iritziz, aitaren iragan kolaborazionista ezagutuko duenean jasoko du Davidek. «Hori kolpe pertsonal oso handia izango da beretzat, eta ez du inoiz gaindituko». Lubis lagunaren hilketak ere eragin handia izango du Davidengan. «Hortik aurrera, kolpe latzen gainean joango da osatuz istorioa. Davidek erabakiko du bere lagunari ihes egiten laguntzea, eta horrek ezinbestean eramango du ETAn militatzen hasteko pausoa ematera».

Istorioa denboran luzatzen denez, hainbat aktorek jokatu dituzte pertsonaia nagusien rolak, denboraren igarotze hori bera irudikatzeko. Cristian Merchanek gorpuztu du gaztetan David, eta Aitor Beltranek helduaroan; eta Joseba, berriz, Bingen Elortzak eta Iñaki Rikartek. Daviden aita da Joseba Apaolaza, eta ama, Mireia Gabilondo. Ez da lan berria izan beretzat; izan ere, aktore taldeko beste askok bezala, parte hartu zuen Bernuesek nobelan oinarrituta oholtzara eraman zuen antzezlanean ere: «Sekulako lana egin genuen antzerkira eramateko», aitortu zuen Gabilondok: «Hainbeste istorio kontatzen dituen nobela bat antzerkira eramatea oso zaila da, eta uste dut pelikularekin pauso bat eman dugula aurrera». Bere pertsonaiaz galdetuta, «kolpeak, danbatekoak», isiltasunean gordetzen dituen ama gisa definitu zuen. «Gizona baldin bazara, kanpora irtetean baduzu baten batekin hitz egiterik, bizi izandakoa konpartitzerik. Baina emakumeen kasuan barruan gelditzen da hori».

Erantzun bat ematea

Euskal Herriaren iragan hurbila du ardatz filmak, eta iragan hori «halabeharrez» itzultzen da, Bernuesek adierazi zuenez. «Nahiz eta bi lagunen artean hogei urte iraun duen isilaldi bat egon, ez du zentzurik lurra bota eta hor ez arakatzeak». Horri lotuta, iragan hori bizitzeko moduak hamaika izan dira, Atxagaren iritziz: «Denok bizi ditugu modu ezberdinean gertatu direnak, gertatzen direnak eta gertatuko direnak. Esperientzia partikularrak mugagabeak dira. Eta norbait liburu bat irakurtzen edo film bat ikusten ari denean, hori bera irakurtzen du bere egoera propiotik. Batzuetan hunkituko da; besteetan, haserretu. Baina erantzun bat emango du. Hori da liburu batek, pelikula batek, daukaten gauza ederra: erreakzionatzeko aukera ematen dute».

Euskal Herrian azken mende laurdenean gertatutakoari buruz kontakizun bakarra egitea ezinezkoa dela uste baitu Bernuesek: «Baina ezinezkoa da kontakizun bakarra edozein gertaeraren aurrean ere. Norberaren esperientziak eta bizipenek blaitzen dute begirada beti». Nolanahi ere, aitortu zuen film bat egiteak begiraden aniztasuna zabaltzeko aukera ere badakarrela: «Gertaera huts eta soil bera ehun ikuspuntutatik konta daiteke».

Filma Abrak eta Tentazioak ekoitzi dute, eta Huelvako (Espainia) zinema jaialdian aurkeztu zuten aurrenekoz, iazko azaroan. Han izandako harrerarekin «ezusteko polita» izan zuen Bernuesek. «Sloganen, zuri eta beltzen mundu honetan, ñabardura ugari dituen film bat indarkeriarekiko epeltzat har zitekeen. Baina ez, oso harrera ona izan zuen, eta uste dut ulertu zituztela bi gazte horien mekanismoak».

Alde horretatik, Atxagak gaineratu zuen «estereotipoak» ez duela balio pertsonaiak gertutik marraztean, «ez bada propagandazko literatura egin nahi. Eta film hau estereotipotik oso urrun dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna