Liburuaren sektoreak «akordio iraunkorrak» eskatu dizkie instituzioei

Kultura erdigunean jarri eta liburuaren kate osora helduko diren neurriak eskatu dituzte Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Editargik eta Galtzagorrik: «Ataka larrian gara»

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Kultura galtzen badugu, galtzen duguna ez dugu berreskuratzen. Euskararen normalizaziorako tresna bat izan dena heriotzatik hurbil geratzeko arriskua dago, eta ez da esajeratzea». Karlos Del Olmo EIZIEko lehendakariak esan zituen hitzok atzo, baina tonu horrek bildu zuen, oro har, euskal liburugintzaren sektoreko ordezkariekegindako agerraldia. Abiapuntutik azaldu zuten:COVID-19ak sortu duen salbuespen egoerak larriagotu egin du kulturaren eta liburugintzaren industria, eta bost elkarteek bat egin dute eskakizun zehatzak manifestu batean batzeko: diru laguntzez harago, baliabide eta inbertsio bideak adostu daitezen eskatzeko. Del Olmorekin batera, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Pello Eltzaburu Editargiko kidea, Larraitz Orkolaga Galtzagorri Elkarteko idazkaria eta Joxemari Sors Euskal Editoreen Elkarteko presidentea izan ziren agerraldian, bost elkarte sinatzaileetako ordezkariak. Sors: «Instituzioena izango da erabakia, baina eskatzen dugu entzunak izatea, eta guk ere [erabakietan] parte hartzea».

Sektorearen kezka ez da berria. Koronabirusaren krisiak, baina, aurretik zegoen egoera larria «lehertu» egin duela aipatu zuen Ubedak, eta kultura eta hizkuntza erdigunean jartzeko premia azpimarratu zuen: «Industria laguntzen da, toki berera eramanez denon baliabideak. Eta esaten zaigu kultura lagundu egin behar dela. Baina niri hitz paternalistak iruditzen zaizkit: kultura ez da lagundu behar industriaren soberakinak emanez. Ez da lana definitzen gaituena, kultura da; eta hura erdian jarriz egin behar da beste guztia». Sorsek erantsi zuen diru laguntzen bidez iritsi dela euskal kultura egun dagoen lekura, eta, hori eskertu bazuen ere, adierazi zuen ez dela nahikoa: «Laguntzak ondo etorriak izan dira, baina argi geratu da ez direla aski. Behar da beste pauso bat eman, eta ez utzi alderdi politiko edo norbanakoen ikuspegiaren arabera erabakitzen, herri beharren arabera baizik».

Halaber, elkarteetako ordezkariek nabarmendu zuten Euskal Herriaren zatiketa administratiboen gainetik jarduteko asmoa dutela, eta eskakizunak lekuan lekuko errealitatera egokitzea dela asmoa. Eltzaburu: «Euskararen ekosistema txikia da tamainan, baina anitza errealitatean; eta berdin laguntzetan». Gogora ekarri zuen, esaterako, Nafarroan ez dagoela euskarazko liburuari zuzendutako politika jakinik. «Manifestuak hainbat errealitate jasotzen ditu. Gero, tokian-tokian joango gara eztabaidatzen».

Pausoetan lehena

Atzo plazaratu zuen idatzia «lehen pausotzat» jo du sektoreak, baina izango dira gehiago, «euskal gizartearen kudeaketa administratiboan erantzukizuna duten alderdi, politikari, hautetsi eta erakundeekin» biltzeko asmoairagarri baitute. Aurrerantzean batera jardutearen garrantziaz aritu zen Ubeda: «Elkarteen arteko elkartasun hau ere sendotu nahi dugu, elkarrekin indar handiagoa egiten ahalegindu».

Bi multzotan atondu dituzte sektorea berpiztera zuzendutako neurriak. Sortzaileei zuzendutakoak bildu dituzte lehenengoan; hots, idazle, itzultzaile, ilustratzaile, kontalari eta besteri bideratuak. Baina liburuaren kate osoa izan dute gogoan eskakizunak pentsatzerakoan, eta kate hori osatzen duten enpresa eta autonomoak (argitaletxeak, liburu dendak, banatzaileak) bultzatzeko neurriak bildu dituzte bigarren multzoan.

Idatziak gogora dakar euskal liburuaren sektorea «kultura hegemonikoen» ondoan bizi dela, eta irmo ohartarazten du: beste kultura horiekin bizitzekotan, euskararenak «baliabide eta inbertsio» gehiago beharko ditu. «Ez da nahikoa nola hala eustearekin. Asimilazio prozesu batean ez erortzeko modu bakarra gurea balioestea, sustatzea eta funtzional bihurtzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.