Abestia, sortzaileak xehatuta

Musikariak Ikastetxeetan egitasmoari esker, 30 musikarik beren sorkuntza prozesua azalduko diete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat ikasleri. Nafarroan«arrakasta» izan ostean abiatu du Jaurlaritzak

Gotzon Barandiaran koordinatzailea, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Mikel Inuntziaga Inun, egitasmoaren aurkezpenean. GARAZI VELASCO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Emaitza jasotzen dugu normalean, baina ez gara ohartzen izaten zenbat ordu ematen dituen musikari batek kantak sortzen». Ezagutza hori ikasleengana hurbiltzeko, 2018an Musikariak Ikastetxeetan egitasmoa sortu eta koordinatu zuen Gotzon Barandiaranek Nafarroan, beste eragile batzuekin batera, eta, orain, Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara hedatzea erabaki du. DBH 3. eta 4. mailetako eta batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleekin hasiko dira. Musikariek sorkuntza prozesuaren nondik norakoak aletu, beren ibilbideaz hitz egin eta kantaren bat edo beste joko dute, 40 ikasleko taldetan.

92 saio aurreikusi ditu Jaurlaritzak ikasturte honetarako —13 egingo dituzte Araban; 48, Bizkaian; eta 31, berriz, Gipuzkoan—, eta aurrerantzean ikastetxe guztietara hedatzeko asmoa dute, Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak iragarri duenez. Printzipioz, saio bakoitzak 90 minutuko iraupena izango du, nahiz eta, Barandiaranek esan duenez, pandemia egoeraren ondorioz, ikastetxe batzuek saioak moztea erabaki dezaketen. Hitzak nola aukeratu edota melodiak nola sortzen dituzten esplikatuko dute musikariek, eta, egoera epidemiologikoa hobetzen denean, azalpenok praktikan jarri ahal izango dituzte ikasleekin batera kantaren bat sortzen.

«Musikaren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzea» ere baditu jomuga egitasmoak, sailburuordearen arabera. «Hezkuntza formalean beste estilo bat ireki nahi dugu». Diziplina artistiko hori hautatu dute «ikerketen arabera gazteek euskaraz gehien kontsumitzen duten kultur adierazpena» izateagatik, Pedrosak azpimarratu duenez. Barandiaranen hitzetan, «sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko modu askotako bat» da musika, eta, hori hala izanda, «sorkuntzan heztea» du helburu orobat egitasmoak. Halaber, sailburuordeak nabarmendu duenez, musikak biltzen dituen balioak—«errespetua», kasurako— ikasleengan sustatzeko tresna ere izan dadin nahi dute; hots, «helburu hezitzailea» ere badu, Pedrosaren ustez.

Orotara, hainbat belaunalditako 30 musikari aktibok hartuko dute parte egitasmoan, «20 gizonek eta 10 emakumek», Barandiaranek zehaztu duenez. Besteak beste, La Basu, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Maite Larburu, Mikel Urdangarin, Olatz Salvador, Rafa Rueda, Thierry Biskari eta Zuriñe Hidalgo ikusteko aukera izango dute ikasleek. «Askotariko estiloak» biltzen dituzten sortzaileak direla azpimarratu du Pedrosak, eta Barandiaranek nabarmendu du Euskal Herriko hainbat tokitako musikariak egoteak zer ekarpen egiten dien ikasleei: «Batua oinarri izanda ere, euskararen aniztasuna eta aberastasuna jasotzen ditu egitasmoak».

Nafarroan izandako harrera aintzat hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere «arrakasta» izango duela uste dute bai Pedrosak, bai Barandiaranek. «Nafarroakoaz balorazio izugarri ona egin dugu; harrituta gaude izan duen harrerarekin, ikasleei zein irakasleei dagokienez», azaldu du Barandiaranek. Are, «arrakastatsuago» izan beharko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, parte hartuko duten musikariek hiru ikasturte baitaramatzate saioak eskaintzen, koordinatzaileak dioenez.

Ondarearen transmisioa

Musikarien bisita eskaintzeaz gain, aldez aurreko lanketa bat ere proposatzen die egitasmoak ikastetxeei. Euskal kantagintza berriaren sorrera, folkaren loraldia, euskal rock erradikala eta XXI. mendeko kantagintza jorratuko dituzte, besteak beste. Hala, musikaria joaten zaienerako, «1950eko hamarkadatik gaur egunera arteko euskal kantagintzaren irudi integral bat» izango dute ikasleek, Barandiaranek azaldu duenez. Tradizioa ezagutaraztearekin batera, «berpiztu» egin nahi dute, Pedrosaren arabera: «Ondare hori berreskuratu nahi dugu, baita eremu ez-formalean ere. Garai honetako musikarien bitartez, eskolatik abiatuta gizartera egingo dugu transmisio hori».

Izan ere, sortzaileak «katebegia» dira, Barandiaranek dioenez, eta hala adieraziko diete haiek ere ikasleei: «Lehen, horiek egin zuten; orain, gu ari gara; eta, bihar, zuek izan zaitezkete». Mezua pizgarria izan zaie Nafarroako saioetan parte hartu zuten ikasle batzuei, «sortzeko grina azaleratu» zitzaiela igarri baitzuten egitasmokoek, koordinatzaileak azpimarratu duenez. Egitasmoari esker, musikariak «ispilu» bilakatzen dira haientzat, batez ere emakumeentzat, dioenez. «Ezagutza gutxi dago euskal musikarekiko, eta are gutxiago emakumeek egiten duten euskal musikarekiko. Ikasgelan emakume musikari bat egotea pizgarri bat da emakumeentzat».

Musikariek duten eredu izaera ukatu gabe, musikan aritzeko intentzioa ez dutenentzat ere baliagarria dela adierazi du Mikel Inuntziaga Inun musikari eta parte hartzaileak: «Egitasmoak ez ditu soilik euskara eta euskal musika sustatzen. Sormena transbertsala da: denok daukagu sortzailea barruan, sortu eta bakoitzaren koloreekin esperimentatzeko ar hori. Ekinbideak ez ditu bakarrik musikari hobeak ekarriko: herritar hobeak ekarriko ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.