Azken urratsa egiteko gogoz

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala azaroaren 28an izango da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Estitxu Arozena Albizuk jantziko dio txapela irabazleari. Zortzi finalistek agerraldia egin dute

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatuko duten zortzi bertsolariak, atzo, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Helmugara iristear da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Izaban hasi zuen bidea, urrian, eta Tafallatik, Zangozatik, Doneztebetik, Altsasutik, Berriozartik eta Leitzatik igaro ondoren, azken geltokira iritsiko da hilaren 28an. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egingo dute finala, eta, amaierako urratsa egin aurretik, han elkartu ziren zortzi finalistak atzo, Bertsozale Elkarteko ordezkariekin batera.

Kantuan arituko dira Eneko Fernandez (Lesaka, 1977), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Josu Sanjurjo (Lesaka, 1993), Julio Soto (Iruñea, 1987), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991), Xabat Illarregi (Leitza, 2001) eta Xabier Silveira (Lesaka, 1976). Haietako bati jantziko dio txapela Estitxu Arozena Albizuk (Mutriku, Gipuzkoa, 1975).

«Bultzada eta aldarri»: aurtengo txapelketa hori izatea nahi zuten antolatzaileek, eta asmo berarekin helduko dira finalera, Alaitz Rekondo Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazi duenez: «Izan dadila bultzada eta aldarri, bertsogintzaren eta kulturaren defentsan». Zehaztu duenez, bi hilabeteotan 1.600 lagunek egin dute bat egitasmoarekin. «Nafarroako bertsolaritza sendo, osasuntsu eta aniztasunez agertu da plazara».

Finalean arituko diren bertsolarien artean, bi lehen aldiz izango dira final batean: Sanjurjo eta Alkaiza. Final gehienetan aritutakoa Silveira da, hamaseigarrena izango baitu; Sotok, hamargarrena; Lazkozek, zazpigarrena; Fernandezek, bosgarrena; eta Joanes eta Xabat Illarregik, berriz, bigarrena. Haien artean badira txapela jantzi duten bi bertsolari ere: Soto da egungo txapelduna, eta bost aldiz irabazitakoa da; Silveirak, berriz, zazpi aldiz irabazi du. «Beraz, era guztietako ibilbideak eta kantaerak bilduko dira oholtza berean», laburbildu du Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

Bertsolariak, oro har, saioaz gozatzeko gogoz heldu dira finalera; baina, aldi berean, beren onena emateko asmoz. Alkaiza eta Sanjurjorentzat esperientzia berria da. Alkaiza «ilusio handiz» iritsi da: izan ere, azken hiru txapelketetan finalaren atarian gelditu zen, eta aitortu du «arantzatxoa» bazuela. Behin honaino helduta, ziurtatu du ez duela «txikikeriatan» aritu nahi. Sanjurjok, berriz, onartu du finalerako txartela zuela esan ziotenean «urduri» sentitu zela; orain, ordea, kontzentratzen saiatzen ari da, «denen artean zerbait polita uzteko».

Beste muturrean, esperientzia luzea dutenei dagokienez, Sotok ohartarazi du orain artekoak ez duela askorik balioko finalean, egun horretan «hutsetik» hasiko direlako: «Alanbre gainetik pasatu behar da, eta inoiz baino estuagoa da. Ea orain arte egindakoak laguntzen duen alanbrearen beste aldera iristeko». Bide beretik, Lazkozek esan du esperientzia izateak ez duela errazago egiten, eta aukera aprobetxatzeko modua bertsotan disfrutatzea dela: «Horretan saiatuko gara, bertso bakoitza inoiz kantatu dugun onena izan dadin».

Fernandezentzat finalean egotea egindako lanaren aitortza da: «Denok dakigu zer den finala, eta denok nahi dugu egon oholtza horretan; zorionez, gu gara, eta ea final ederra egiten dugun».

Joanes Illarregik esan du sentsazio onarekin aritu dela orain arte, eta aurreko txapelketan baino gusturago gelditu dela «jarrera eta emozio aldetik». Bera ere «ahalik eta saiorik politena» egiten ahaleginduko da. Xabat Illarregi ere gustura aritu da orain arte txapelketako saioetan, batez ere bigarrenean, eta final polita gera daitekeela uste du. «Baina milagrorik egiterik ez dago», gaineratu du.

Silveirak, berriz, esan du azaltzen zailak diren sentsazioak dituela: «Sentsazio arraroegiak».

Estitxu Arozena Albizuk jantziko dio txapela irabazleari. Txapela irabazi zuen lehen emakumea izan zen, 1995ean, eta, iaz 25 urte bete zirenez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak omenaldia egin nahi zion. Orain, txapela jartzeko aukera emanez, «Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia» eskertu nahi diote.

Osasun neurriei so

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Finalaren eguneko 15:00ak bitarte eskuratu ahal izango dira; gero, Anaitasunako leihatilan izango dira salgai. Egungo osasun egoera zalantzazkoa da, eta, Perezek azaldu duenez, oraingoz ez dakite moldaketarik egin beharko duten; baina ziurtatu du ezartzen dituzten neurriak beteko dituztela, orain arte egin duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.