Geruza ilunak biluziari

Ibil Bedik bere hirugarren diskoa atera du argitara: 'Goldea'. Hamar kantu bildu dituzte, luze «beratu» ondotik. Bihar ekinen diote aurkezpen birari, Iruñean

Ibil bedi taldeko Eder Escalera, Javier Larrañeta, Areta Senosiain, Amets Aranguren eta Ibai Osinaga. ARRIGURI.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Goldeak lurra iraultzeko balio du; lurra harrotzeko eta alferrik diren sustraiak errotik erauzteko. Baina kontua ez da lur hori hustea eta hartan aurrez deus loratu ez balitz bezala uztea, indarberritzea baizik. Berriz izan dadin emankorra. Eta Amets Aranguren musikariak halako tramankulu bat nahi luke kulturan. «Une oro martxan den golde bat, kulturaren biziraupenerako». Eta maite du amets egitea, ameskerian erori gabe. «Uste dut disko hau izan daitekeela nahi nukeen kultur funtzionamenduaren parte». Ibil Bediren disko berriaz ari da: Goldea. Aurreko lanen lur berean erein dute, baina sakonago sartu dute aitzurra, eta, hala, azken emaitza «zikinagoa» da, lokaztuagoa. Bihar aurkeztuko dute, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Ibil Bediren hirugarren diskoa da Goldea, eta hamar kantu bildu dituzte barrenean. Kideen iritziz, 2019an lehenbiziko lana kaleratu zutenetik —Berandu baina garaiz—, boskoteak «eboluzio natural bat» izan du; «trinkotu» ere egin da. Kideak hasierako berberak baitira: Amets Aranguren, Javier Larrañeta, Ibai Osinaga, Areta Senosiain eta Eder Escalera.

Doinu ez hain gardenak

Larrañetaren iritziz, kide bakoitzak hilabeteotan bizi izan duen aldiaren eta, are, taldeak bizi duenaren isla da disko berria. Dioenez, haien lanetan horrela gertatu ohi da beti, baina ez du ukatu isla hori «ilunagoa» dela oraingoan. Bai Larrañetak bai Arangurenek argi dute zerk ekarri duen efektu hori: denbora luzez landu dute abesti bakoitza, baita beratzen utzi ere, eta estudioko lan handia egin —SIMA estudioan (Irunberri, Nafarroa) grabatu dute—.

Ehundura askoko kantak ondu dituzte, eta, akaso, hori da argien ikusten den aldea lan hau aurreko bi diskoekin konparatuz gero; «zikintasuna edo konplexutasuna», kideen iritziz. «Soinua ez da hain gardena, geruzen pilaketagatik. Kantu hauek egin zitezkeen modu biluzian ere, eta, orduan, aurreko diskoetakoen antzekoagoak izanen ziren, baina diferente landu ditugu», azaldu du Arangurenek, eta ñabardura bat gehitu: «Inozentzia galera bat izan da, eta horrek ere badu zerikusia».

Taldeak jatorrian zuen estilotik urruntzeari eta ertzetara joateari buruz, bi kideek zehaztu dute ez dietela beldurrik aldaketei. «Beste leku batera joateak ez digu erreparorik ematen gu eroso bagaude», esan du Arangurenek. Eta berehala berretsi du ideia hori Larrañetak: «Gure gutxieneko bakarra da guri gustatu behar zaigula. Gainera, ez zait iruditzen Ibil Bedik esentzia galdu duenik: lehenengo diskokoa geure soinua zen, eta oraingoa ere bada». Aranguren ados dago: «Anarik esaten du zazpi kantu egiten dakiela, eta disko guztietan egiten dituela zazpi kantu horiek, baina leku diferenteetatik. Gure kantu batzuetan, horrelako zerbait gertatu da».

Sorturikoekin guztiz eroso eta gustura egon diren arte izan dira tinko lanean, eta, bidean, bistara gelditu dira bakoitzaren «obsesioak». «Konturatu naiz taldeko kide bakoitzak duela sakondu nahi duen esparru bat», egin du hausnarketa Arangurenek, eta segituan iradoki du zein litekeen berea: hitzak. Tema horrek eragin handia du haren lan egiteko maneran. Lehenbizi, hitzak; ondotik, musika; eta, gero, inoiz egiten du moldaketa txikiren bat, baina hitzak lehenetsiz beti. «Behin eta berriz ematen dizkiet bueltak esaldiei, mezua forma egoki batean ematea lortu arte», aitortu du. Adibidez, ezin konta ahala itzulinguru eman ondotik erdietsi zuen Armairuarena abestiko esaldietako bat ehuntzea. Kariñoz ahoskatu du: «Ez da duzuna behar duzunik/ duzula jakin nahi duzu, hori bakarrik». Premiei, hutsuneei, oroitzapenei eta minei buruzko mezuak ugariak dira diskoan, oro har. Baita «tristura politei» buruzkoak ere.

Diskoak, hasi eta buka

Grabaketan eta postprodukzioan ordu asko eman izanak ez du esan nahi Goldea sortzeko prozesua hermetikoa izan denik. Izatez, «inondik ere» ez da horrela izan, Larrañetaren iritziz. Gogoan ditu, adibidez, 2022ko irailaren 20an Iruñeko Laba aretoan eginiko entseguan entzuleekin izaniko hartu-emanak, bai eta estudioan jasotako bisitak ere. «Lan kolektiboa izan da», esan du Arangurenek, eta oroitu du, esaterako, egun hartan Laban Irati Majuelok eginiko iruzkin bati tiraka sortu zutela Zitekeenarena kantua, Litekeenarena abestitik tiraka. Bestalde, kolaborazioetako bat nabarmendu dute: Eider Rodriguezek idatzi ditu Erreminarena abestiaren hitzak.

Aurreko lanetan egin bezala, intro modura funtziona dezakeen kantu bat jaso dute diskoan: Goldearena. Franko maite dute bide hori. «Entzulea kokatzeko balio du», zehaztu dute. Gainera, kideek onartu dute sarrera kantu bat egiteak bistara uzten duela oraindik irmo sinesten dutela diskoaren formatuan. Kantuak tantaka eta zoriz argitaratu baino, nahiago dute ongi aztertu nola harilkatu abestiak elkarren artean, zer ordena ezarri, zeinekin hasi eta zeinekin bukatu. Horren defendatzaile sutsua da Larrañeta: «Gustatzen zait disko bat lehenbizikotik azkeneraino entzutea. Autoan, diskotan neurtzen dut Zangozatik Iruñerako bidea».

Bihar oholtzaratuko dute estreinakoz Goldea, Iruñean. Hilaren 27an Donostian ariko dira, Intxaurrondoko kultur etxean; ekainaren 8an, Bilboko Kafe Antzokian. Horiei begira, ohartarazpena egin du Arangurenek: «Publiko kritiko bat nahi nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.