Oscar sariak

Sariak, nomaden lurraldera

'Nomadland'-ek irabazi du film onenaren Oscar saria, eta Chloe Zahok zuzendari onenarena, sarien historiako lehen emakume asiarra izanik. Film beragatik saritu dute Frances McDormand aktorea

CHRIS PIZZELLO / POOL / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak beteta, Nomadland gailendu da 93. Oscar sarietan. Filmik onenaren, zuzendaririk onenaren eta andrazko aktorerik onenaren (Frances McDormand) sariak bildu ditu lanak, eta zinemagintzaren historiara pasatu da horrela Chloe Zhao, zuzendaririk onenaren garaikurra irabazi duen bigarren emakumezko zinemagilea izan baita —Kathryn Bigelow izan zen lehena, 2010ean, The Hurt Locker filmagatik—, eta jatorri asiarreko lehen andrazkoa, Oscar sarien ia mende beteko historian. Pandemiak hala behartuta, ezohiko sari banaketa ekitaldia egin zuten herenegun goizaldean Los Angelesen (AEB).

Fern izeneko emakume bat da Nomadland-eko protagonista, McDormandek gorpuztu duena. Alargun geratu da, eta bere udalerriko enpresa bakarrak ateak ixtean, posta kodea ere galduko du herriak. Furgoneta etxetzat hartuta, errepidera egingo du Fernek, han eta hemen sasoiko lantxoak hartuz: Amazonen biltegian, kanpaleku bateko garbiketa lanetan, sukalde batean, erremolatxa biltzen... Batera eta bestera ibiliko da, eta bera bezala AEBetako paisaia bakartietan barrena alderrai dabiltzan pertsona gehiago ezagutuko ditu bidean; nomaden komunitate oso bat munduko herrialde aberatsenean barrena.

Hain zuzen, beren burua eta bizimodua interpretatu duten aktore ez-profesionalak dira nagusi filmean. «Ezagutu dudan jende guztiarengan ontasuna topatu izan dut beti», adierazi zuen zuzendari txinatar-estatubatuarrak. «Sari hau norberaren eta bestearen ontasunari heltzeko fedea eta ausardia duten horientzat guztientzat da». Jessica Bruderren izen bereko liburua du oinarri filmak, eta kapitalismoari eginiko kritika gisa irakurri dute askok —kritika lausoegia, hala ere, beste askoren ustez—.

Protagonistaren rolean eginiko interpretazioagatik, McDormandek irabazi zuen andrazko aktorerik onenaren saria —Viola Davis (Ma Rainey's Black Bottom), Andra Day (The United States vs. Billie Holiday), Vanessa Kirby (Pieces of a Woman), eta Carey Mulligan (Promising Young Woman) zituen lehiakide—. Zinema aretoen alde egin zuen irabazleak saria jasotzean: «Mesedez, ikus ezazue filma ahalik eta pantailarik handienean. Eta posible denean, eraman areto ilunera ahal bezainbeste jende, esperientzia partekatzera». Hirugarren Oscar saria du aktoreak; Fargo (1996) filmagatik jaso zuen lehena, eta bigarrena, berriz, Three Billboards Outside Ebbing, Missouri lanarengatik, 2017an. Nomadland-en, antzezle ez ezik, ekoizle ere izan da.

Iazko irailean Veneziako zinema jaialdian estreinatu eta Urrezko Lehoia irabazi zuenetik, kritikaren zein publikoaren aitortza eta garaikur ugari pilatuz joan da Nomadland —Bafta sarietan eta Urrezko Globoetan, besteak beste—, eta Oscar sariekin itxi du ibilbide oparo hori.

Hopkinsentzat bigarrena

Steven Soderberghek hartu zuen aurtengo ezohiko ekitaldia diseinatzeko ardura, eta Dolby antzoki az gain, Los Angelesko tren geltokia ere izan zuen egoitza nagusi. Ohikoan baino gonbidatu gutxiago, mahai borobiletan banatuak eta distantziak gordez, horrelako irudiak utzi zituen galak. Berezitasun askoren artetik, beste bat: lehen aldiz, film onenaren saria ez zen banatzen azkena izan, gizonezko aktore onenarena baizik. Askok aipatzen zuten Chadwick Bosemanen izena zeramala garaikur horrek, eta iaz zendutako aktorea Ma Rainey's Black Bottom filmeko lanagatik saritzea hil osteko omenaldi gisakoa izango litzatekeela. Horregatik, neurri batean ezustekoa izan zen Anthony Hopkins beteranoak irabazi izana, baina ez merezimendu faltagatik, oso txalotua izan baita TheFather filmean egindako lanagatik. 83 urterekin lortu du bere bigarren Oscar saria; The Silence of the Lambs filmeko Hannibal Lecterren pertsonaia gogoangarriak eman zion lehena, 1992an. Riz Ahmed (Sound of Metal), Gary Oldman (Mank) eta Steven Yeun (Minari) ere hautagaien artean ziren. Hopkins bera ez zen ekitaldian izan; aitaren hilobira bisita egiteko baliatu zuen igandea, sare sozialetan jakinarazi zuenez. Aktorearenaz gain, egokitutako gidoi onenaren saria ere lortu du The Father-ek —Christopher Hamptonek eta Florian Zeller zuzendariak sinatutakoa—.

Jatorrizko gidoi onenaren saria, berriz, Emerald Fennellek irabazi du, Promising Young Woman filmeko testuagatik. Hamahiru urte ziren ez zela andrazko bat kategoria horretan garaile. Filma zuzentzeagatik ere bazegoen izendatua, eta, hala, Zhaorekin batera, lehen aldiaz izan dira bi andre zuzendari onenaren sarirako hautagai.

Taldeko aktore onenen kategorian, Yuh-Jung Youn(Minari) nagusitu da andrazko antzezleen artean, eta harena izan zen gaueko mintzaldi freskoenetako bat: Brad Pitt aktorearen eskutik saria jasotzean, behingoz bera ezagutzeaz pozten zela esan zion txantxetan —filmeko ekoizleetako bat izan da Pitt—, eta erantsi zuen gehienek bere abizen korearra gaizki ahoskatu arren gau hartan denak «barkatuta» zeudela. Serioago jarrita, zineman aktoreak ez direla lehiatzen esan zuen, eta bere kideen jarduna goraipatu zuen. Gizonezko aktoreen artean, berriz, Daniel Kaluuyak lortu du garaikurra, Judas and the Black Messiah filmean 1960ko urteetan Pantera Beltzak alderdiko kide baten larruan sartuta egindako interpretazioagatik. Filmaren testuinguruari egin zion erreferentzia, eskubide zibilen aldeko borrokari eta egungo protestei: «Baturik egotearen boterea erakutsi ziguten, komunitate bat izaten».

Ez zen gaueko erreferentzia bakarra izan beltzen eskubideen aldeko urteotako borrokari zein azkenaldiko gertaerei. Regina King izan zen lehena Poliziaren indarkeria eta George Floyden hilketa gogora ekartzen. Eta gordin mintzatu zen Travon Free haren ostean, Two Distant Strangers film laburragatik Oscar sariaren irabazlea: «Gaur Poliziak hiru lagun hilko ditu. Eta bihar, beste hiru. Eta etzi, beste hiru. Batez beste, AEBetako Poliziak egunero hiru pertsona hiltzen ditu. Hori 1.000 pertsona dira urtean, eta gehienak beltzak dira». Min horri ezikusiarena ez egiteko eskatu zuen.

'Druk', 'Mank' eta beste

Nazioarteko filmik onenaren sarian ez zen ezustekorik izan: Thomas Vinterberg daniarraren Druk izan zen nagusi. Filmatzen hasi eta gutxira hil zen alabari eskaini zion saria zuzendariak, hunkituta: «Ida, mirari honen parte zara; sari hau zuretzat da», esan zion.

Bestalde, Mank (David Fincher) zen ekitaldira izendapen gehienekin iritsi zen lana —hamar zituen denera—, eta bi lortu ditu azkenean: argazki onenarena (Erik Messerschmidt) eta arte ekoizpenik onenarena (Donald Graham Burt eta Jan Pascale). Aaron Sorkinen The Trial of the Chicago 7 filmak sei izendapen zituen, baina esku hutsik joan da. Soinu banda onenaren saria Trent Reznor, Atticus Ross eta Jon Batistek irabazi dute, Soul-gatik; animaziozko lanik onenarena ere lortu du filmak. Eta bi garaikur lortu ditu Ma Rainey's Black Bottom filmak: jantzirik onenetan (Ann Roth) eta makillaje eta ile apaintzean (Sergio Lopez-Rivera, Mia Neal eta Jamika Wilson).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.