Mugen gainetik, laguntasuna

Philippe Claudelen 'Konpromisoa' obra moldatu du Txalo konpainiak. Donostian emango dute asteburuan
Joseba Apaolaza, Zuhaitz Gurrutxaga eta Ramon Agirre aktoreak dira <em>Konpromisoa</em> obrako protagonistak.
Joseba Apaolaza, Zuhaitz Gurrutxaga eta Ramon Agirre aktoreak dira Konpromisoa obrako protagonistak. TXALO KONPAINIA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2021eko urtarrilak 12

Aspaldiko lagunak dira Tomas eta German, eta horien adiskidetasun krisia da Konpromisoa antzezlanaren ardatz nagusia. «Adiskidetasunaren gorazarre bat da antzezlana», azaldu du Ramon Agirrek. Txalo Produkzioak konpainiaren obra berria da, eta joan den ostiralean Eibarko (Gipuzkoa) Coliseo antzokian estreinatu zuten. Konpainiaren beste hainbat ekoizpenetan bezala —Ene ba!, Rita eta Zoaz pake santuan obretan, esaterako— Begoña Bilbaok bete ditu zuzendari lanak, eta Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak aritu dira haren aginduetara. «Joseba Apaolazaren dohain interpretatiboen berri aspaldidanik nuen, eta Zuhaitz Gurrutxaga oholtzako animalia da; oso ondo konpondu gara», azaldu du Agirrek.

Sinopsia: Tomas sasi-autore bat da —Apaolazak jokatzen du rol hori—; German —Agirre—, berriz, arrakasta handirik gabeko aktorea. Arazo ekonomikoen ondorioz, Germanek bere apartamentua saldu behar du, eta, horretarako, Tomasi laguntza eskatuko dio. Tomasek, izan ere, ez du parekorik zintzo plantak egiten, maila eskaseko idazlanak sortzen dituen arren. Eroslearen —Gurrutxaga— zain dauden bitartean, bi lagunak elkarri mokoka eta adarra jotzen hasiko dira, eta aspalditik gordeta dauzkaten erreminak eta sumindurak mahai gainean jarriko dituzte.

Hala, momentu batetik bestera, egoerak okerrera egingo du, eta eztabaidako punturik gordinenean daudenean harrapatuko ditu bi lagunak etxe erostera datorrenak. «Huskeria bategatik adiskidetasuna eta harreman pertsonalak nola lehertu daitezkeen erakusten da antzezlanean», Agirreren esanetan.

Egokitzapena

Philippe Claudel frantses idazle eta zinemagileak 2019an argitaratu zuen Compromis antzezlanaren moldaketa egin du Txalok. Agirrek nabarmendu duenez, pertsonaien arteko harremanak «jakinduria handiz» aletzen dituen komedia bat da, Yasmina Rezaren testuekin indarra hartu zuen ildokoa.

Aktoreak beraiek arduratu dira egokitzapena egiteaz, eta Martin Agirrek euskaratu du gidoia. «Oso ondo josita» egonik ere, baina, testua «pixka bat» egokitu behar izan dute: «Erritmo apur bat ematearren, pixka bat moztu behar izan dugu, baina gainontzean ez dugu aldaketa handirik egin». Emaitza, aktorearen hitzetan, honakoa: «Komedia interesgarria eta dibertigarria da, ikusleek asko disfrutatuko dute, eta barre egingo dute».

Gizartean puri-purian dauden zenbait gai jorratuko dira obran zehar, azken batean: adiskidetasuna, etika edo elkarrekiko konpromisoa. «Antzerkia bera bizitzaren ispilu denez, denetarik erakutsi behar da; izan ere, ikusleak harrapatzea da garrantzitsuena, eta beraiek obra sentitzea, barre egitea, negar egitea...».

Antzezlanaren izenburuak «esanahi bikoitza» duela ere gaineratu du Agirrek: «Izenburu horrekin, lagunen arteko konpromisoa eta salerosketarako konpromisoaren arteko hitz jokoa egin nahi izan dugu».

Iaztik antzerki mundua ere astindu duen pandemiagatik arazoak egon ahal zirela aurreikusi zutenez, uda aldean ekin zioten Txalokoek antzezlana prestatzeari: «Lehenengo irakurketa abuztu aldera egin genuen, garaiz hasi ginen, eta eskerrak».

Urtarrilaren 3an egin zuten aurrestreinaldia Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian. Eibarko joan den asteko estreinaldiaren ostean, aste bukaera honetan dituzte hurrengo saioak: Donostiako Antzoki Zaharrean, ostiralean eta larunbatean, 19:00etan; eta Erandioko (Bizkaia) Josu Murueta kultur etxean, igandean, ordu berean. Datozen bi asteetan Gipuzkoan arituko dira; Bilboko Arriaga antzokira joango dira otsailaren lehen astean. Datozen hiru hilabeteetan hogeita hamar emanaldi hitzartuta dituzte dagoeneko. Publikoari begira, harrera «oso ona» izatea espero dute, Agirrek azpimarratu duenez: «Jendea zuzenekoen gosez dago; antzerkizaleek zuzenekoak ikustea eta plazer hori sentitzea behar dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Hau deserosotasun baten kronika da»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Barruan sentitzen zuen ekaitza aztertzeari ekin, eta 'Galerna'-z erditu da artista. Bere identitateari eta gizarteari buruz galdezka hasi, eta hamaika galdera berri sortu zaizkio. Tabakaleran ditu ikusgai; liburuan ere eman ditu. Erantzun bila segitzen du.
Mary Shelley idazlea, John Opie artistak ondutako erretratuan. ©BERRIA

Azken gizakia gizakiaren azkenean

Joannes Jauregi

Otsailean 170 urte izango dira Mary Shelley hil zela. 'Frankenstein' du lanik ezagunena, baina, 2021 honetan, merezi du haren beste lan bati ere erreparatzea, lotura garbia baitu 2020tik mundua hartua daukan pandemiarekin.
Weezer izan zen Bilbao BBK Live jaialdiko kartelburua 2019an. Irudian, kontzertu hartako une bat. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Teknologia zaharren rocka

Itziar Ugarte Irizar

Maiatzerako iragarria zuen 'Van Weezer' lanaz gain, Weezer-ek beste disko bat iragarri du asteon: 'Ok Human', pianoan oinarritutako eta tonu orkestralez ondutako hamabi kantukoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna